Euskal Herria izeneko balio katea

2014o irailaren 24an BERRIA egunkarian argitaratutako artikulua

Arcelor-Mittal korporazioak Zumarragan duen lantokiaren itxiera-mehatxua bizi izan dugu berriki. Gaiak ustekabeko bidea hartu du eta behin behineko konponbidea aurkitu badiote ere, itxieraren aipamenak berak zirrara handia eragin du. Itxiera horrek ez lekarke langabezia handiagoa bakarrik, errotik industriala den herri baten oinarria bera dantzan dagoela ikusarazten du.

Datuak esanguratsuak dira, inondik ere: 2008-2013 aldian manufaktura sektoreko lanpostuen %26 galdu dugu Euskal Herrian (85.000 lanpostu) eta metalgintzak, hain zuzen, establezimendu guztien %15 galdu du.  Zenbait eskualdetan, hala nola, Iruñerria, Gasteiz-Lautada, Debabarrena, Debagoiena, Durangaldea, Urola-Kosta edo Sakana, sektore honen bultzadaren menpe daudela kontuan izan behar genuke.

Ez da, beraz, azaleko kontua. 2008ko krisialdi finantzarioa lehertu aurretik ere bagenekien gure enpresen ahulezia zenbaterainokoa zen teknologiari zegokionez, zenbaterainoko menpekotasuna zuen energiaren prezioarekiko. Bagenekien gure ekoizpen ehunak arazo larriak  nozitzen zituela eta etorkizunari begira jarriko zuen estrategia baten beharra zuela.

Ez da konponbide errazeko auzia, ez eta arin konpontzekoa ere. Lurraldearekin eta gizartearekin sakon uztartutako egitura produktiboek estrategia konplexuak behar dituzte, epe luzeari begira jarrita daudenak. Geure buruari galdetu behar dioguna da geure sistema produktiboak etorkizunean nolakoa izan behar duen, zein sektore izango diren eragileak eta zer-nola jokatuko duten maila guztietan. Beraz, ez gara enplegua sortzeaz bakarrik ari, ekonomia, gizartea, ingurua eta gure lurraldetasunarentzat onbera izango den proiektu batez ari gara.

Proiektu horretan metalaren transformazioa eta manufakturarekin lotutako jarduerek eginkizun garrantzitsua izango dute hurrengo hamarkadetan, nola, ordea? Izan ere, erabakiak atzerrian hartzen dituen metalgintza sektorea bere mozkinaren bila etorriko da, garapen teknologikoa, ikasguekin edo egoera sozio-laboralarekin konprometitu gabe. Hori aski ote litzateke geurea bezalako herri batentzat? Geure buruari galdetu beharko genioke erabakigunea hemen izan balute zein izango zatekeen orain itxita dauden metalgintzako enpresa askoren garapena. Ziur aski, horietako asko dagoeneko norabide berri batean  leudeke teknologia eta produktuari dagokionez, iraupena helburu. Hau da, neure buruari galdetzen diot jarduera estrategikoek ez ote duten nagusiki bertako korporazioen kontrolpean egon behar, erabakiguneak hurbilduz eta herri ikuspegi estrategiko batetik begiratuz etorkizunari.

Edesaren lantegiak Basaurin dukeen etorkizunari buruz piztu den kalapitak, egoera interesgarria eragin du. Edesaren kokapena eta bere lanpostuena ez da bigarren mailako gaia, herri ikuspegia duen ekoizpen sistema batez hitz egiteko orduan auzi garrantzitsua da. Gure industriak mendeak daramatza jarduera dezentralizatuekin, espezializazio  gune nabarmenekin altzairugintzan, untzigintzan, elikagaietan, eta manufakturan, bai eta jarduera berrietan ere.

Aski bedi datu bat, Euskal Herriko eskualdeen erdiak baino gehiagok metalgintzako jarduerak ditu egun. Hainbat eskualdetan industrializazio indizea hain da handia lurraldeari eusten dion jarduera nagusia bera dela, horien artean gailen ditugu Arabako Errioxa, Durangaldea, Lizarraldeko mendebaldea, Sakana edo Debabarrena, esaterako.

Luzuriagak Tafallan jarraitzea, Artzainak Maulen, CAF Beasainen, Edesa Basaurin… gauza garrantzitsua baino zerbait gehiago da, helburu izan behar du. Gure lurraldea eta jendeak dira gure kapital nagusia, hor dago konpromiso mailarik handiena jardueraren geroratzearekin eta gure gizartearekin.

Esan berri duguna askorentzat diskurtso boluntarista izango da, baina desindustrializazioaren ondorioak ikusten ari garen honetan (Sakana, Arratia, Oarsoaldea, Lapurdiko kostaldea… non enplegu industrialaren lekuan zerbitzutakoak nagusitu diren baldintza eskasagoetan) formula sendoagoak eta denon aldetik konpromiso handiagoak behar direlakoan nago.

Beraz, geure buruari galdetu beharko genioke ea izan daitekeen metalgintza eta honen inguruko balio katerik gabeko estrategia produktiborik Euskal Herrian. Erantzuna baikorra bada, plan bat adostu dezagun. Ezkorra bada, plan bat beharko dugu.