Euskal herritarren laurdena baino gehiago lurraldetik kanpo jaioa da
Atlantikoaren ertzean, Europa kontinentalaren muturrean… bere kokalekuak hartzaile izaera eman dio Euskal Herriari, eta halaxe izaten jarraitu du azken hamarkadetan ere, arrazoiak bestelakoak izan arren. Hori horrela, gaur egungo 890.000 euskal herritar inguru dira lurraldetik kanpo jaiotakoak; biztanleriaren %28,5 da hori. Europako portzentaje handienetakoa da, Suitzaren pare eta aurretik Katalunia eta Luxenburgo baino ez dituela.
Hego Euskal Herrian, lurraldetik kanpo jaiotako gehienak Espainiatik etorriak dira (biztanleria osoaren %17,8), eta nagusiki Gaztela eta Leondik (%7,2). Gerraostean, eta industriaren loraldi betean, lan bila etorritako familiez ari gara nagusiki. Ipar Euskal Herrian, berriz, frantziarra da jatorriz biztanleriaren %35,6a, eta zehazki Paris ingurukoa populazioaren %8,3a. Kasu honetan, biztanleriaren jatorri aniztasunak kausa bikoitza du: erretiroa hartu eta Lapurdi kostaldera atseden hartzera etorritako lagunak daude batetik, eta zerbitzuetan eta turismoan lan egitera (baldintza prekarioak) etorritako gazteak bestetik.
Dena dela, Euskal Herri osoan, gero eta anitzagoa da biztanleriaren jatorria. Maroko, Errumania, Kolonbia, Bretainia eta Portugaldik etorriak dira, besteak beste, euskal herritar berri hauek.
Non kokatzen da, baina, jatorri aniztasuna? Eskualdeka, industria kontzentrazio handia duten zonaldeak, hiriburuak, kostaldea eta, Nafarroa Garaia eta Arabaren kasuan, lehen sektorean diharduten lurraldeak dira hartzaile nagusiak. Udalerri zehatz batzuek portzentaje bereziki handiak dituzte, gainera: Miarritzen biztanleriaren erdia baino gehiago da lurraldetik kanpo jaioa; Oionen %48,1a; Ermuan %42,6a; Vianan %38,6a; Lasarte-Orian %33,1a…
Lurraldetik kanpo jaio den biztanleria horren profila asko aldatu da, gainera, azken urteotan. Duela 50 urte eskas, eta batez ere Hego Euskal Herrian, industrian aritzera zetorren gizonezko langile kualifikatuak osatzen zuen profil nagusia, eta harekin etortzen zen bere familia. Gaur egun, baina, nagusiki Hego Amerikatik etorritako emakumeek dakarte biztanleria aniztasuna; zaintzan eta zerbitzuetan egiten dute lan emakume horiek, eta lan baldintzak eskasagoak dira industrian baino.
Euskal Herriko biztanleriaren jatorri aniztasunaz eta azken urteotako aldaketek dakartzaten erronkez hitz egin du Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak aste honetako Azpimarra saioan, ETB1en. Berarekin batera, programan parte hartu du Imanol Agirre Euskal Herria 11 Kolore ekimeneko kideak.
Bideoa (40 minututik aurrera):