Joan den martxoaren 31n, larunbatarekin, euskal herrialde desberdinetako 30 eragile ekonomiko eta sozial bildu ziren Bidarraiko Herriko Etxean.
Zazpiak Bat Harreman Sarea elkarteak sustatutako bilkura izan zen. Sare honen xedea euskal eragile ekonomiko eta sozialen arteko harremanak sustatzea da, mugaz gaindiko harreman profesional eta sozialak batez ere.
Bildutakoak laborariak, baserritarrak, industriako zein zerbitzuetako enpresariak, eta denak euskaldunak, izan ziren. Denak bat etorri ziren elkarren arteko ezagumendua sustatu behar dela esaterakoan, horrek merkatal harremanak zein sozialak erraztuko dituelakoan. Sektore desberdinetakoak izanagatik garrantzitsu jo zuten lurralde eta sektore desberdinetako beharrak zein aukerak ezagutzea. Ezagumendu horren ezean, lurralde arteko harremana itsumustuan ibiltzea izan liteke.
Taldeetan eztabaidatutakoa komunean ipinita, ondorioak utzi zituen:
- Eragileen arteko harreman ekonomiko zein sozialak bideratzeko Iparralde eta Hegoalderen arteko mugak ezartzen dituen oztopoak aztertu behar dira.
- Aztertu behar da, halaber, mugaren eragin kaltegarria saihesteko modua zein izan daitekeen.
- Harreman sare profesional eta sozial sortu behar dira, Internetek eskaintzen dituen aukerak baliatuz, batez ere.
- Lurralde arteko lan-poltsa komun bat eraiki behar da.
- Gazteen formazioa sustatu behar da (IKT-etan batez ere) , Euskal Herrian bizi eta lan egin ahal dezaten.
- Euskara da egun herri ikuspegiz jarduten dutenen arteko lotura nagusia. Estatuetako hizkuntzak ezagutzea ere garrantzitsua da, espainola eta frantsesa.
Aipatutakoaz gain, hitzordu honetan aipagai izan ziren energia berriztagarriak, elikadura burujabetasuna eta goi-mailako hezkuntza.
Partaide guztiak engaiatu ziren aipatu lan ildoren bat sustatzeko eta proiekturen bat abian jartzeko. arazoetan lan egiteko. Datorren urtean antzeko bilkura egingo da aurrerapenak aztertzeko.
Xabier Isasi