Iritzi artikulua, Gaindegiak argitara emandako txostenari loturikoa: EHko gazteen ihesa
Ez dago adostasunik zenbakietan. Kamisetak bezala, neurri guztietako zifrak daude, eta norberak ongien datorkiona aukeratu dezake: S, M, L, XL… Baina, atzerrira zenbat gazte joaten diren jakiten tematu beharrean, zergatik ez dugu aztertzen nola joaten diren? Alegia, zergatik alde egiten duten, zer baldintza ekonomikoetan joaten diren, zenbat oztopo gainditu behar dituzten, zer eragin duen hemen haiek hara joateak, zeintzuk diren gazte horien itxaropenak… eta desengainuak.
Atzerrira joateko gazteoi egiten dizkiguten etengabeko gonbidapenekin kezkatuta, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko kideok gazteon atzerriratzeari buruzko azterketa bat abiatu genuen urte hasieran. Zer dago Alemania, Brazil ala Suitzara joateko deialdi xarmagarrien atzean? Horixe jakin nahi genuen, eta atzerrira joan diren edo atzerrira joan nahiko luketen gazteen esperientzien berri zuzena izan.
Nola? Batetik, sosgazteak.org bloga ireki dugu, norberak bere ikuspuntua edo bizipenaren berri eman dezan. Bestetik, gazteon emigrazioari buruzko topaketa bat egin dugu, atzerrira joango direnen, atzerritik itzuli direnen, atzerrira joan nahi baina ezin dutenen eta, zergatik ez, atzerrira joan nahi ez dutenen iritziak jasotzeko. Hirugarren hanka bat ere izan du gure azterketak: emigrazio esperientziak izan dituzten hainbat euskal gaztek sortutako Kooperaktiboa elkartearekin batera lan egin dugu. Eta orain, harira: zer da deskubritu duguna?
EMIGRATZEKO ARRAZOIAK
Emigratzeko hainbat arrazoi ditugu euskal gazteok: hizkuntzak ikasi, esperientzia profesional berria izan, bizipen pertsonal ezberdin bat bilatu, bizi dugun prekarietateari irtenbidea bilatu, sistema ekonomikoak deskalabru egin duenetik ere Euskal Herrian gazteok pairatzen dugun langabezi egoera larritik ihes egin... edo gure inguruak etengabe esaten digunari men egin: “eta zu, horren gazte izanda, ez al duzu atzerrira joatea pentsatu?"
Gehien bat, dugun zerumuga ilunak bultzatzen ditu atzerrira gero eta euskal gazte gehiago. Eta hori da gure administrazioak kezkatu eta erreakzionatzera bultzatu behar dituena: gure gazte asko atzerrira behartuta joan behar izate larri horrek.
EMIGRATZAILE MOTAK
Gazteen lan emigrazioaz hitz egiterakoan, gutako gehienok “burmuin ihesa” deritzona irudikatzen dugu. Bada, gazte-emigratzaileen errealitatea anitza da: unibertsitatean ikasitakoak edo lanbide batean trebaturikoak, lehen aldiz lan egiteko aukera bilatzen dutenak edo Euskal Herrian hainbat urtez lan egindakoak, lana hemendik lotuta dutenak edo zortea probatzera doazenak, familiaren babes ekonomikoa dutenak edo errekurtsoak beraien kasa bilatu behar dituztenak, Euskal Herrian jaio eta haziak direnak edo jaioterria beste bat izanda haien bizitza hemen egin dutenak, loturarik ez dutenak edo hemen eginbehar eta zorrak uzten dituztenak, herri zehatz batera doazenak edo atzerria den eremu erraldoi horretatik bueltaka ibiltzen direnak... denetarik dago. Euskal gazteen emigrazioaren arazoei aurre egin nahi badiegu, errealitate honen konplexutasunaren jabe izan behar gara.
