Kanpo merkataritza Euskal Herrian: krisiari aurre egiteko aukera paregabea

Artikulu honek labur aztertuko ditu Euskal Herriaren esportazio-ahalmen eta -jarduerak, eta, horrekin batera, gure enpresen esportazio-jarduerek egiten duten ekarpena baloratuko du, eskura ditugun azken datuen bilakaerari erreparatuta.

Horrez gain, esportazioak hobetzeko elementu batzuk proposatuko ditu, merkatuen dibertsifikazioaren eta prestakuntzaren jardun-alorretan.

Munduak zer-nolako egoera ekonomikoa bizi duen ikusita eta produkzio-sektorearen arazorik handiena eskari-krisia dela aintzat hartuta, ezinbestekoa da, eta ez beharrizan soila, merkatu eta negozio-aukera berriak bilatzea.

1) ESPORTAZIO-JARDUNA HOBE DEZAKETEN ELEMENTUAK

a) MERKATU ETA NEGOZIO-AUKERA BERRIAK BILATZEA

Non bilatzen hasi jakiteko, derrigorrean irakurri beharreko lana dugu Eusko Jaurlaritzak, lehentasunez zer herrialdetan jardun behar den aztertzeko, 2011n prestatu zuen txosten mardula.

Agiri horrek luze eta zabal aztertzen ditu euskal esportazioak eta gure enpresentzat interesgarriak izan daitezkeen herrialdeak adierazten ditu. Txostenaren amaieran, hautatutako herrialde bakoitzari buruzko datuak banakatzen dira, eta, besteak beste, haietan izan daitezkeen negozio-aukerak azaltzen dira.

Esportazioen alorrean eskumendun diren Administrazioak ez ezik, merkataritza-ganberek ere badute interesik gure esportazioak hartuko dituzten herrialdeen dibertsifikazioa sustatzeko. Gaur egun, dibertsifikazioaren bidea egiteko, misio komertzialak bultzatzen ari dira eta harremanak egiten hainbat herrialdetako enpresa eta ordezkari diplomatikoekin.

Oso lan mesedegarria da hori euskal esportazioen bideak zabaltzeko. Gurean badira esportazio-jarduera dibertsifikatuak erakusten duten hainbat enpresa, baina datu orokorrek ez dute halako joerarik adierazten. Esportazio-ehunekoek diote, oro har, Europar Batasunaren barruan egiten direla, esportazio-eragiketa gehienak, eta, bereziki, Frantziako eta Alemaniako merkatuetara. Euroaren herrialdeek krisi ekonomikoaren ondorioak bizi dituzte eta Frantziako eta Alemaniako ekonomiak hozten ari dira; beraz, pentsatzekoa da herrialde horietatik datorren eskari-zorroa murriztu egingo dela. Egoera horren aurrean, esportaziorako herrialde-sorta dibertsifikatu behar da, eta negozio-aukera onak emango dituzten merkatuak bilatu behar dira, kontuan hartuta krisiak eragina duela dagoeneko gorabideko herrialdeetan ere (Txinan, Indian, etab.).

b) ESPORTAZIO JARDUERAREN PROFESIONALIZAZIOA

Enpresen Lehiakortasunerako Plan bat abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2010-2013 eperako, eta, plan horren baitan, Internazionalizazioa Sustatzeko Planak ezarri zituen 2011. urtean. Plan horien ikuspegitik, funtsezko lau helburu ditu euskal ekonomiaren internazionalizazio-ekimenak:

  1. Enpresen internazionalizazio-prozesuak bultzatzea.
  2. Ekonomia irekiaren erronkei erantzuteko gaitasun profesionalak eta sozialak izango dituzten pertsonak trebatzea.
  3. Euskal esportazioen xedeko herrialdeak eta sektoreak dibertsifikatzea.
  4. Kanpo-jarduera erakartzen ahalegintzea (Eusko Jaurlaritza, Enpresen Lehiakortasunerako Plana 2010/2013)

Aurreko atalean hirugarren helburua aztertu ondoren, bigarren helburuaren gaineko hausnarketak egin daitezke:

Erakundeak ahalegin handia egiten ari dira internazionalizazio-jardueren alorreko profesionalen gaitasunak hobetzeko; hala ere, lan hori egiteko jartzen diren baliabideen nolakotasuna alde batera utzita, beharrezkoa da urrats bat gehiago ematea, internazionalizazioaren alorreko prestakuntza egokiak duen garrantziaz jabetzeko.

