Skip to main content

[ETB1] Azpimarra saioan, gazteen lan merkatuaz

[ETB1] Azpimarra saioan, gazteen lan merkatuaz

Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea:

“Gure gizartea transformatu da, aktibitate industrialetik ezagutzaren ekonomia deitu izan den horretarantz”

Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailea ETB1eko Azpimarra saioan izan zen astelehenean, ekainak 23, gazteez eta lan merkatuaz hitz egiten. Begoña Errazti kudeatzailea, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua (EAJ) eta Mikel Izagirre gizarte eragilea izan zituen solaskide.

[BIDEOA]

“Gure gizartea transformatu da, aktibitate industrialari lotuta egotetik ezagutzaren ekonomia deitu izan den horretarantz, bereziki emakumeen artean”, azaldu zuen Esnaolak. Izan ere, formakuntza aldi bereziki luzea dute Euskal Herriko gazteek: eskola behar baino lehen uzten dutenak %10 besterik ez dira, eta gaur egun 25-34 urte dituztenen artean, 10etik ia 6k dute goi mailako titulua; Europar Batasuneko tasa altuenetakoa da hori.

Gazteen langabezia-tasa_mapaHorrek eragin nabarmena du Euskal Herriko gazteen aktibitate tasan. 15 eta 24 urteko adin tartean, lanerako daudenak %29 besterik ez dira, Europar Batasunean %40tik gora diren bitartean. Emakumeen kasuan, gainera, aktibitate tasa bereziki txikia da. “Joera handiagoa dutelako formatzen jarraitzeko, bere autonomia ekonomikoa profesionalki garatzeko aukerari eutsi nahi diotelako”, azaldu zuen Esnaolak.

 Aktibitate tasa txikia izanda ere, langabeziaren proportzioa oso nabarmena da adin tarte horietan: lanerako dauden 15 eta 24 urte arteko gazte euskal herritarren artean, %43,4 daude langabezian; Europar Batasunean, %23,5 dira, batez beste. 25 eta 34 urte arteko adin tartean, berriz, langabezia %21ekoa da Euskal Herrian.

Gainera, Esnaolak adierazi bezala, lanean dauden gazteen artean ere badira bi elementu kezkagarri: 10etik 3 lanaldi partzialean ari dira (horietatik %62 halabeharrez, beste lan aukerarik ez duelako), eta 10etik 4 dira aldi baterako kontratuarekin dabiltzanak.

Ekintzailetasun tasak, bestalde, murritzak dira. “Ekintzaile izatearena oraindik ere maila apaletan daukagu”, esan zuen Gaindegiako koordinatzaileak. Izan ere, 10etik 9 ari dira beste norbaitentzat lanean. Hala ere, proportzioak oso bestelakoak dira Nafarroa Beherea eta Zuberoa bezalako landa eremuetan: “Baserria nagusi den lurraldeetan autoenplegua oso tasa handietan dabil: 3tik 1”.

[AUDIOA] Gazteen langabeziaz, Info7 irratian: entzun