Skip to main content

Bizikidetza eredu berrien gorakadan familia-politikak egokitzeko premia

INEk Hego Euskal Herriko bizikidetza-unitateei buruz argitaratu berri dituen datuen arabera 1.298.500 bizikidetza-unitate daude Euskal Herri osoan. Aspalditik tamaina txikiko bizikidetza-unitateak gero eta ugariagoak dira, familia-eredu mediterraneoaren ezaugarriak gero eta lausoagoak, eta Euskal Herriak Europar Batasunaren antz handiagoa dauka. Dagoeneko, Euskal Herrian gehienez bi pertsonez osaturiko bizikidetza-unitateak guztien %60,5a dira.

Tamaina txikieneko bizikidetza unitateak Lapurdin eta Zuberoan

Azken datuen arabera, Euskal Herriko bizikidetza-unitateen %28,6a kide bakarrekoak dira, eta beste %31,9a, bi kidekoak. Hiru eta lau kidez osaturiko unitateak, aldiz, bizikidetza-unitate guztien %19,3 eta %16,0a dira, hurrenez hurren. Familiaren tamaina txikitzeko joeraren hastapena Espainiar erresumako Gerra Zibiletik eta bigarren mundu gerratik dator, eta indartu egin zen 1960 eta 1970eko hamarkadetako Hego Euskal Herriko industrializazio prozesuarekin batera.

Bilakaera horren tokian tokiko egungo errealitateek, gutxienez bi kasuistikari erantzuten diote. Ipar Euskal Herrian ongi baino hobeto adierazten dira kasuistika horiek: Lapurdin, bizikidetza-unitateen egiturak gero eta txikiagoak dira, landa eremuan erroturiko bizimoduaren kaltetan hiriguneetan sustraituriko bizi ereduak nagusitzen joan diren heinean. Zuberoan, aldiz, landa eremuaren nortasunari eusteko egiturazko zailtasunen ondorioz tamaina txikiko bizikidetza-unitateak gorabidean daude. Hain zuzen ere, Euskal Herrian Lapurdi eta Zuberoa dira kide bateko edo bi kideko bizikidetza-unitateen presentzia handiena duten herrialdeak (%73,5 eta %69,1, hurrenez hurren).

Guraso bakarreko familien eta pertsona bakarreko unitateen hazkunde indartsua

Azken urteotan, gero eta ugariagoak dira guraso bakarreko familiak eta pertsona bakarreko bizikidetza-unitateak. Horrela, Euskal Herrian dagoeneko 133.500 dira guraso bakarreko familiak (bizikidetza-unitateen %10,3), eta 368.000 pertsona dira, aldiz, bakardade egoeran bizi direnak (bizikidetza-unitateen %28,4). 2013/17 epealdiko joerari so, urtetik urtera guraso bakarreko 5.100 familia gehiago eta bakardade egoeran bizi diren beste 5.400 pertsona gehiago daude, bataz bestez. Gainontzeko bizikidetza eredu gehienak gainbeheran daude, batez ere, seme-alabadun bikotearen tipologiakoak.

Euskal Herrian zahartzaroari loturiko bakardadea txikia da eta familiaren zaintza lana handia, Europako herrialde garatuenetan ez bezala

Euskal Herrian bakardade egoeran bizi diren 152.500 biztanlek 65 urte edo gehiago dituzte. Hau da, 65 urtetik gorakoen %23,5a bakardade egoeran bizi da. Horien hiru laurdena emakumeak dira (%74,1). Bakardade egoeran bizi diren adinekoen proportzioa ez da handia Europar Batasunarekin alderatuta (%32,2). Danimarkak (%44,4), Suediak (%39,2), Finlandiak (%39,1) edo Frantziak (%36,1) aise gainditzen dute euskal marka. Izan ere, Euskal Herrian adinekoen artean indar handia daukate bikotean, zaintzaz arduratzen diren bizikideekin ala seme-alaba batekin bizitzearen aukerek. Hego Euskal Herrian, esaterako, adinekoen %15,9a bikoterik gabe bizi da seme-alabaren batekin edo balizko zaintza lanetaz arduratzen den pertsona batekin edo gehiagorekin.

Euskal gizartearen zahartze maila handia da egun, biztanleriaren %24,1ak 65 urte edo gehiago ditu. Europan Italiak eta Greziak baino ez dute gainditzen proportzio hori. Bakardade egoeran bizi diren adinekoen kopurua Euskal Herrian orain arte ezagutu den handiena da, baina adinekoen zaintzaren muina nagusiki familia edo ondoko pertsonen (soldatapean ala gertutasunagatik) ardurapean ari da, Hego Euskal Herrian nabarmen.

Bizikidetza eredu berriak eta biztanleriaren zahartze maila handia komunitate zaurgarrien profilak eta beharrak eraldatzen ari dira Euskal Herrian, eta norabide horretan, familia-politiken berregokitzapena premien atzetik doa. Guraso bakarreko familien, bakardade egoeran diren adinekoen, adinekoen zaintzarako zailtasunak izan ditzaketen familien, edo etorkin berrien (etxeguneetan masifikatzeko joera nabarmen batekin) ahuldade eta beharrei so egitea datozen hamarkadetako erronka da euskal gizartearentzat. Berrikuntza teknologikoa eta soziala bidelagun, Europa iparraldean badago non begiratu.