Skip to main content

[TXOSTENA] Lan merkatuaren egoera Euskal Herrian

Antzeko garapen maila duten erregioetatik gero eta urrutiago

Euskal Herriko lan merkatuaren egoera aztertzen duen txostenak erakusten digu Euskal Herria gero eta urrutiago dagoela antzeko garapen maila duten erregioetatik.

Txostenean gure lan merkatua zertan den ulertzen laguntzen duen adierazle sorta zabala eskaintzen da ―horietako batzuk lehen aldiz kalkulatuak Euskal Herri osorako―. Adierazle horien artean daude, besteak beste, Euskal Herriko jarduera-tasa, enpleguaren eta langabeziaren bilakaera azken urteetan, sektoreen bilakaera, lanaldi motak, lan kostuak, emakumearen egoera lan merkatuan, gazteen egoera, eta abar. Adierazle horiek grafiko nahiz taulen bitartez eskaintzen dira, irakurleak erraz ikus ditzan Euskal Herriak bizi dituen fenomenoak.

Euskal Herriko datuez gain, adierazle asko herrialdeka ere eskaintzen dira, ohi bezala lurraldetasun ikuspegiari eutsi nahi izan diolako Gaindegiak. Horrez gain, Euskal Herriko zenbait adierazle  Europako erreferente diren erregio eta herrialdeetakoekin alderatu dira; esaterako, Kataluniakoekin, Eskoziakoekin edota Flandriakoekin. Azkenik, gaian aditu diren Aitor Bengoetxea eta Mari Luz de la Cal-en iritziak jasotzen dira, jurista eta ekonomialaria hurrenez hurren, bai eta eragile nagusien gogoetak ere: sindikatu nagusiak,  ADEGI eta Ikuspegi (Immigrazioaren Euskal Behatokia).

Gaindegiak txostenak ematen dituen bi ondorio azpimarratu nahi izan ditu:

1) Gure adierazleen bilakaera mediterraneoko herrialdeetakoen parekoa da, alegia, prekarietatea nagusi duten lan merkatutakoen antzekoa; aldiz, gure BPGari eta langileko produktibitateari begiratzen badiegu, Europako herrialde garatuenen artean gaude.  

2) Euskal Herrrian bi lan merkatu eredu daude: Ipar Euskal Herrikoak, berezko arazoak baditu ere, enpleguari eusten dio eta azken urteotan bilakaera orekatuagoa izan du; Hego Euskal Herrikoa, ordea, enplegu galera geldituko duten premiazko mekanismoen beharrean da, belaunaldi ordezkapena sustatzeko eta sistema produktibo berria eta lan harreman propioak garatzeko balioko duten mekanismoak.
Gaindegiatik azpimarratu dute “gure lan merkatuak arazo estruktural larriak” dituela, gure sistema produktiboaren etorkizunari eta kohesio sozialari zuzen-zuzenean eragiten diotenak. Horri erantzun ahal izateko, ezinbestekoa da “bai sindikatuek, bai patronalak bai administrazioek elkarrekin gogoeta sakona egitea, etorkizunean jarraituko dugun estrategia adosteko”. Gaindegiaren ustetan, industria produkzioa bultzatzea da estrategia horren lehentasunetako bat, balio erantsia duten produktuen alde eginez, hori baita krisialditik irteten ari diren herrialdeak egiten ari direna.

ZENBAIT ADIERAZLEREN LABURPENA:

