Euskal Herriko datuak

Euskal Herriari buruzko datu fitxategiak modu irekian eskaintzen dituen ataria da datuak.net. Gaindegiak garatua da, eta helburua edozeinek Euskal Herri mailako adierazleak kontsultatu eta modu irekian eskuratu ahal izatea da. Hala, eta Gaindegiaren sortze asmoarekin loturik, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duten lanabesak jartzen dira herritarren esku, gure herriaren inguruko ezagutza eta ikerketa sustatzeko.

Datu katalogo zabala eskaintzen du atariak. Lau atal nagusitan antolatuta, (demografia, ekonomia, gizartea eta ingurua) guztira 12 datu-taldetan sailkatuta daude:

Administrazioak Azpiegiturak Biztanleria Enpresak
Etxebizitza Finantzak Garraioa Generoa
Lan merkatua Langabezia Lurraldea Ongizatea

Egun, 200 fitxategitik gora eskura daude, eta Gaindegiaren asmoa biltegi hori etengabe elikatzea da, ekonomia nahiz gizartearekin loturiko datu berriak eta gaurkotuak eskaini ahal izateko.

“Open data” filosofian oinarritua

Administrazio zein erakunde desberdinek sortzen dituzten datuak herritarren esku jartzearen alde egiten duen ekimena da OpenData, modu globalean zabaltzen ari dena. Informazioaren argitalpena formatu berrerabilgarri eta lizentzia irekien bidez egitean oinarritzen da, datu hauek edozein herritar zein enpresek erabili ahal izateko. Gaindegiak filosofia honi jarraiki garatu du atari hau, herritarren esku jarriz Euskal Herriari buruzko datu sozioekonomiko ugari.

www.datuak.net