Prestakuntza arautuko plangintzetan, enpresa-kudeaketari buruzko irakaskuntza-planek maiz askotan ez dute behar bezain beste landu nazioarteko ikuspegia, eta, batzuetan, ez dute kontuan hartu ere egin. Izan ere, ez da erraza, esaterako, nazioarteko gaitasunak lantzeko aukera emango duen unibertsitate-eskaintza bat aurkitzea.

Enpresek, maiz, esportazio-lanak egiten dituztenean, ez dute lan horietan trebatutako langilerik izaten, eta ez dute jakiten nola jokatu behar den esportazioen jardun-eremuan. Horren ondorioz, esportazioen kudeaketa ez da egokia izaten zenbaitetan, eta jarduera horien emaitza ekonomikoa ez da nahi bezain onuragarria izaten. Kudeaketa desegoki horren adierazleak oinarrizko alderdietan ikus daitezke; esaterako, kontratazioak egitean (esportaziokoak, agentzia bidezkoak, etab.), batzuetan, eta enpresa txiki eta ertainen gehienbat, ez baitira agiri idatziak erabiltzen (eredu estandarizatuak erabiltzen dira batzuetan). Beste kasu batzuetan, modu mimetikoan errepikatzen dira aurreko esportazio-eragiketen baldintzak, aintzat hartu gabe eragiketa bakoitzaren ezaugarri bereziak. Beste arazo bat izaten da kanpo-merkatuetan sartzeko estrategia egokiak ez erabiltzea, ez delako aldez aurretik aztertu esportazio-merkatuaren egoera edo modu sistematikoan utzi direlako besteren esku, eragile logistikoen edo bitartekarien esku, oinarrizko funtzio eragileak.

Enpresek gai giltzarri moduan landu behar dute esportazioaren alorra, eta, esportazio-jardunari buruzko hausnarketa egin ondoren, enpresako pertsona eta jarduera-eremu guztiek inplikatu behar dute lan horretan. Hau izan behar du, beraz, esportazio-jardunaren abiapuntua: barne-azterketa bat egin ondoren, barne-merkatuan norberak duen lehia-posizioa neurtzea eta nazioartera irteteko aukerak ikustea.

2) EUSKAL ESPORTAZIOEN BILAKAERA

Datu hauek erakusten dizkigute euskal esportazioek, lurraldez lurralde:

BIZKAIA

Bizkaian, 2011ko urtarriletik azarora, 8.303.457,60 mila euroko esportazioak egin ziren. Merkataritza-balantzak, berriz, adierazten digu nabarmen igo direla inportazioak 2011ko azaroan, eta horrek 192.562,08 mila euroko saldo negatiboa eragin duela.

Hala ere, esportazio-jarduera osasuntsu ageri da lurralde horretan, beheranzko joera erakusten badu ere, %17,18 igo baita iaz hil horretan izan ziren zenbakiekiko. Azken hiruhilekoaren amaierako datuak eman ditu Eustatek, eta datuok adierazten digute iazko datuekiko igoera diferentziala %19,2koa izan dela iaz hiruhileko horretan izan zen datuarekiko; beraz, agerikoa da beherazko joera aurreko bi hiruhilekoetan kontzentratu dela, nahiko nabarmen. Urteko lehen seihilekoan, inportazioek izan zuten igoerarik nabarmenena (%25,9), eta horrek eragina izan zuen merkataritza-balantzean. Araba eta Gipuzkoarekin alderatuta, esportazioen igoera apalagoa izan zuen Bizkaiak (%7,6). Denbora-epe horretan bertan, 4.184 milioi euroko esportazioak egin ziren, beheranzko bilakaera erakutsiz.

