Turismoa ez da edonolako jarduera ekonomikoa Euskal Herrian

 

Azken urteetan turismoak indar garrantzitsua hartu du gurean. Datuak ikustea besterik ez dago: urtea amaitu ez bada ere, udak eman duena ikusita esan daiteke 4.500.000 bisitari eta 8.000.000 gaualdi egingo dituztela bisitariek (bertako zein atzerriko) Euskal Herrian 2015ean.

Horrek eragina du, noski, lan merkatuan: 3.200 establezimendu dira sektore honetan jarduten dutenak eta 14.000 lanpostu orotara (horietatik 9.000 Ipar Euskal Herrian). Sektore honen gorakadak eragina du, baita ere, ekonomian: Hego Euskal Herriko BPGaren %6a hartzen du dagoeneko.

Hazkundea lurralde denetan 
2015eko abuztuko datuak iazko hilabete berarekin alderatuta % 8 hazi da turismoa Euskal Herrian. Lurralde denetan egin du gora, gainera: azpiko grafiko honetan ikus daitekeen bezala, Bizkaian nabarmen hazi da, baita Nafarroa Garaia ere. Kontuan izan behar dugu, halaber, Gipuzkoak bigarren postua hartzen duela, nahiz eta Bizkaiaren biztanle erdia duen.

Ipar Euskal Herriko azken datuak eskura ez ditugun arren, ostalarien artean egindako inkesten emaitzen arabera, azken urteetako uda onena izan da aurtengoa.

infografia_turismoa2

Nondik datoz eta nora doaz bisitariak?
Ipar Euskal Herrian, bisitarien %80 frantziarrak dira. Euskal Herritarrez gain, Erresuma batuak, Alemaniak edo AEB-K indar handia dute. Gainera indartzen ari dira Hegoaldekoak, alegia, Suedia, Suitza edo Herbeheretakoak.

Hego Euskal Herrian, aldiz, ia %60 Espainiatik etorriak dira, Frantziatik ere ugari (%30aren bueltan) eta Erresuma Batua, Alemania eta Italiatik ere bai. Bisitari horiek guztiek kostaldea dute xede: 10 bisitarietatik 9k jotzen du kostaldera. Ipar Euskal Herrian, aldiz, 4tik 3. Kostaldeaz gain, euskal hiriburuek hartzen dituzte turista gehien.

Turismo estrategia, ezinbestekoa
Turismoaren indartzeak aldaketa nabarmena ekarri du sektorean, eta aipatzekoa da, hain zuzen, bilakaera horretan barnealdeko turismoak izan duen garapena. Azpiegitura turistikoak indartzeaz gain, egitasmo estrategikoak martxan jarri eta jarduera multzo gero eta zabalagoa eskaintzen zaigu. Nafarroa Beherea, Zuberoa, Arabako Errioxa edo Nafarroa Garaiak urrats handiak ari dira egiten, baina baita  Karrantza, Tolosaldea, Urola edo Goierri ere. Eskualde eta bailarak gero eta gehiagok dute jarduera turistikoak garatu eta sustatzeko estrategia berezia.

Problematikak
Bolumen hauek aldi berean hainbat problema eta tentsio eragin dute 2015ean zehar. Iruñeko eta Baionako festen promozio modua, hiriburuetako masifikazioa, arautu gabe dagoen pisuen alokairuak eragindakoak...  Aktibitate honek hartu duen tamainak ezinbestean dakar nolako turismo eredua behar dugun luze eta zabal eztabaidatzea herrietako bizimodua edo landa inguruneetako aktibitatearekin osagarri izan dadin. Bai eta jarduera profesionalizatzeko formazio, finantzazio eta sustapen politika indartsuagoak abian jartzea ere.

Euskal Herrira datorren bisitariak Euskal Herria bilatzen duela kontuan izanda, oraindik oso apala den koordinazioa handitu behar da lurralde desberdinetako  enpresa eta instituzioen artean. Munduari euskal geografiaren aukera guztiak eskaintzen dizkion sustapena eginda denok irabazle. Ikusi besterik ez nola adierazten duten hainbat turismo gidek:

http://voyage.michelin.fr/web/destination/France-Pays_Basque_Navarre
http://www.michelin-boutique.com/guide-vert-michelin-pays-basque-p-985.html

Lerrootako azterketaz jardun zuen Gaindegiako koordinatzaile Imanol Esnaola ETB1eko Azpimarra saioan. Bertan izan zen, era berean, Jesus Mujika, Iraurgi Berritzeneko turismo arduraduna, eta barnealdeko turismoaz eta eskualde honetan egiten den eskaintzaz mintzatu zen.  

 

Bideoa: 

Turismoaz Azpimarra saioan: ez da edozein jarduera ekonomikoa Euskal Herrian from gaindegia on Vimeo.