Skip to main content

Euskal Herria eta gorabidean dauden ekonomia jarduerak

 

infografia Euskal Herriak gorabidean dauden sektoreen alde datozen urteetan zenbateraino egingo duen apustu, zerikusi handia izango du horrek bertako ekonomia eta garapenaren bilakaeran.

Europari begiratuz gero, Hego Alemanian, Benelux delakoan, Paris inguruan, Londres inguruan, Danimarkan, eta Estokolmo eta Helsinkiren bueltan kokatzen dira gorabidean dauden industria gehienak. Euskal Herriak badu nora begiratu, horrenbestez. Europako Kluster Behategiak identifikatu dituen jarduera horien artean, sormen industriak sortzen du enplegu gehien (12 milioitik gora); sormen industriak berak eta industria digitalak izan zuten hazkunderik handiena 2007-12 epealdian (%1,61 eta %1,07, hurrenez hurren); eta farmazeutikoek lortu zuten lan produktibitate handiena (41.003€ langile bakoitzeko).

Euskal Herriari bere bidea topatzea dagokio etorkizuneko sektore horien artean, gaur arte egindakoari ahalik eta etekin handiena ateratzearekin batera. Gure establezimenduen teknologia maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago izango dira horretarako. Horren harira, Euskal Herriko industria establezimendu guztien artean, %15,1ak dute teknologia maila handia edo ertain-handia; hiriburuetan edo hirigune nagusietatik gertu kokatzen dira establezimendu horiek batez ere.

Espezializazioari dagokionez, energia, garraioetarako materiala, makineria, ibilgailuen ekoizpena, elikagaien industria, aeronautika, surfaren industria… dira gure herriko enpresa  industrialek jorratzen dituzten alorretako batzuk. Etorkizunean Euskal Herriak izan dezakeen potentziala neurtzeko, gure teknologia zentroak zertan ari diren ere izan behar da kontuan: azken urteotan ahalegin handia egiten ari dira, besteak beste, medikuntza aplikatuan, fisikan eta askotariko ingeniaritzatan.

mapaLehengai horiek kontuan hartuta, gorabidean dauden zer sektoretan espezializatu zehazten dihardute Euskal Herria osatzen duten lurraldeetako administrazioak. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, fabrikazio aurreratua, biozientzia eta energia jo ditu lehentasunezkotzat. Nafarroa Garaian, osasunaren, eraikuntza jasangarriaren eta mekatronikaren bidetik ari dira lanean. Ipar Euskal Herrian, bestalde, klusterrak sortu dira, adibidez, agroelikaduraren, surfaren eta osasunaren industriaren bueltan.

Gorabidean dauden sektoreak izan ditu hizpide aste honetan Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, ETB1eko Azpimarra saioan. Berarekin batera, hizlari aritu da Iñaki Ibarra LKSko enpresen berrikuntzarako aholkularia ere.

Gaiaz, zebrabidea saioan: entzun

Bideoa: