Inor hautatu behar bada GAINDEGIAren sorreran kokatzeko, Antxon Lafont Mendizabal hautatu behar da. Euskal Herri osoa hartzen duen behategi sozioekonomikoarena ez zen gorpuzten hasi harik eta proiektura jendea batu eta kolektibo kualifikatu koskor bat eratu zen arte. Baina sortzeko izen bat nabarmendu behar eta, une haiek ikusi zituztenen begiradak ezinbestean jartzen dira donostiar enpresaburuaregan. Ondoren, GAINDEGIAk bere fundazioa formalizatu zuen, eta azkenean 2004an erregistratu zen.
Kultura itzeleko gizona, arlo jakinetan ezagutza zabalekoa —hala nola Fisikan, Kimikan eta Matematikan—, prestakuntza intelektual sendokoa eta ezin hobeki mintzatzen dituena gaztelania, frantsesa eta ingelesa (euskara hurbildu zen, baina ez da iritsi hura menderatzera). Bere ibilbidean, besteak beste, enpresaburu eta Baionako Merkataritza Ganberako zuzendari izana da, eta EAEko KES Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidente, kontseilu horretako ordezkari sindikalek hala proposatuta. Epistemología de la Ordenación del Territorio, enfoque Geopolítico doktore tesia aurkeztu zuen 2009. urtean UPV/EHUn, eta bikain cum laude kalifikazioa eman zion epaimahaiak.
Etorkizun ameslari izan da, eta Euskal Herriari beti Europaren ikuspegitik begiratu dio. Horrek azaltzen du, besteak beste, Baionako Ganberaren zuzendaritzarako hautagai gisa aurkeztu eta hautatua izatea. KESeko presidente gisa izandako esperientziatik bertatik ere, esandako zentzuan mintzatu zen. Carlos Etxeberriak Noticias de Gipuzkoa egunkarirako egindako elkarrizketa batean, 2011ko azaroaren 1ekoan, honela adierazi zuen: “Euskal Herri osoa hartuko duen CES bat sortzeko etapan murgildu beharra dugu, zeren eta gero eta gai ekonomiko eta sozial gehiago daude Bidasoaren bi aldeei batera eragiten dietenak”.
Lehenago ere, beste aldizkari batean, honela adierazi zuen: “Lurraldearen antolamendua askoz ere konplexuagoa da, estatuz gaindikoa behar du izan”. “Europaz eta globalizazioaz ari bagara, ezin dugu autonomia edo eskualde jakin baten lurralde antolamendua egin”, gaineratu zuen.
Globalizazioa ere beti egon zen presente enpresaburu donostiarraren gogoetetan. “Globalizazioan, sustrairik edo nortasunik ez baduzu, galdu egin zaitezke”, zioen. “Hori bera ari da gertatzen lurralde antolamendu espekulatiboetan beste maila batean: toki bateko edo besteko ekimenak berdinak dira, ez dago nortasunaren inolako errespeturik. Nortasunik gabeko mundua nahi badugu, bide zuzenetik goaz. Iraganik ez izatea zama handia da, baina orainaldia ez errespetatzea zama baino gehiago da: etorkizunean sartzeko beldurra”.
EMAKUMEAREN, AFRIKAREN ETA GIZARTE ZIBILAREN MENDEA
Gizarte zibila sarritan izan da Antxon Lafonten gogoetagai. “Gizarte zibilaren partaidetza XXI. mendea ezaugarrituko duten alderdietako bat da”, esaten zuen. “Emakumearen, Afrikaren eta gizarte zibilaren mendea izango da”, zioen 2009ko apirilean beste elkarrizketa batean. “Gizarte zibilak ondo prestatu behar du, eta formakuntza indartsu batekin jantzi. Horrela, gizarte politikoari indar handiagoa emango dio, krisian baitago; izan ere, jendea kokoteraino dago gauza askorekin, baina ezinbestekoa izaten jarraitzen du. Izendapenak atzamarrarekin fundamenturik gabe egitea, horrek kalte egiten dio gizarte politikoari”.
Ez da harritzekoa sinesmen horiekin —enpresaren mundutik etorririk baina gainera oro har prestakuntza filosofiko eta intelektual sendokoa izanik— gizarte zibileko plataforma bat sortzera animatu izana, GAINDEGIA, alegia, zeinak modua ematen baitu “Europako hedadura duen euskal espazio bat osatzea” oztopatzen duten traba administratiboak gainditzeko eta estatuaren edo erkidegoen definizioa gainditzeko (Espainiako Estatuko autonomia erkidegoei erreferentzia eginez).
Oharra. -Antxon Lafont gaur egun ospitalean da. Hori dela eta, zoritxarrez, ezin izan diogu elkarrizketarik egin zuzenean, zeina, zalantzarik gabe, mamitsua izango baitzen. GAINDEGIAren atzera begirako atal honetan bera aipatu gabe uztea, ordea, ez zaigu burutik pasatu ere egin. Azkenik, testu esanguratsuen hautaketa bat egin dugu, aurreko urteetan emandako elkarrizketa eta artikulu periodistiko ugarietatik erauzita, lerro batzuk gorago jarri ditugunak.