Has gaitezen erabakitzen

Herri baten ezaugarri nagusia bere buruaz arduratzea da. Herri oro bere kide berrien geroaz (haur eta gazteak), adinekoen ongizateaz (atsedena eta zaintza) eta geroratzeaz (orain erein gero jasotzeko) arduratzen da. Helburu komun horrek batzen ditu alde batekoak eta bestekoak, kultur osagaia oinarri bateratzaile dutela. Elkar hartuta hobeto bizitzeko aukerak batzen ditu herriak eta horren gainean eraikitzen dira gizarteak.Euskal Herriaren oinarriak zein diren arakatzen mendeak egin ditzakegu, baina ariketa bateratzaileena hauxe da: haurrak eta adinekoak zaindu, eguneroko ogia eskuratu eta bizilekua zaindu.

Euskal Herriaren kontzientzia dugunoi nekez sinetsaraziko digute gure premiak Madril edo Parisen lehentasun direnik, ongi dakigu kontrakoa egin dezaketela: geurea bereganatu, etorkizuna izan dezagun eragotzi. Esan dezakegu aspaldi galdua dugula askok, inoiz izan badugu, azken mendetan gorpuztu diren estatu egitura arrotz horiekiko itxaropena. Herri hau hemen zegoen bere geroaz arduratzen estatu horiek sortu aurretik. Norberaren lehentasun politikoak gora behera, gehiengo sozial zabal batek euskal geografia osoan geure ondorengoek hemen iraun dezaten borondatea dugu.
Euskal Herritar guztiak ez gara hemen sortuak eta ezin esan, beraz, denongan dagoenik menderakuntzaz betetako iraganari buruzko memoria kritikoa. Are gehiago, ez dira gutxi iragan horren gaineko memoria lausoa  dutenak. Baina, euskal herritar bakoitzaren memoria historikoa gora behera, denok ataka berean gaude oraintxe: gure semen-alabentzat etorkizun ahalik eta emankorrenaren beharrean; gure adinekoak (oraingoak eta gerokoak) babesteko sistema justu bat; erronka sozial berrientzat aterabide eraginkorren beharrean; eta aberastasuna sortzen jarraituko duen egitasmo ekonomikoa behar dugu. Frantziako Errepublikak zein Espainiako Erresumak huts egin digute, ederki huts egin ere, sinesgarritasun guztia galtzeraino.

Beraz, hemen dago euskal populua, lurra behean, zerua goian eta lan handiak dakartzan etorkizuna aurrean. Gauzak horrela, erabakitzeko premian gaude. Ez erabakitzea, aldiz, gutariko bakoitzaren eta gure ondorengoen, galbidea izan liteke.
Euskal Herriak ez du aberasten duen natur baliabiderik eta beraz, ez dugu, eskoziarren edo norvegiarren modura, aberastasun horren mozkina gozatzen ez eta etorkizuneko gordailu bihurtzerik. Zorionez edo zoritxarrez, eguneroko erronkek eguneroko arrakasta eskatzen digute, bestela gureak egin du.
Ongi dakigu horrek zer esan nahi duen euskal herritarrek aurreko mendetan izandako emigrazio basatiak gogoan hartzen baditugu edo beste nonbait jaiotako euskal herritarrek ezagututako gabezia egoerak aintzat hartzen baditugu. Horretan badugu herri gisa erabakitzen jartzeko oinarri komuna, ez dugu berriro gabezian eta miserian gure etorkizuna galduta ikusi nahi.

Letek esan bezala, “ekin ta ekin, bilatzen ditu, saiatze hortan ezin gelditu”… da gure esku dagoen metodo bakarra irauteko. Duintasunez eta konfiantzaz gure geroari begiratzeko.

Argi dago, beraz, hemen eta orain, euskal gizartean erabakiak hartzeko premia larria dagoela. Orain erabaki, gaur jateko eta bihar izateko.

Egin dezagun problematikaren zirriborro bizkor bat. Gure herrian urtero 30.000 haur jaiotzen dira. Beren gurasoek gero eta zailtasun handiagoak izaten dituzte eguneroko lanaz haurra hazi eta behar diren baliabideak lortzeko. Bereziki larria da amen kasuan, kasu askotan, ordain apaleko lanetara bideratu eta ezkontidearen ekonomiaren menpe jartzen baititu. Hori guztia indarrean dauden enplegu politika eta babes sozialeko legeen ondorio zuzena da. Noiz erabakiko dugu, familia politika egoki bat haurrak eta gurasoak babesteko, noiz harreman sozio-laboralen egitasmo propio bat ama izan nahi duten emakumeak lan merkatutik kanpo ez geratzeko, noiz emakumeak jarduera ekonomiko emankorrenetatik baztertzen dituen formazio kultura gainditzeko. Noiz aitortuko da legez etxean lan egiten duenaren ekarpen ekonomikoa? Erabaki beharrean gara, erabaki ala gizarte atzerakoi bat egin eta ontzat eman dugula onartu.

Jarduera ekonomikoak irauteko behar ditugun baliabideak ematen dizkigu (elikadura, zerbitzu publikoak, babes soziala, azpiegiturak…). Baina edozein jarduera ekonomikok ez du balio. Ingenieritzan oinarritutako herri bat gara aspaldian, formazioa eta ezagumenduan sakonduz bakarrik jarrai dezakegu aberastasuna sortzen. Horren guztiaren planifikazioak, ordea, (formazio planak, lan harremanak, finantzazio egitasmoak…) ezin dira antolatu Madrilgo lan erreforma, LOMCE eta gainerako neurri arrotzekin, gure errealitate sozio-ekonomikoak bertako ikuspegia duten neurriak behar ditu. Erabakitzen has gaitezen.

Halaber, munduari begira dagoen herria gara, tradizioz industriala, teknologikoa eta merkataria. Itsaso guztietan ibili eta herri guztiekin harremana duena. Gure nazioarteko misioa behar dugu, Paris edo Madrilen baimenik eskatu gabe. Halaber, beste herrietatik datozen pertsonei harrera egiteko irizpideak behar ditugu, huts egin duen eredu frantsesaren aldean desberdina, eta nazioartean salatua den eredu espainoletik urrun. Erabaki ezean, besteek eragindako gizarte zatiketa sufritu beharko dugu.

Pentsio sistemaz ere luze eta sakon hitz egin daiteke, baina gurea urte gutxian oso zahartuko den gizartea da. Erretreta hartuko duten pertsonen geroa duintasunez prestatu behar dugu eta badakigu biharko erretreta biharko lanak ordainduko duela. 2030an pentsioetako gastua egungoaren bikoitza izango da. Nola egingo dugu eraginkortasun handiko politika sozial eta ekonomia eraginkorrik gabe? Madrilgo erretreten kutxa hutsik dago, geure ekarpenak xahutu dituzte eta bi aukera eskaintzen dizkigute, euren kutxa betetzeko lan egin, ala euren gainbehera ekonomikoaren emaitzak gozatzea estatu osoko erretretadunekin batera.

Hamaika adibide eman dezakegu, baina, hemen eta orain, erronka nagusiak agerian daudenez, ezinbestekoa izango da erabakiak hartzea. Lehen lana erabakitzeko eskubidea gure esku dagoela jabetzea da, bigarren erabakitzeko behar diren egitasmoak apailatu eta adostasuna gure artean bilatzea. Adostasun berriak eraiki, gai nagusietan interesak bateratu.

Erabaki eta gauzatu.