Ipar EHren erronkak (Gaindegiaren Zuzendaritza Batzordea)

Xabier Isasik, Gaindegiako lehendakariak, bere Zuzendaritza Batzordearen izenean Ipar Euskal Herriaren erronkak izeneko dokumentua sinatzen du.

Bertan, Ipar Euskal Herriaren inguruan azpimarratu beharreko gaiak adierazten dira, Gaindegiaren aburuz.

IPAR EUSKAL HERRIAREN ERRONKAK

Sar hitza

Gaindegiara biltzen garen pertsonok ekonomia eta gizarteko arlo desberdinetatik gatoz, euskal lurralde orotakoak gara eta gure Herriaren geroari arretaz begiratzen diogu. Izan ere, badakigu jakin gure Herriak, gaur egungo nazioarteko plazan duintasun handiz bizirauteko oinarri ezin hobeak dituela, baldin eta eragileen arteko lankidetza eta ahalik eta kohesio mailarik handiena bilatuz jokatzen baldin badugu.

Mundu mailan gertatzen ari diren aldaketa ekonomikoek nahiz Europako Batasunaren bilakaerak erantzun beharreko hamaika galdera paratzen dizkigute eragile sozial eta ekonomikooi. Euskal Herriko eragile ekonomiko eta sozialen artean bada erronka horiei erantzuteko grinarik, baina oraindik bide luzea dugu egiteko gure herriaren luze-zabalean bizi ditugun askotariko errealitateei behar bezala erantzuteko.

Gaindegiak arreta eta interes biziz jarraitzen ditu Ipar Euskal Herrian erronka horiei erantzuteko egiten ari diren ahaleginak. Interes horrek bultzatuta egungo egoerari ikusten dizkiogun zenbait ezaugarri azpimarratzera gatoz gogoeta saio honen bitartez.

Aintzat hartzekoak

Euskal Herria garapen jasangarriko unitatea. Mundializazioak eta Europako Batasun prozesuak gero eta beharrezkoago egiten dute Ipar eta Hego Euskal Herriak elkarrekin erantzutea aurrean ditugun erronka ekonomiko eta sozialei. Euskal lurraldeen arteko lankidetza Euskal Herriaren garapenerako zutarria da. Europan mugaz gaineko harremanak indar bereziz sustatzen diren honetan euskaldunak elkarlan horren txapeldun izan gaitezke.

Garapen jasangarriaren ildotik eragile sozialek eginkizun ordezkaezina dute. Proiektu eta dinamika berriak eraikitzeko lanean eragile sozialak izan behar dute protagonista naturalak. Gure lurraldearen aberastasuna bere eragile sozial eta ekonomikoak eta hauen lana dira. Nekez izango genituzke gaur egun euskarazko irakaskuntza sare zabala edo mugimendu kooperatibo indartsua gure arbasoek aldez aurretik ahalegin sendo eta iraunkor bat egin izan ez balute. Ikuspegi horretatik diogu, Ipar Euskal Herriak dituen erronkei erantzuteko bertako eragile sozio-ekonomikoen dinamismoa, konpromisoa eta inplikazioa beharrezkoak direla.

Ipar Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartuko duen instituzionalizazioa behar da bertako gaiak modu eraginkorrean kudeatu ahal izateko. Ekonomia suspertuko duen politika berriak abian jartzeko, edo bertako proiektuek eskatzen duten formazio sarea sortu ahal izateko gaur egungoa baino instituzionalizazio gradu handiagoa behar da. Hego Euskal Herriko instituzioekin parez-pare elkarlanean aritzeak ere eskatzen du instituzionalizazio gradu handiagoa.

Kezkatzekoak diren gaiak

  1. Ipar Euskal Herriko gazteen ihesa. 1982 eta 1999 bitartean, 47.000 lagun joan ziren Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereatik. Jasangarria izan nahi duen gizarte proiektu batek ezin onar dezake horrelako gazteen emigrazio tasarik. Gazteak bere herrian formatu, lan egin eta bizitzeko bide egokiak behar ditu. Bertan bizitzeko eta lan egiteko bideak bilatu behar dira, bertako identitateari eutsi edo sare soziala trinkotzeko modu bakarra da. Jasangarritasunaren izenean bertako populuari bere lurraldean bertan eskaini behar zaio alternatiba.

  2. Mugaren eragina. Aduanak desagertu arren, muga ugari dago indarrean Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herriaren artean. Muga kulturalek, administratiboek, ekonomikoek, azpiegituretakoek, psikologikoek... zaildu egiten dute hainbat arazori eman dakiokeen erantzuna. Muga fisikoa desagertzen ari den garaian bestelako mugak indartsu irauten dute eta hori guztia gure barne kohesioaren kaltetan dator.
  3. Ezinbestekoa da eragile sozial, ekonomiko nahiz instituzionalek, mugaren alde batekoek zein bestekoek elkarlan bide berriak zabaltzea. Horretarako, borondate sendoa eta konpromiso zehatzak behar dira, elkarlana eskatzen duten gaiak ez dira falta.

  4. Kohesio falta. Lapurdiko kostaldea izugarri azkar ari da hazten. Lurraldeari dagokionez bertan biltzen dira biztanle, zerbitzu eta jarduera ekonomiko ia guztiak. Bitartean barnealdea husten ari da eta zenbait kasutan lotarako auzo bihurtzen ari da. Beraz, kaltetutako eremuak bertako populazioa galtzen ari dira eta zenbait gainpopulatutako eremuetako etorkinak hartzen ari dira. Gaur egun Lapurdik duen biztanle dentsitatea (266,2 biztanle/km2) Zuberoak (21,8 biztanle/km2) eta Nafarroa Behereak (19,0 biztanle/km2) dutena baino askoz handiagoa da.
  5. Euskararen gainbehera herritarren artean. Ipar Euskal Herrian euskarak ez du ofizialtasunik eta atzerakada larria bizi du. Euskara, bateko eta besteko euskal herritarren arteko komunikazio tresna dena, galbidean egoteak komunikazioa zailtzen du eta gure komunitatearen kohesioa eragozten. Euskaldun kopuruak emendatu eta euskararen erabilera sustatzea da gure barne kohesioa indartzeko bide nagusia.
  6. Geroari begira. Ardura handiz begiratzen diogu etorkizun hurbilari. Aurretik aipatu ditugun arazo eta gabeziak gainditzeko bide luzea egin behar du Ipar Euskal Herriak eta erronka berriak berehala iritsiko dira. Horien artean eskualdeen arteko lehiari lotutako erronkak azpimarratu nahi genituzke bereziki. Ezinbestekoa da Ipar Euskal Herriak bere gaitasunak biderkatzea lehia horretan leku duin bat hartu ahal izateko.
  7. Azken hitza

    Euskal Herriak oinarri jasangarria duen garapen sozial eta ekonomikoa egiteko ezaugarri oso egokiak ditu. Egoki jokatuz gero Euskal Herria garapen jasangarrirako unitate izatera hel daiteke eta erreferentzia propioa eskuratu Europako Batasuna eta Mundu mailan. Horretarako, ordea, gure aukera guztiez baliatu behar. Herri gisa jokatzen asmatzea da gakoa, kohesio maila handituz, lurralde eta eragile desberdinen arteko elkarlanean sakonduz. Etorkizunak ahalegin hori eskatzen digu.

    Xabier Isasi, Gaindegiako lehendakaria bere Zuzendaritza Batzordearen izenean.
    2006eko azaroa