Skip to main content

Euskal Herria: harrera herri bat, errealitate bi

Globalizazioak eta munduan zehar milioika lagunen desplazamendua eragiten ari diren zailtasunek (gerrak, pobrezia, orotariko esklusioak…) isla argia izan dute euskal gizartean. Gertaera historiko honek, ordea, XXI. mendea hasi zenetik ezaugarri bereziak hartu ditu. Hego eta Ipar Euskal Herrian joera desberdinak daude, eta ondorioz, eraikitzen ari diren gizarteen konposizioa desberdina da. Hegoaldeak eta iparraldeak dinamika antagonikoak dituzte hein batean, euskal komunitate nazionalaren kohesioa gordetzeari dagokionez horrek dakarren guztiarekin.

Azken hamarkadetan gure artera bizitzera etorritako pertsonen jatorriak aniztasun handiko gizartea sortu du. Mendebaldeko ekonomia industriala eta garatua duten beste tokietan bezala, herritarren jatorriari dagokionez euskal gizartea aniztasun handikoa bihurtu da: euskal herritarren %28,5a (898.500 pertsona) Euskal Herritik kanpo jaiotakoa da. Edonola ere, ongi bereizi behar dira Ipar eta Hego Euskal Herriko errealitateak, zeharo desberdinak baitira.

Ipar Euskal Herriko biztanleen artean %42,8a Euskal Herritik kanpo sortutakoa da, baina gehienak Frantziar estatuko herritarrak dira (%39,2): Akitania Berrikoak (%9,4), paristarrak (%8,5) edo Languedoc-Roussillon-Midi-Pyrénées-ekoak (%4,3), nagusiki. Frantziar estatutik kanpoko herritarren proportzioa, aldiz, oso txikia da (%3,7). Multzo txiki honetan, heren bat Portugalen jaioa da (%1,1).

Hego Euskal Herriko herritarren artean, ordea, %27a Euskal Herritik kanpo jaiotakoa da. Espainiar Estatuan sortutako herritarrak horien erdia baino gehiago dira (%16,5), nabarmenenak Gaztela eta Leon (%6,4), Extremadura (%2), Andaluzia (%1,6) eta Galizian (%1,6) jaiotakoak. Aldiz, estatutik kanpo sortutakoak herritarren beste %10,5a dira. Kulturalki oso anitza den multzo honetan, Amerika (%5,1) eta Afrika (%2,2) jatorri gisa dutenak nagusitzen dira, bereziki Maroko (%1,2), Kolonbia (%1) eta Ekuadorrekoak (%0,8). Errumanian jaiotako herritarren komunitatea, bestalde, ekuadortarrena bezain handia da.

Migrazio fluxu berriak

2008 eta 2017 bitartean 375.500 lagun etorri ziren Hego Euskal Herrira. Bertaratzen direnak beste kontinente batetik datozenean, oro har Espainiako erregioren batean erroldatu ondoren datoz. Hala, krisialdi urteetan gure artean bizi zirenak beste herrialdeetara joan diren bitartean, horien lekua Espainian egoitza administratiboa zuten etorkinek bete dute, egoera ekonomiko hobeak erakarrita, nonbait.

Migrazio fluxuak, edonola ere, dinamikotasun handiko fenomenoak izan ohi dira. 2008/17 epealdian, esaterako, Portugal, Errumania edo Europar Batasuneko beste lurralde batzuetan jaiotakoen artean gehiago dira alde egin dutenak etorritakoak baino. Hots, Europan barna migratzeko hautuari eutsi diote Euskal Herriko lan merkatuan txertatzea oso zaila izan denean. Baina ez dira aukera horren alde egin duten bakarrak. Nolanahi ere, joera nagusia bestelakoa izan da eta Erdialdeko Amerika zein Karibetik (Nikaragua, Honduras, Dominikar Errepublika…), Afrikatik (Maroko, Senegal, Nigeria,…) edo Hego Amerikatik (Kolonbia, Venezuela, Peru,…) gehiago dira etorri direnak joandakoak baino. Hala, 2008/17 epealdian Euskal Herriak migrazio saldo positiboa izan du.