Frantziako eta Alemaniako merkatuetara joaten da Bizkaiko esportazioen herena, eta, horren harian, nabarmentzekoa da krisiaren eta Europar Batasunaren egoeraren ondorioz hozten ari direla herrialde horietako ekonomiak. Inkestek diote nabarmen jaitsi dela, 2010. urteko datuekiko, kanpo-merkataritzako eskaera-zorroa handitu dela aitortzen duten enpresen kopurua (%26 jaitsi da), eta hori Bizkaiko esportazioek beheranzko joera izan dezaketela iragar dezakeen zantzua izan daiteke.

GIPUZKOA

Gipuzkoan, 2011ko lehen hiru hiruhilekoetan %16,2 igo dira esportazioak 2010. urteko denbora-epe berdinarekiko, eta igoera handienak garraio-materialetako, metalurgiako eta material elektrikoko sektoreek izan dituzte. Ehuneko hori, urrian, %19,5era igo zen, harik eta Euskal Autonomia Erkidego osoak Estatu espainiarreko esportazio-jardueraren baitan egiten duen ekarpeneko %33,6 izatera iritsi arte.

Azaroko datuek apaldu egin dituzte emaitza horiek, eta aurreko urteko hilarekiko igoera %17,39koa izan da. Azken datu horrek berretsi egiten du gaur egun hautematen ari den beheranzko joera.

Sektore-banaketari erreparatuta, ekipo-ondasunak, manufakturak eta automozioko sektoreak erakutsi dituzte datu onenak. Venezuela izan da Europar Batasunetik kanpoko bezero onena, trenbideetarako materialak erosi ondoren. Hala ere, Europar Batasuneko herrialdeetara egindako esportazio-eragiketak Gipuzkoako esportazio guztien %61,1 izan ziren data horretan.

Esportazioak hartu dituzten herrialdeei begiratuta, EB barruko eragiketak dira nagusi gainerako lurraldeetan gertatzen den moduan, eta, bereziki, Frantziara eta Alemaniara egindako esportazioak gailentzen dira.

ARABA

Arabako Merkataritza eta Industria Ganberak egindako 2012 Enpresa Ikuspegiak izeneko azterlanak uste du esportazio-jarduerak arindu egingo dituela krisiak aurten Araban izango dituen ondorioak.

Aurrekariek ematen dute baikor izateko arrazoirik, Araba izan baitzen iaz igoera handieneko datuak erakutsi zituen lurraldea Euskal Autonomia Erkidegoan. Izan ere, urteko hirugarren hiruhilekoaren amaierako datuak konparatuz gero, %47,8ko igoera izan zuen Arabak iazko datuekiko. Hala ere, azaroko datuek berretsi egiten dute aurtengo urterako aurreikusten den beherazko joera, ehunekoetan izan den igoerak beherantz egin baitu, harik eta %29,84ko igoera erakutsi arte. Dena den, datu hori Bizkaia eta Gipuzkoakoa baino askoz hobea da.

NAFARROA

Nafarroan, esportazioen igoera apalagoa da, %9,85ekoa, 2011ko azaroko datuak eta aurreko urteko hil bereko datuak erkatzen baditugu. Merkataritza-balantza positiboa da lurralde horretan, baina ez iaz izan zena bezain ona, inportazioek gora egin baitute. Beheranzko joera erakusten digute Nafarroako merkataritza-balantzaren datuek ere, 2011ko azaroko datuak apalagoak baitira aurreko urtean hil horretan izan ziren datuak baino.

Nafarroako esportazioen xede diren herrialdeen mapa nahiko mugatua da; izan ere, Europara esportatzen ditu kanpoan saltzen dituen gaien %83,7. Euskal Herriko gainerako lurraldeetan gertatzen den moduan, Alemaniako eta Frantziako merkatuak dira Nafarroako esportazio gehienak hartzen dituzten herrialdeak, eta, ondorioz, mendetasun handia erakusten du herrialde horietako eskari-zorroarekiko.

