Skip to main content

Etorkizuna Europatik barrena

IÑAKI BERISTAIN, Ekonomialaria

www.i-beristain.com

Ikus Euskal Herriko oinarrizko adierazle galeria.

XEDE EDO HELBURUA

Gaindegiak berriki eguneratu ditu Euskal Herriko (Euskal Autonomia Erkidegoko, Iparraldeko eta Nafarroako) Oinarrizko Adierazleak, eta aukera paregabea dugu, beraz, eskualdeek Europak bizi duen krisian erakusten dituzten ezaugarri bereziak zehaztu, haien eboluzio edo bilakaera aztertu, eta egoera berrian izango duten egiteko edo garrantzi handia aurreikusteko.

Lan horiek guztiak egitea orain baino askoz ere errazagoa litzateke baldin eta estatistika homogeneo eta konparagarriak bagenitu hiru lurralde-eremu horietarako (Input-Output taulak, esaterako). Gaindegia lan handia egiten ildo horri jarraituz, baina bide luzea dugu oraindik egiteko.

EUSKAL HERRIKO EKONOMIAREN EZAUGARRIAK

Euskal Herriko (EH) lurraldeen datuei erreparatuz gero, agerikoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) garrantzia, hark biltzen baitu Barne Produktu Gordinaren %72 inguru —Nafarroak %20 eta Iparraldek %8—, 91.000 milioi euroko bolumenarekin 2009. urtean. Horrez gainera, nabarmentzekoa da zer-nolako garrantzia duen industria-jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren produkzio-egituran, jarduera-eremu horretara lerratzen baitu, hein handi batean, Euskal Herriaren ekonomia.

Itxura batean, Euskal Herrian sortutako balio gordinaren datu orokorrak apalak dira, baina datu horien benetako neurria ikusteko, biztanleko produkzio-datuei erreparatu behar diegu, ez baitiete inolako inbidiarik munduko estatu aurreratuenetako datuei. Horren erakusle ageriko bat da Euskal Herriko barne-produktu gordinak 30.000 euroko zenbatekoa ageri zuela biztanleko 2010. urtean, hau da, Finlandiakoa baino handiagoa (28.100 €/biz.) eta Europar Batasuneko batez bestekoa baino nabarmen hobea (24.400 €/biz.). Ez da ahaztu behar horiexek direla, hain justu, inguruko erreferentzia aurreratuak.

Eskulanaren produktibitate handia da Euskal Herriaren produkzio-gaitasun adierazgarri horren arrazoi nagusia. Enpresek, 2008. urteko krisia lehertu arteko urteetan, inbertsio handiak egin zituzten alor horretan, eta, oro har, I+G jardueren aldeko apustu sendoa egin zenez, produktibitateak gora egin du etengabe. Horiek horrela, nazioartean aurreratuen dauden erreferentziazko guneekin konparatuz gero, Euskal Herriko datuak oso onak direla ikusten dugu.

Euskal Herriak biltzen dituen faktore horien guztien ondorioz, lurralde oso lehiakorra dela ikus dezakegu, kanpo-merkatuak lantzeko joera duena. Horren adierazgarri da, esaterako, esportazioek eta inportazioek erakusten dituzten proportzio handiak lurraldean ekoizten den balio osoarekiko. Alde horretatik, nabarmentzekoa da kanpo-saldoak superabit etengabe eta gorakor bat erakusten duela, batik bat, krisi handia hasi ondorengo lehen urteetan. Euskal Herriak bere inguruko lurraldeetara esportatzen ditu ondasunak, Espainiara, Frantziara eta Europar Batasuneko gainerako herrialdeetara nagusiki. Azken horien artean, aipagarria da Alemaniara egiten diren esportazioak, eskakizun zorrotz eta lehiakortasun handiko ekonomia-eragilea baita. Agerikoa da, beraz, puntako merkatuetan sartzeko gaitasuna dutela euskal enpresek.

ETORKIZUNEKO ERRONKAK

Euskal Herriko ekonomiak oso datu onak eman badizkigu ere, beheranzko joera bati ekin zion 2008ko azken hiruhilekoan, munduko krisi handiaren eraginpean, eta joera horrek bere horretan dirau gaur egun ere. Euskal Herriaren erronka nagusiak, beraz, bat datoz Europar Batasunaren erronkekin, finantzazio-merkatuetan ziurgabetasuna eta eremu politiko-instituzionaletan ezegonkortasuna agerikoak diren garaiotan.

Egoera larria den arren, Euskal Herriak eta bere moduko herriek une honetan bertan dituzten aukerak nabarmendu nahi ditut, bistakoa baita eredu europarra agorturik dagoela. Zutik irauteko mahaiak behar dituen hiru hanketatik bi soilik ditu, gaur egun, Europako Erkidegoak. Batasun Ekonomikoa da lehen zutabe edo hanka, merkatu bakarrean eta ondasun, kapital, zerbitzu eta pertsonen zirkulazio askearen gainean eraikia, eta Moneta Batasuna bigarrena, euroa eta Europako Banku Zentralak zehaztutako moneta-politikan oinarritua. Hori guztia, ordea, ez da nahikoa: Europa eraikitzeko, Batasun Politiko egiazko batekin osatu behar ditu egungo hanka edo zutabe horiek. Horretarako, haren kide diren estatuek erakunde europarren esku utzi behar dute alor horretako subiranotasuna.

Gaur egun, inoiz baino beharrezkoagoa da botere exekutibo edo gobernu bakarra izatea Europan, Batasun osoa zuzenduko duena, Europako Parlamentuak emandako arauen bidez. Parlamentuak, nola ez, arauak emateko botere osoa izan behar du Europar Batasunarentzat oinarrizkoak diren jardun-eremuetan. Horrekin batera, "beheranzko" transferentzia-prozesu baten bidez indartu behar dira eskualde-erakundeak, behar adinako baliabideak, autonomia eta sendotasuna izan ditzaten, Europako estrategiaren tokiko eta eskualdeko jardun-adarrak indartu eta betetzeko. Asmo handiko helburua da zinez, baina, era berean, ilusionagarria, eta argi dago gogoz ekin behar zaiola lanari, konpromiso irmoz.

KONKLUSIOAK

Europarekin egin behar dugu bidea hemendik aurrera eta Europako herrien nortasuna indartu, haiek baitira Europa Politikoaren aliatu egiazkoak eta europarren Giza Garapen Jasangarria lortzeko giltzarri. Eredu europar berriaren erreferentziazko osagaiak dira horiek guztiak, eredu horrek eskualdeen esku uzten baititu etorkizuneko lanaren funtsezko zereginak, toki-eremuetatik eta eragile sozioekonomikoengandik hurbilen dauden elementuak diren aldetik.