ALDE ILUNAK
Emigratzearen abantailak jakinarazten dizkigute behin eta berriz: hizkuntzak ikasi, kurrikuluma hobetu, bizipen pertsonal ahaztezina izan… Kanpora goazen gazte guztiok asetzen al ditugu itxaropen horiek? Ez, ez eta ez. Kasu batzuetan, emigrazio-esperientzia guztiz arrakastatsua da. Baina, beste batzuetan, aurreikusi ohi ez ditugun beste egoera batzuk ematen dira:
- Ez da beti egia atzerrian guztiok gure kurrikuluma hobetzen dugunik. Batzuk bai, noski, baina kanpora doazen gazte askok bere ikasketekin zerikusirik ez dituzten lanak egin behar izaten dituzte (au pair, zerbitzari, animatzaile, garbitzaile…). Atzerrian ez gara prekarietateaz libratzen.
- Ez da beti egia atzerrian beste hizkuntza bat izugarri hobetzen dugunik: gutako askok gazteleraz hitz egiten den herrialdeetara emigratu dugu (Latinoamerika). Atzerria ez da bakarrik Ingalaterra.
- Ez da beti egia atzerrira joatea pobreziatik ihes egiteko modu egokia denik: batzutan, joaten garena baino pobreago itzultzen gara. Gerta daiteke atzerrian bilatzen genuen aukera hori ez lortzea eta gure aurrezkiak gastatu behar izatea, edo atzerrian dugun soldatarekin modu duin batean bizi ahal izateko diru-adina ez lortzea. Atzerrian bizitzea ez da debalde.
- Ez da beti egia emigratzea erraza denik: herrialde askotan, lan egiteko bisa berezi bat behar da eta hori gabe lana bilatzea debekatuta dago, inmigrazio-legeriarekin lotutako arazoak sortuz (deportazioak, kalabozoak… bai, guri ere gertatu ahal zaigu). Hemen ere eskubideak galtzen ditugu erroldan baja ematerakoan, gure helburua bueltatzea baldin bada etxebizitza eskatzeko ilaratik kanpo geratzen gara, langabezi diru-saria eten behar dugu, ezin dugu gure udalean bozkatu...
- Ez da beti egia atzerrira joatea bizipen pertsonal aberasgarri bat denik. Herrialde askotan, eskubideak galdu ditzakegu: badaude homosexuala izatea zigortua dagoen lekuak, beste batzutan sindikatuak debekatuak daude, askotan emakumeok ez dugu eskubiderik edo murriztuta dauzkagu, beste hainbatetan osasun-eskubidea ez da bermatzen, gatazka politiko-militarren erdian topa gaitezken eta abar luzea. Atzerria ez da beti eskubidez beteriko leku bat.
- Ez da beti egia gazteontzat errazagoa dela atzerrira joatea. Gehienok seme-alabarik ez izan arren, gazte askok lotura sendoak ditugu hemen: lotura ekonomikoak (hipoteka …), familia (amona, iloba, bikotea…), gizarte-konpromisoak (elkarteetan parte-hartzea), koadrilak (gero eta desegituratuagoak)… Atzerriratzeak sakrifizio pertsonal handia eskatzen digu. - Ez da beti egia atzerrian lan egin eta gero itzultzeko lan-aukera gehiago dugunik: itzuli eta hemen ez da ezer aldatu, betiko eskaintza prekarioak egiten dizkigute (praktikak, bekak...) eta Administrazioak sustatutako gazteontzako enplegu planek prekarietatera eraman ala atzerrira bidea erakusten digute berriz. Gainera, atzerrian egin dugun lana aitortzeko zailtasunak ditugu, hango enpleguak ez du hemengo kotizaziorako balio, errolda aldatzeagatik eskubideak galtzen ditugu gure herri edo hirian…
- Eta hemen geratzen garenontzat, zer? Euskal Herriarentzat arazo ekonomiko bat da, gizartea gero eta gehiago zahartzen da eta aitzakia honekin gazteria arloko aurrekontu publikoak murrizten dira eta arazo sozialak areagotu daitezke: apurtutako familiak, desegituratutako koadrilak, ahuldutako gizarte-mugimenduak…, azken finean, zulatutako gizarte-sareak.
Bale, egia da: dena ere ez da iluna emigrazio esperientzietan, baina askotan erakusten dizkigute argiak, eta itzalak ere ezagutu behar ditugu, errealitate honi modu egokian aurre egin nahi badiogu. Hau ez da abenturazaleen ipuin bat. Hau exiliatutako euskal gazteen ipuina da.