Euskal Herriko familiek aurrezteari utzi zioten krisia hasi eta hiru urtera
Krisialdi garaian diru sarrerak txikitu badira ere, gastuek gora egiten jarraitu dute, eta familien erosteko ahalmena murriztu egin da, horrenbestez. Datu bat aipatzearren, iraileko KPIa iazko zifra berean mantendu da Hego EHn, eta murriztu egin da Ipar EHn, baina irakaskuntzaren alorrari dagokion KPI espezifikoa handitu egin da bi kasuetan, hain zuzen ere haurren eskolaratzea izaten den hilabetean.
Euskal Herrian, 2011n utzi zitzaion ofizialki aurrezteari, krisia hasi zenetik lehenbizikoz. 2009an aurrezteko ahalmenak goia jo eta gero (biztanleko 18.678 euroko diru sarrerak urtean, eta 17.705 euro gastuetan; 973 euro aurreztu, beraz), etengabe egin zuen behera, 2011n emaitza -16 euro izan arte. Bestela esanda, gastuak handiagoak izan ziren urte hartan batez beste, diru sarrerak baino. Europarekin alderatuz gero, Euskal Herriarentzat erreferente izan daitezkeen zenbait estatutan ez zen halakorik gertatu, krisia gorabehera: Frantzian 1.821 euro aurreztu zituzten denbora tarte berean, Alemanian 1.572 eta Suedian 743.
Gastuari dagokionez familiek ezarri behar izan dituzten lehentasunak ere aldatu egin dira azken urteotan. Hego Euskal Herrian, ikaragarria da etxebizitza eta energiagatik ordaindu beharrekoek duten pisua: familien gastu osoaren ia %35a dago alor horretara bideratuta. Gainera, oso nabarmen hazi da haren pisua azken urteotan: 2006an gastuaren %27 betetzen zuen. Krisialdi garai betean administrazioek oinarrizko beharrizan hori bermatzeko nahikoa egin ez duten seinale. Ipar Euskal Herrian, aldiz, gastuen banaketa askoz ere orekatuagoa da: etxebizitzak eta energiak gastuen %15,7 hartzen du. Elikagaiak (%16,4) eta garraioak (%17,4) ditu aurretik.
Horri buruz jardun zuen asteartean Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, ETB1eko Azpimarra saioan. Tartea osatzeko, haren ondoan izan zuen Jose Leon Etxart, Hernaniko Osasun eta Gizarte Ongintzarako Udal Patronatuko teknikaria.
Ikus bideoa: