Ikertzaileen nazioarteko talde batek metodo berri bat sortu du, iragartzeko Europako zer herrialdek dituzten bat egiteko ala elkarrengandik bereizteko aukera gehiago. Horretarako, irizpide demografikoak eta ekonomikoak baliatu dituzte, eta, berritasun moduan, baita irizpide kultural eta genetikoak ere. Eredu horren emaitzen arabera, bat egiteko aukera edo pizgarri gehien dituzten herrialde-bikoteak dira Austria eta Suitza, Danimarka eta Norvegia, eta Frantzia eta Britainia Handia.
Metodoaren ziurtasuna frogatzeko, kasu erreal bat hautatu zuten, Jugoslaviaren zatitzea.
Hau esan dio SINC zerbitzuari Ignacio Ortuño Ortín jaunak, Madrilgo Carlos III.a (UC3M) Unibertsitateko ikertzaile eta Journal of Economic Growth aldizkariak argitaratu duen ikerketaren egileetako batek: “Gure metodoak modu kuantitatiboan aztertzen ditu Europako nazioen egonkortasuna eta desintegrazioa. Halaber, batasun handiago batek ekarriko lituzkeen onurak zenbatesten ditugu, hau da, zer gertatuko litzatekeen Europar Batasuna herrialde bat eta bakarra balitz, eta, horrez gainera, euskarri enpiriko bat ematen dugu genetika-irizpideak baliatzeko nazioen arteko heterogenotasun kulturala adierazteko”.
Gauza jakina da zenbat eta nazio gehiago batu, orduan eta onura handiagoak dakartzatela bateratze horiek, merkatuen tamainak handitzen eta kostuak konpartitzen baitira. Baina egia da, era berean, kostu handiak dakartzala erregio edo herrialde ugari bateratzea, baldin eta haien biztanleek ezaugarri ekonomiko eta kultural oso desberdinak badituzte. Metodo bat falta zen alderdi horiek modu kuantitatibo batean aztertzeko egoera edo kasu zehatzetan.
Ikerlari-talde bat arduratu da lan hori egiteaz, UC3M unibertsitateko, Toulouseko (Frantzia) Ekonomia Eskolako, Dallasko (AEB) Hegoaldeko Unibertsitate Metodistako eta Moskuko (Errusia) Eskola Ekonomiko Berriko ikerlariek osatua.
Proposatzen duten eredu matematikoak aintzat hartzen dituen faktoreen artean daude herrialdearen aberastasuna, tamaina eta diferentzia kulturalak, populazioen genetikari erreparatuta. Aditu horren arabera, herrialdeak ikuspegi kulturaletik ‘neurtzea’ da iragarpenak egin aurretik kuantifikatu beharreko alderdirik zailena. “Hori da artikuluaren alderdi berritzailea. Populazioen genetikari buruzko datuak inportatzen ditugu, probak egin eta adierazten dugu erregioen arteko distantzia genetiko horiek aukera ona ematen dutela distantzia kulturalak behatzeko”, diosku ikertzaileak.
Zientzialariaren hitzetan, horrek ez du esan nahi genetikak azaltzen duenik kulturaren nolakotasuna, baizik eta korrelazio bat dagoela bi aldagai horien artean. Hau da, gehien nahastu diren populazioek dituzte antzekotasun kultural handienak. “Ez gara esaten ari geneek azaltzen dutenik pentsamoldea”, nabartu du Ortuñok.
Metodoaren ziurtasuna frogatzeko, kasu erreal bat hautatu zuten, Jugoslaviaren zatitzea. Egileek ikusi zuten errepubliken arteko diferentzia ekonomikoek erabaki zutela desintegrazio edo zatitzearen ordena, eta beren ereduak bat egiten zuen horrekin. Hala ere, diferentzia kulturalak, txikiak izan arren, giltzarri izan ziren ezegonkortasuna piztu eta indartzeko.
Iragarpenak herrialdez herrialde
Eredu horren bidez egin diren lehen iragarpen teorikoek bikoteka elkartu dituzte herrialdeak, herrialde bakar bateko Europaren fikzioa eginez eta beren egungo naziotik bereizteko joera handiena duten erregioak bereiziz.
Europar Batasunaren bateratze-prozesua indartuko balitz eta politika fiskal erkidea —eta ez soilik monetarioa— duen herrialde bat eta bakarra izatera iritsiko balitz, Grezia eta Portugal lirateke, epe luzera, gehien irabaziko luketen herrialdeak. Ehunekotan, Portugalek %13 handituko luke bere aberastasun-maila, Greziak %11,9 eta haien atzetik leudeke Irlanda (%8,9) eta Finlandia (%8). Espainiaren hazkundea %4,1ekoa litzateke, eta onura gutxien aterako luketen nazioak Alemania, Italia eta Frantzia izango lirateke, ordena horretan.
Ikertzaileek egindako iragarpenetako bat da zer erregiok duten pizgarri gehiago beren egungo nazioetatik bereizteko. “Ez gara esaten ari banantzea edo bereiztea onuragarria denik erregio horientzat, baina bai Euskal Herriak eta Eskoziak dituztela, termino erlatiboetan, horretarako pizgarri gehien”.
Eredu horren emaitzen arabera, bat egiteko aukera edo pizgarri gehien dituzten herrialde-bikoteak dira Austria eta Suitza, Danimarka eta Norvegia, eta Frantzia eta Britainia Handia. Espainiaren kasuan, Frantziarekin bat egitea litzateke harentzat interesgarriena, “baina horrek ez du esan nahi Frantziarentzat interesgarria izango denik”. Amaitzeko, hau gaineratzen du: “ez ditugu aintzat hartzen herrialde bakoitzarentzat estrategikoak diren gaiak, hau da, gure ereduak iragartzen duena da zer-nolako onurak lortuko lituzketen gertaera horiek gertatuko balira”.
Gaur egun, lantaldea beste proiektu bat lantzen ari da Moskuko kolaboratzaile batzuekin, metodo hori bera erabiltzeko Errusiako erregioen egonkortasun-mailak ulertzeko.
Bibliografia-erreferentzia:
Klaus Desmet, Michel Le Breton, Ignacio Ortuño-Ortín, Shlomo Weber. “The stability and breakup of nations: a quantitative analysis”, Jourmal of Economic Growth 16:183–213, 2011. DOI 10.1007/s10887-011-9068-z. Lekua: España Iturria: SINC
Klaus Desmet, Michel Le Breton, Ignacio Ortuño-Ortín, Shlomo Weber. “The stability and breakup of nations: a quantitative analysis”, Jourmal of Economic Growth 16:183–213, 2011. DOI 10.1007/s10887-011-9068-z. Lekua: España Iturria: SINC