  • Lan egiteko adinean dagoen biztanleriaren galera: Euskal Herriko biztanleriaren zahartze prozesuak eragin zuzena du lan merkatuan: 2009tik nabarmen galtzen ari da lan egiteko adinean dagoen biztanleria. Kontuan izanik Euskal Herriko biztanleria aktiboaren %24,6a kanpoan jaioa dela, eta belaunaldi aldaketarako gure buruarekin aski ez dugula izango, aniztasun horri eustea izango da erronka, bai eta etorkizunean ere migrazio fluxuentzat toki erakargarri izaten jarraitzea ere.
  • Enplegu galerak bere horretan dirau: 2013an Euskal Herriaren enplegu galera  (-2,7 puntu) EB-28ko batez bestekoaren (-0,2) oso gainetik egon zen. Enplegu tasari adinaren arabera begiratzen badiogu, enplegu tasa altuenak 35-44 urte bitartekoetan (%78,6) eta 45-54 bitartekoetan (%74,2) aurkitzen ditugu. Ipar eta Hego Euskal Herriko enplegu-tasak bereizten baditugu, heterogeneotasuna eta bi eredu ageri dira: adin talde guztietan, Iparraldeko enplegu maila handiagoa da Hegoaldekoa baino, eta desberdintasunak are handiagoak dira sektore ahulenetan (24 urte baino gutxiago eta 55 urte baino gehiago). Azpimarratzekoa da 2013an enplegu galera handienak 20 eta 24 urte arteko (-16,8) eta 25 eta 34 urte arteko (-9,2) gazteengan metatu zirela. Kontra, 2013an, 20 urtetik beherakoen (+3,7) eta 55 urtetik gorakoen (+2,7) artean besterik ez du egin gora enpleguak Euskal Herrian.Bestalde, langabezia-tasak eta iraupen luzeko langabeziak goranzko joera dute azken urteotan; azken honi dagokionean, Bizkaiak (%9,6), Arabak (%7,8) eta Nafarroa Garaiak (%7,1) Euskal Herriko batez bestekoa gainditzen dute.Guztiaren gainetik, baina, gazteek pairatzen duten egoera aipatu beharra dago: 15-34 urte bitarteko lau gazteetatik bat langabezian dago (%26,3); datu hori erreferentziazko erregioekin alderatuta Kataluniak bakarrik gainditzen du (%31,6). Bestalde, 15-24 bitarteko gazteen artean oraindik ere altuagoa da langabezia-tasa (%43,3). 
  • Sektore guztietan, galera: Enplegu bolumenari dagokionean, zerbitzu sektorea da 2013an bilakaera negatiboena izan duena. Sektore honek biztanleria okupatuaren %70a hartzen du, eta krisi urteetan enplegu bolumenari hoberen eutsi dion sektorea bada ere ―beste jarduera batzuetatik etorritako langabetuak hartu ditu―, 2013 urtean 3,6 puntu jaitsi zen, behin-behineko datuen arabera. EB-28an, aldiz, 0,4 igo zen. Sektore honek bereziki indar handia du Lapurdin (%80,1) eta Bizkaian (%75,3). Industriak enplegua galtzen jarraitzen du, nahiz eta azken urtaldiko galera (-2,8) ez den aurrekoan izandakoa bezain gogorra izan (-8,7). Euskal Herriko industria sektorearen pisua (%20,8) Alemaniakoaren oso antzekoa da (%21,0), eta gure ekonomian duen trakzio ahalmena kontuan hartuta, zabaldu egiten da enpleguan oro har duen eragina. Herrialdeka, industria enpleguaren pisu handiena Nafarroa Garaian (%26,1), Araban (%25,4) eta Gipuzkoan (%24,6) dago.
  • Lan baldintza gero eta prekarioagoak: Iazko datuen arabera, Euskal Herriko soldatapeko populazioaren %19,7a behin-behineko kontratu batekin ari da lanean, eta zifra hori EB28koa baino sei puntu handiagoa da (%13,8). 2013an Hegoalden idatzitako kontratuen %93,9a behin-behinekoak izan dira. Era berean, krisia hasi zenetik, gero eta gehiago dira lanaldi murritzean lanean ari direnak (%16,4), baina Hegoalden, esaterako, lanaldi murritzean daudenen %49,6ak lanaldi osoan lan egitea hautatuko luke, horretarako aukera izango balu. Gaur egun, beraz, argia da Euskal Herriko lan merkatuan dagoen prekarietatea. Hegoalden legedi malguagoak aplikatzen ari dira, baina babes soziala gutxitzen doazen bitartean: formula horiek garapen ekonomiko baxuari erantzuten diete, eta ez dira, beraz, gure errealitatera ongi egokitzen. Hala, Herbehereetako edo Danimarkako malgusegurtasun eredutik aldentzen ari gara.
  • Euskal Herriko giza kapitala, kualifikatuenetakoa: Euskal Herriak eskulan gazte kualifikatuena du, Europako erreferentziazko erregioekin alderatuta. Euskal Herrian bizi den 25 eta 64 urte arteko bi aktibotik batek goi mailako ikasketak burutu ditu (%49,0), 2013ko datuen arabera. Proportzio horrek ikaragarri gainditzen du Europako batez bestekoa (%32,2). Euskal Herrian zein erreferentziazko beste lurraldeetan, langabezia handiagoa da beti formakuntza maila txikiagoa dutenen artean. Horretan, nabarmentzekoak dira Alemaniako erreferentzia erregioak (Baden-Württemberg izan ezik) eta Katalunia, azken urteko datuen arabera. Baina Euskal Herriak bigarren hezkuntzako (%16,2) eta goi mailako (%9,8) ikasketak dituztenen artean duen langabeziari dagokionez, Kataluniak besterik ez du gainditzen (%20,4 eta %12,8, hurrenez hurren). Norvegia, Baden-Württemberg, Steiermark (Austria) edo Flandriak alde ikaragarria ateratzen digute. Hala, etorkizuneko erronka ez da bakarrik enplegua sortzea: enplegu horrek biztanleria aktiboaren kualifikazioari erantzun beharko dio, ongi uztartu daitezen etorkizuneko ekonomia eta dugun eskulana.
  • Emakumearen desabantailak lan merkatuan: 2011tik aurrera emakumeen jarduera eta enplegu adierazleek bilakaera negatiboa izan dute Euskal Herrian. Emakumeen jarduera-tasa %68,4 da gurean; EB-28ko batez bestekoa gainditzen du horrek, baina erreferente diren herrialdeengandik urrun gaude ―herrialde horietan kontziliaziorako sistemak martxan dituzte―. Herrialdeka begiratuta, Iparraldeko lurraldeek dute emakumeen jarduera-tasa altuena. Aipagarria da, bestalde, lanaldi murritzeko kontratuen %80,9a emakumeei egiten zaizkiela, EB-28an baino zazpi puntu gehiago. Hori horrela, esan daiteke gure lan merkatuak oraindik ere ez dituela aukera eraginkorrak eskaintzen emakumearen merkaturatzerako, ez eta bere autonomia ekonomikoa bermatzeko ere.

 

LOTURAK:

Berria egunkariak egindako erreportajea: Urritu den merkatua

 

 

[[nid:16918]]