Skip to main content

Ugalkortasun apala du Euskal Herriak

Aurreko bi hamarkadei so eginez gero biztanleriaren saldo naturalaren joera aldaketa nabarmena da: 2001ean jaiotzen eta heriotzen artean urria zen aldea, hil zirenak baino 35 pertsona gehiago jaio ziren. 2008an, heriotzak baino 3.419 gehiago izatera iritsi ziren jaiotzak. Hamar urteren buruan, aldiz, azken urteetako joera aldatu eta 2018 urtean jaiotzak baino 6.942 heriotza gehiago izan dira. Izan ere, 2013 urteaz geroztik Euskal Herriak berezko hazkunde demografiko negatiboa dauka, eta etorkin berriengatik ez balitz, gero eta gutxiago litzateke euskal herritarren kopurua.

2018 urtean 24.181 jaiotza izan dira Euskal Herrian; milurteko hasieratik erregistraturiko kopuru txikiena da hori. Beste era batera esanda, Euskal Herrian 37 haur jaio dira haurrak izateko adinean diren mila emakumeko (2018): Ipar EHn 43, Hego EHn 36. Bada bi lurraldeen arteko aldea. Arrazoiak anitzak izan daitezke, baina familia/seme-alabei bideratutako gizarte babeseko gastua Ipar EHn Hego EHkoaren hirukoitza izateak eragina du. Bestalde, Hegoaldean gazteen prekaritatea denboran luzeagoa da, beranduago iristen dira emantzipaziora, luzeagoak dira lanaldiak…INEren 2018ko Ugalkortasun inkestaren arabera, Hego Euskal Herriko emakumeen artean hurrengoak dira seme-alabarik ez izateko arrazoi nagusiak:

  • 63.000k familia eta lana uztartzeko ezintasuna
  • 60.000k bikote egoki falta
  • 47.000k arrazoi ekonomikoak
  • 41.000k osasun arrazoiak
  • 44.000k haurrik izan nahi ez izatea.

Ugalkortasun handieneko hamabost eskualdeen artean, bederatzi Ipar EHkoak dira. Azken hamarkadan ugalkortasuna joeraz apaldu da eskualde gehienetan, nabarmenki Iholdi Oztibarren, Argako haranetan, Arabako Ibarretan edota Mendialdean. Bestelako joera izan dute Errobi Aturrik, Amikuzek, Pirinioek edo Gernika-Bermeok. Nolanahi ere, soilik zazpi eskualdetan jaiotza kopurua heriotzena baino handiagoa da: Iruñerrian, Arabako Lautadan, Errobi Aturrin, Urola-Kostaldean, Hazparneko lurraldean, Plentzia-Mungian eta Trebiñun.