Udalgintzaren premia

Udalak dira herritarrek gertuen duten administrazio-unitatea, eta, neurri batean, lurralde-antolamenduaren oinarria eta estatuaren lehen unitatea da udalerria. Beren eskumenen baitan, eguneroko bizitzako hainbat alor antolatzen dituzte udal-ordenantzek; hala nola, lurraldea, laguntza- eta gizarte-zerbitzuak, ondasun historikoak, hizkuntza edo kultura.

Bost urte igaro dira GAINDEGIA —Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia— sortu zenetik, eta hasiera-hasieratik izan da udalerria bere behaketa- eta azterketa-lanaren erreferentziazko unitatea, Euskal Herriko lurralde guztietan antzeko ezaugarriak baititu administrazio-unitate horrek. Azken urteotako behaketa-lanaren ondorioz bildu ditugun informazio eta datuek aukera eman digute gure herriko gizartearen eta ekonomiaren egitura ezagutzeko, eta, orobat, egiaztatu dugu 685 udalerrien arazo nagusiak, azpiegiturak, komunikazioak, energia-iturriak eta gizarte-zerbitzuak antzerakoak direla funtsean. Hala ere, garapen ekonomikoak eta sozialak dakartzaten arazoei aurre egiteko moduak nabarmen aldatzen dira udalerriez gaindiko egitura politiko-administratiboen arabera.

Esaterako, Urruñak (Lapurdi), Irunek (Gipuzkoa) eta Berak (Nafarroa Garaia) zailtasunak dituzte gizarte- eta osasun-azpiegiturak eta -zerbitzuak elkarbanatzeko. Hondarribiko eta Angelu-Miarritzeko aireportuek milioi eta berrehun mila bidaiari hartzen dituzte urtean (Hondarribikoak 300.000 eta Angelu-Miarritzekoak 900.000), eta, bien artean 30 kilometro baino ez badaude ere, ez dago plangintza komunik lurralde-eremu txiki horretarako. Adibide gehiago ere jar ditzakegu, elkarrengandik gertu dauden herriek arazo komunak kudeatu eta konpontzeko dituzten zailtasunen berri emateko: Ermua eta Eibar, Laudio eta Arrigorriaga, etab.

Udalerriek elkarrekin lan egin ohi dute, konpartitzen dituzten baliabideak arrazoizko modu batean kudeatzeko eta izan ditzaketen arazo komunei irtenbideak emateko. Normala da horrela jokatzea, eta, sarritan, behar-beharrezkoa. Hala ere, maiz, udalaz gaindiko erakundeek (diputazioek, erkidegoetako eta eskualdeetako gobernuek eta estatuetako erakundeek) mugatu egiten dute udalerrien jardun-gaitasuna. Agerikoa da herri-administrazioek elkarren arteko harremanak izan eta landu behar dituztela, ezin da bestelakorik esan, baina, hori horrela izanda ere, ez da arrazoizkoa estatuek udal-jarduerak eragoztea.

Euskal Herriko udalerriak eraldaketa sozial eta politikorako eragileak dira eta izan dira; esaterako, hor dugu Lizarran 1931n egin zen udalerrien batzarra, Bergaran 1976an osatu zen alkateen taldea edo Udalbiltza bera, 1999an eratua, Euskal Herria egituratzeko aukera parte-hartzaile berriak proposatu izan dituztenak. Udalbiltzaren aurkako prozesua, hain justu, euskal udalgintzaren aurkako prozesua da. Ez zen ETA izan Lizarrako batzarra proposatu eta sustatu zuena, garai hartan ez baitzen existitzen; ez zuen ETAk sustatu alkateek 1976an sortu zuten taldea; eta ez da ETA izan Udalbiltzaren sustatzailea. Udalbiltzaren aurkako prozesuan, Euskal Herriko udalek lankidetzan aritzeko eta udalaz gaindiko erakunde propioak eratzeko duten ahalmena dago auzian. Ez besterik.

Horren guztiaren aurrean, Gaindegiaren urteko ohiko batzarrean, elkartasuna adierazten diegu Udalbiltza prozesuan auzipetuta dauden pertsonei (horietako batzuk Gaindegiako bazkide dira), eta bat egiten dugu guztiak absolbitzeko eskaerarekin. Udalerriak oinarrizko administrazio unitateak direla deritzogu, ezinbestekoak krisia gainditzen laguntzeko eta gobernu-modu orekatu eta gertukoak artikulatzeko. Euskal udalerriek elkartzeko eta Euskal Herria garatu eta eratzeko dituzten ahalmenak eta eskumenak babestu nahi ditugu.

Xabier Isasi Balanzategi
Gaindegiako Lehendakaria