Zein da Batzorde Zientifikoaren zeregina GAINDEGIAren barruan?
Zentzu estuan GAINDEGIAren lanketa estatistikoen kalitatea eta sinesgarritasuna bermatzea da, baina zentzu zabalago batean proposamen tematikoak proposatzea ere bada, oro har, izan ere aholkularitza kualifikaturako lantaldea osatzen baitu, eta alde horretatik proposatzaile eta orientatzaile zeregina dagokio.
Osaketa kontuan hartuta, zein dira batzorde horren ezaugarriak?
Euskal Herri osoko esperientzia handiko hamabost pertsonak osatzen dute Batzorde Zientifikoa. Disziplina askotakoak dira: Ekonomia, Ingurumena, Soziologia eta Gizarte Zientziak, Data Zientziak eta Teknologia. Saiatzen ari gara genero eta euskal lurraldeen arteko orekak egiten ere; ildo horretan ere bagoaz helburuetara hurbiltzen. Taldea osatzen dutenen artean, Euskal Herrian kokaturiko unibertsitate guztietako ordezkariak dauzkagu, bai publiko, bai kooperatibo eta bai pribatu, katedradunak, doktoreak nahiz ikertzaileak. Baina badira Administrazioan ibilitako ekonomia alorreko kargudun ohiak ere.
Epe laburrerako, nolako eginkizuna du Batzorde Zientifikoak?
GAINDEGIAk garatuko duen Euskal Herriko adierazle sozioekonomikoen sistema berritzeko proposamenak lantzea izango da datorren urteko gure egiteko nagusia.
Nola berrituko duzue adierazle sistema?
Gaur egun estatistika sozioekonomikoen kontzeptua, eta BPG kontzeptuarena bera, asko zabaldu da. Lurralde bateko adierazle-sistema berriak gai izan beharko luke lurraldearen osasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena modu orekatu eta integratuan neurtzeko. Horretarako, hainbat arlo jaso beharko lituzke, bakoitza bere adierazle-multzo espezifikoekin.
Nolako atalak izan behar lituzke?
Batzuk aipatuko ditut, zerrenda bera eztabaidagarria baita. Ekonomiaren iraunkortasuna, esate baterako. Ekonomia iraunkorra lortzeko, esate baterako, hazkunde ekonomikoaren kalitateaz gain, kontuan hartzen dira ingurumen eta gizarte inpaktuak ere. Ongizateari erreparatzen badiogu ere, ongizate orekatuak gizartearen beharrizanak modu egokian asetzea du helburu, hau da, kohesioa eta kalitatezko bizitza bermatzea. Edo ekonomia eta lan merkatua: Ekonomiaren eta lan merkatuaren adierazleek herrialdearen egonkortasuna eta lehiakortasuna aztertzen dute, baita langileen ongizatea ere. Klima aldaketa eta ingurumena saihestezinak dira gaur egun. Klima aldaketari eta ingurumenari buruzko adierazleak ezinbestekoak dira garapen iraunkorrerako.
Eta klimarekin batera, oraintsuagokoak diren neurketak ere bai, ezta?
Bai, noski. Zaintza, esate baterako. Gaur egun, zaintza neurtu beharra dago. Alegia, atal berritzaile honek ekonomia formaletik kanpo dauden baina bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren zaintza-lanak neurtu eta baloratzen ditu. Edo azpiegitura eta garraio jasangarria. Lurralde bateko azpiegiturak eta garraioa jasangarriak badira, ingurumenarekiko errespetua sustatzen da, eta aldi berean herritarrek baliabideetara sarbide orekatua izango dutela. Berrikuntza eta digitalizazio atala ere hor dago. Teknologia eta berrikuntza ekonomia jasangarri eta inklusibo baten bultzatzaile gisa aztertzen ditu.
Kontzeptu berriak, beraz?
Bai, kontzeptu asko berriak dira eta ia oraintsu arte BPGtik kanpo utzi dira. Birpentsatzea dagokigu, euskal lurraldearen egoera eta etorkizuna aurreikusteko lagunduko diguten datuak eskaintzeko asmoarekin. Adierazle sozioekonomikoen sistema berritzaile sendoa eraiki nahi dugu.
Estatistika datuen iturri ofizialak ere asko zabaldu eta garatu dira… Beraz, datuak aukeratu egin beharko ditugu, arkitektura kontzeptual estrategiko eta berritzaile bati begira.
Datuak bilatzeko iturriak ere ugariak izango dira, Euskal Herria hiru administrazio esparrutan banatuta baitago…
Bai, GAINDEGIAk datu estatistiko ofizialak makro mailan erabiliko ditu batez ere, Euskal Herriko lurraldeen errealitatea ezagutarazteko eta epe laburreko eta luzeko plangintza estrategikoan laguntzeko. Datuak bateratzeak, bestalde, zailtasunak ekarri arren, hainbat abantaila eta helburu garrantzitsu ere baditu. Zailtasunak aipatzearren, datuak iturri anitzetatik datoz (sektore publiko, pribatu eta nazioartekoetatik), eta bakoitzak neurketa irizpide eta definizio desberdinak izan ditzake. Datuak bateratzeak koherentzia eta kalitate bermatzea eskatzen du, eta, batzuetan, lurralde eta sektoreen arabera metodologiak homogeneizatzea erronka handia da.
Eta badago, hala ere, iturri horiei izen-abizenak jartzerik?
Datu iturri ofizialetara bagoaz, gertukoak ditugu Eustat (Eusko Jaurlaritzakoa) eta Nastat (Nafarroako Gobernukoa). Nastat, hain zuzen, INEren Nafarroako zehaztasunetarako. Eta Frantziako Insee erabiltzen dugu Ipar Euskal Herriko neurketetarako. Baina eskura ditugu bost merkataritza ganberetako datu ekonomikoak ere; alegia Bilbo, Baiona, Donostia, Gasteiz eta Iruñekoak.
Estandarrik badago?
GAINDEGIAk hasieratik erabaki zuen estandar homologatuari jarraitzea, metodologia eredu bezala. Kasu honetan, OCDE eta Eurostat.
Eta teknologia aldetik?
Hogei urte dira GAINDEGIA abian jarri zela. Hasieran ere ez zen erraza Euskal Herriko datuak eskuratzea eta metodologia aldetik bateratzea. Lan bikaina egina dago alde horretatik. Hor dira Euskal Herri osoko Datu Talaia eta atlas interaktiboak.
Teknologia asko aurreratu da. Zabalkunde euskarriak askotarikoak dira, eta asko hobetu dira. Software irekian lan egin daiteke. Digitalean prestatzen dira PDF bertsio5 laburrak ere euskarri askotarako, PC, tableta, telefono eta papera, eta sare sozialetan azkar eta era askotara zabaltzen dira.