Kanpoan saldutako produktuetan, ibilgailuen salmentak dira produktu aipagarriena, Europar Batasuneko herrialdeetatik erosi direnak. Jarduera-sektore horretako piezak eta ordezko elementuak ere arrakastatsuak izan dira eremu horretan.

Horrekin batera, bereziki aipatzekoa da Nafarroako nekazaritzak izan duen jokabidea, oso ondo saldu baititu produktuak atzerrian. Nabarmentzekoak izan dira, halaber, haren industria osagarriak ekoitzitako produktuen salmentak.

IPAR EUSKAL HERRIA

Frantziako Estatuaren euskal lurraldeetan, bada ezaugarri komunik Hego Euskal Herriko lurraldeekin. Lehenik eta behin, 2011ko lehen seihileko datuei erreparatzen badiegu, ikusten da esportazio-jarduerak %8ko igoera izan duela eta merkataritza-balantzak zenbaki positiboak erakusten dituela.

Produktu aeroespazialak dira, nabarmen, kanpoan gehien saldu direnak, nahiz eta, krisiaren ondorioz, logikotzat jo daitekeen salmenta-beherakada bat izan duten. Nabarmentzekoa da, era berean, ardoen esportazioak izan duen gorakada.

Nora saltzen den aztertzen jarrita, ikusten da Espainiako euskal lurraldeen tankerako egoera bat bizi dute Ipar Euskal Herrian, Espainia eta Alemania baitira hango produktuen erosle nagusiak.

Hala ere, esportazio-jardueren eragile nagusiak nazioarteko ezarpena duten enpresak eta Frantziako enpresa-taldeak dira, eta, ondorioz,beharrezkoa da euskal lurralde horietako enpresak (enpresa ertain eta txikiak, familiako enpresak…) kanpo-merkatuen bila hastea, esportazioen jardun-eremua lantzeko.

EUSKAL HERRIA

Kanpoko salmentek gurean izan dezakeen bilakaerari buruzko hausnartzen jarriz gero, kontuan hartu beharreko lehen datua da Hego Euskal Herriko lurraldeek ageriko mendetasuna dutela Frantziako eta Alemaniako eskariarekiko, eta Ipar Euskal Herrikoek, berriz, Espainiako eta Alemaniako eskariarekiko. Esan beharrik ez dago krisiak ageriko ondorioak erakusten ari dela Estatu espainiarrean, eta Frantziako eta Alemaniako ekonomiak hozte-bidean direla, eta, jada, hozten hasiak ere bai; beraz, eskari-zorroek horren eragina pairatuko dute. Gorabideko merkatu handienek ere munduko krisiaren ondorioak jasango dituzte, eta haien bilakaera eta portaerak aztertu beharko dira. Merkatu berriak aurkitu behar ditugu, gure enpresek negozio-aukerak izan ditzaten.

Horrenbestez, erosle gehiago topatu behar ditugu gure produktuentzat beste lurralde batzuetan, aurreikuspen oneko merkatuetan (Indonesia, Iran…)

Estatu espainiarraren kasuan, ezusteko datua da lau euskal lurraldeak direla, beren datu positiboekin, merkataritza-balantzako emaitzen lehenengo postuetan daudenak, eta, gainera, diferentzia handiarekin haien atzetik daudenekiko, Espainiako gainerako lurralde ia guztiek emaitza negatiboak izan baitituzte beren merkataritza-balantzean.

Iturriak: Eustat / Icex / Frantziako aduana / Merkataritza-ganberak: Bilbao, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Baiona

PEDRO JUAN LÓPEZ

Bilboko Merkataritza Ganberako teknikaria

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle elkartua

Ondoko lana GAINDEGIA TXOSTENA 2011 argitalpenerako egina da.

Gaindegia Txostena 2011: Kanpo merkataritza Euskal Herrian: krisiari aurre egiteko aukera paregabea