[2020-04] Elikagai freskoen garestitze indartsua osasun larrialdian

Osasun krisiaren erdian munduan petrolio-eskariak behera egiten jarraitu du eta, 2020ko apirilan, aurreko hileko petrolio prezioaren beherakada berretsi egin da. Apirila amaieran Brent upelaren salneurria minimo historikoetan mantendu egin da. Bien bitartean, Saudi Arabia eta Persiar golkoko beste estatu arabiarrek petrolio produkzioa handitu egin dute. Maiatzeko lehenengo bi asteetan Brent upela garestitzen hasi da, aurrerantzean horrek Euskal Herriko salneurrietan izango ditu ondorioak baina baliteke bat-batekoak ez izatea.

Ingurumari horretan apirilan erregaien salneurriak 16,5 puntu behera egin du Hego Euskal Herrian, eta -20,7 puntu, Ipar Euskal Herrian. Nolanahi ere, hilabete honetan konfinamendu egoera medio ibilgailu pribatuaren erabilera oso txikia izan da Euskal Herrian eta garraio sektorean oinarrizko produktuen mugimendua besterik ez da eman.

Erregaien prezio beherakadak, aurreko urteko apirilarekiko alderaketan, Ipar Euskal Herriko salneurrien indize orokorrak igoera txikia izatea eragin du (+0,3). Hego Euskal Herrian, ordea, prezioen indize orokorrak hazkunde negatiboa izan du (-0,6). Goiz da Europar Batasunerako apirilerako datua ezagutzeko, baina osasun larrialdiak estatu gehienetako prezioetan eragina izatea espero daiteke. Esaterako, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) azken hamarkadako prezio gainbehera handiena gertatu da apirilean.

Salneurrien joera orokorra alde batera, martxoan gertatu bezala, elikagai freskoen prezio gorakada bere horretan mantendu egin da Euskal Herrian. Barazki freskoek 30,3 puntuko igoera izan dute Ipar Euskal Herrian eta, igoera apalagoa, Hegoaldean (+7,0). Fruta freskoen garestitzea garrantzitsua izan da ere, iazko apirilarekiko Hego Euskal Herrian 12,2 puntuko igoera eta Ipar Euskal Herrian 10,8 puntuko igoera izan baitute. Arrainak ere, izan freskoa ala ez, Euskal Herri osoan 9 puntuko igoera izan du.

Etiketa orokorrak: Euskal Herria