I+G gastua gora, baina erreferentziazko lurraldeetatik gero eta urrunago

2015 urteaz geroztik, hazkunde ekonomikoak hauspotuta, Ikerketa eta Garapenera (I+G) bideratutako gastua gorabidean da. Hala, I+Gra bideratutako gastuek Euskal Herriko BPGaren %1,88 osatu zuten (2019). Txekia edo Erresuma Batuaren pareko gastua da hori, baina puntako lurraldeetatik gero eta urrunago dago Euskal Herria.

Euskal lurraldeetan I+G jardueretara 1.978 milioi euro bideratu ziren 2019 urtean. Laugarren urtez gastuak gora egin zuen: urtebete lehenago bideratutako inbertsioa baino 71,6 milioi euro gehiago. Kopuru gordinetan inoizko diru funtsik handiena izan zen. Barne Produktu Gordinarekiko (BPG) proportzioan, ordea, gastu hori %1,88koa zen. Ez da azken hamarkadako proportzio handiena.

Goierri eta Debagoiena I+G gastuan buru

Berrikuntzaren ikuspegitik Euskal Herriak errealitate anitzak biltzen ditu. Gipuzkoa I+G jardueretan BPGaren proportzio handiena inbertitzen duen lurraldea da (%2,4). Euskal Herriko bataz bestekoaren azpitik daude: Bizkaia (%1,71), Nafarroa Garaia (%1,70), Araba (%1,23) eta Ipar Euskal Herria (%1,17). Azken datua estimazioa da. Ez dago Euskal Herriko eskualde guztietarako datu baliokiderik, baina Euskal A.E.n gastu handieneko eskualdeak Goierri (%4,60), Debagoiena (%3,92), Debabarrena (%3,51) eta Donostialdea (%2,22) dira. Bestelako errealitatea dute Enkartazioek (%0,01) edota Bidasoa Behereak (%0,31).

Diru funtsen hiru laurdenak enpresen esku

Euskal Herrian I+G jardueretara bideratutako inbertsioaren %74 enpresetan exekutatu zen. Beste era batera esanda, enpresetan exekutaturiko I+G gastuak BPGaren %1,39 osatu zuen (2019). Goi-mailako irakaskuntzan exekutaturikoak, ordea, BPGaren %0,36. Herri-administrazioek BPGaren %0,13 exekutatu zuten. Horrek ez du esan nahi herri-administrazioen diru funtsak horretara mugatu zirenik: I+Gra bideratutako gastu osoaren heren batek herri-administrazioa izan zuen iturburu Euskal A.E.n. Izan ere, berrikuntzan enpresek gastaturiko diru-funtsen %21 herri-administrazioek jarritakoa izan zen. Ez dago Euskal Herri osorako datu ofizial baliokiderik.

Euskal Herria puntako lurraldeetatik gero eta urrunago

Euskal Herriak 2019 urtean I+Gra bideratutako gastu-maila Txekia (%1,94) eta Erresuma Batuaren (%1,76) parekoa izan zen. Europar Batasunean (27) I+Gra bideratutako gastua nabarmen handiagoa izan zen eta BPGaren %2,20 osatu zuen. Badira zazpi urte Euskal Herriko I+Gko gastu-maila urtez urte EB-27kotik urruntzen ari dela.

Europako estatuen artean Suedia (%3,40), Suitza (%3,37), Austria (%3,19) eta Alemania (%3,18) dira I+G inbertsioan buru. Erregio mailan, aldiz, Alemaniako Braunschweig, Stuttgart, Baden-Württemberg, Belgikako Brabant wallon eta Erresuma Batuko East Anglia. Berrikuntza sektorean puntako erregioak dira hauek Europan eta mundu mailan Israelek, Hego Koreak, Japoniak edo AEBk egiten duten inbertsioa gaindituz.

Etiketa orokorrak: