Administrazioen arteko lankidetzan ekintza egituratu gehiago sustatu behar da

Euskal Herriko administrazioen arteko lankidetza ekonomia eta gizartearen garapenean izeneko mahai ingurua antolatu du Gaindegiak irailaren 27rako. Parte hartzaileen artean, Markel Olano (EAJ/PNV), Patxi Zabaleta (Aralar), Juan Carlos Alduntzin (Bildu) eta Iparraldeko ordezkari bat izango dira.

Europako Batasunaren baitan tokiko administrazioen arteko lankidetzaren aldeko joera indartzen ari da eta gurean ere xede horren aldeko ekimenak abian dira azken urteotan. Gure tokiko administrazioak, legebiltzarrak eta gobernuak berritzen ari diren honetan une egokia izan liteke lurralde desberdinetako hautetsiekin gaiaren inguruan hausnartzeko.

  • Mahai ingurua: Euskal Herriko administrazioen arteko lankidetza ekonomia eta gizartearen garapenean.
  • Parte hartzaileak: Markel Olano, Patxi Zabaleta, Juan Carlos Alduntzin, Hur Gorostiaga
  • Data: irailaren 27an, asteartea
  • Ordua: arratsaldeko 19:00etan
  • Lekua: Martin Ugalde Kultur Parkea (areto nagusian), Andoain.
  • Ekitaldiaren bideoa.

Mahai inguruari sarrera

Euskal Herria eremu administratiboan lurraldetasuna ukatua duen herria da. Ukazio horrek ondorio argia du, zatituta gure aukerak alferrik galtzen ditugu eta eraginkortasun txikiagoa dugu, arazo eta erronkei erantzuteko. Elkartuta, aldiz, potentzial handiko herria gara. Lankidetza, elkarrekin bizi eta erronkei elkarrekin erantzutea da, beraz, gero eta herri zentratuagoa izateko dugun errezetarik eskuragarriena gaur gaurkoz. Errezeta zaharra, edonola ere.

XX. mendean aldaketa handiak bizi izan ditugu. Frantzia eta Espainiako estatuen sendotzea, Europako Batasunaren sorrera, bertako antolamendu administratiboaren bilakaera, ekonomiaren transformazio erabatekoa, mugikortasunaren bizkortzea, globalizazioa, IKT-ak. Aldaketa horiek nazio baten kohesio oinarriak aldatu egin dituzte eta erronka berriak ekarri eguneroko agendara.

Hizkuntzak, kulturak, senitarteko harremanek, jarduera politikoak lagundu dute urte hauetan nazioaren lurraldetasun ikuspegia kontserbatzen. Ordea, ordenamendu juridiko-administratiboak, jarduera sozioekonomikoek, mugikortasun politikak, formakuntzak… kontrako bidea egin dute, kasu gehienetan, elkarrengandik urrundu, zatitu, bereiztu egin gaituzte. Lankidetzarekin engaiatutakoa korrontearen kontrako norabidean jarri du azken urteetako bilakaera politiko-administratiboak. Bestela esanda, gaur egun ez dugu elkarren arteko lankidetza egitasmo zabal eta sendorik eremu egituratzaileetan. Herri bereko partaide garela uste izatea eta elkarrekin konprometituta sentitzea ez dira gauza bera.

Ukaezina da urte hauetan hainbat lan eta esperientzia interesgarri jarri dela abian eremu instituzional eta sozio-ekonomikotik. Baina aski ote? Zer gehiago egin daiteke? Ezina nola gainditu? Europako Batasuna tokiko kohesioa eta identitatea garapen ekonomikorako primerako oinarriak direlakoan, lurraldeen arteko lankidetza eta euro-eskualdeen sorrera sustatzen ari den garaian, zein aukera berri dugu Euskal Herrian lankidetza abiatzeko?

Gaindegian biltzen garen pertsona eta elkarteok uste dugu, bertako eragile ekonomiko eta sozialek eusten eta trinkotzen laguntzen diotela Euskal Herriari. Euskal Herria baldin bada, besteak beste, eragile sozio-ekonomikoek ehundutako sareari esker da, bere on eta txar guztiekin. Edonola ere, funtsezkoa gertatzen da eta etorkizunean ere gertatuko da, eragile sozio-ekonomikoen ekarpena Euskal Herria ehunduko duen sarea sortzeko. Geure buruari galdetzen diogu, ordea, zer nolako zubiak eta bideak egin behar diren eremu administratiboan ehun sozio-ekonomikoak Euskal Herria gero eta trinkoago mamitu dezan.

Beraz,
  • Zein dira lankidetza premia handieneko eremuak?
  • Gaur egun abian diren lankidetza egitasmoetatik zeinetan sakondu?
  • Lankidetzarako zein eremu, arazo, sektore… berri gehitu agendari?
  • Zein formula jorratu (hainbat) lankidetza sustatzeko?
  • Nola lagundu Instituzioetatik eragile sozio-ekonomikoen arteko lankidetza sustatzen?
  • Alde-bakarreko urratsak posible ote dira?