Ipar Euskal Herriko errealitatea bestelakoa da. Migrazio fluxuei buruzko datu zehatzik gabe ere, 2006 urteaz geroztik Frantzian jaio diren herritarren proportzioa 4,3 puntu handitu dela baiezta daiteke (+21.100 pertsona). Azken hamarkadan zehar, batik bat Paris eta orain arte lurraldean presentzia txikia zuten Frantziako beste erregioetako herritarrak etorri dira. Frantziar estatuan jaio ez diren herritarren artean ere, migrazio fluxua positiboa izan da, baina proportzio oso apalean. Herritarren jatorri eraldaketa horretan, herritarren %39a Ipar Euskal Herritik kanpo Frantziar estatuan jaiotakoa da egun.

Etorkinen eragina egitura demografikoan

Espainiar Estatuan jaio diren herritarrak adineko belaunaldietan metatzen dira Hego Euskal Herrian. Izan ere, 60 eta 70 hamarkadetako migrazio fluxuetan bertaratukoak dira. Horregatik, horien presentzia garrantzitsua da 55 urtetik gorako belaunaldietan, eta bereziki, 70 urtetik gorako herritarren artean (adin tarte horretan herritarren %42,1a).

Hego Euskal Herriko gizartea zahartu bitartean, atzerrian jaiotako migrazio fluxu berriek belaunaldi gazteak indartzeko joera izan dute, lan adinean iritsi direlako. Belaunaldien gaineko eragina alde batera, migrazio fluxuen feminizazioa oso aldakorra da jatorriaren arabera: Erdialdeko Amerika eta Kariben jaiotako herritarren kasuan gehienak emakumezkoak dira (%69,3a) eta Afrikan jaiotako herritarren artean emakumezkoen proportzioa txikia da (%38,2), bereziki Afrikako mendebaldea jatorri gisa dutenen artean.

Ipar Euskal Herriko kasua, bestalde, berezia da. Frantziar estatuan jaiotako herritarren adin perfila anitzagoa da baina badira bi multzo handi. Batetik, multzo handiena 20-49 urte bitarteko adinetakoena da, hau da, bertako lan merkatuari lotuz Ipar Euskal Herrira etorri da. Bigarren multzo txikiago bat erretiro adinean da, bai bertan erretiroa hartu duelako edo erretiroa hartu eta gero bertaratu delako.

Etorkinen kokapen geografikoa

Etorkinak euskal geografia osoan zehar barreiatzen badira ere, lurraldearen gaineko zenbait joera geografiko antzeman daitezke: lehena, amerikar jatorria duten herritarren presentzia bereziki nabarmena Iruñerrian, Arga-Aragoiko Erriberan, Tuteraldean, Estellerriko Ekialdean, Garesaldean eta Gasteiz, Donostia eta Bilbo inguruetan (herritarren %8-%5a bitartean). Bigarrena, jatorri afrikarra dutenen presentzia handia Ebro ibaiaren arroan, Tuteraldeako, Arga-Aragoiko Erriberako, Ebro Garaiko Erriberako eta Errioxa Arabarreko eskualdeetan (herritarren %9-%5a bitartean). Hirugarrena, Lapurdiko kostaldean Frantziar jatorria duten herritarren ageriko metatzea, batez ere Baionan eta bere inguruan (%46). Eta laugarrena, Espainiar Estatuan jaiotako herritarren presentzia nabarmena euskal geografiaren eremu zabalean, bereziki Arabako Errioxan, Arabako Ibarretan, Arabako Lautadan edo Bilbo Handian (herritarren %29-%22a bitartean).

Kolektibo horien artean oso aintzat hartzekoa da egoera administratiboa eta sozioekonomikoa. Hor dago muga. Afrikatik eta Amerikatik etorritako euskal herritarrak gero eta gehiago dira, eta horien artean egoera sozioekonomikoa zein juridikoa ahulagoa izan ohi dela aintzat hartu beharra dago. Hori ere egoera berria da gure historian. Horrek harrera kultura berria eta indartsua eskatzen du, kohesio soziala, aukera berdintasuna eta gizarteratze egokia izatera heltzeko.

 

Etiketa orokorrak