Skip to main content

[ETB1] Azpimarra saioan, energia berriztagarriei buruz

Euskal Herria, Europar Batasunak ezarritako helburuetatik oso urrun

Urriaren 24an, Europar Kontseiluak zenbait helburu jarri zizkion bere buruari energia berriztagarrien alorrean. Besteak beste, 2030erako, energia kontsumoaren %27 berriztagarrietatik etorriko dela adostu dute EBko estatu kideek.

Gaur egun, Euskal Herria oso urruti dago helburu horretatik. Gurean, energia berriztagarriak eta energia autohornidura eskutik doaz, izan ere, berriztagarria baita ekoizten dugun energia mota bakarra. Hori horrela, Euskal Herriko autohornidura eta energia berriztagarrien datuak bertsuak dira: erabiltzen dugun energia guztiaren %7 besterik ez dator berriztagarrien bidez lortzen dugun ekoizpen propio horretatik. Dena dela, eskuragai dauden datu berrienak 2007koak dira, eta ordutik, gutxi bada ere, zertxobait hobetu da egoera.

EH energia _ mapa Europar Batasuna, batez beste, %14aren bueltan dago energia berriztagarriei dagokienez; Euskal Herria baino nabarmen hobeto beraz, baina 2030erako helburutik urruti, edonola ere. Hala ere, desberdintasun handiak daude estatu batzuetatik besteetara: EBko buruan dagoen Suediak, adibidez, berriztagarrietatik lortzen du erabiltzen duen energiaren erdia. Euskal Herria oso atzean dago Europako rankinean, Belgika eta Zipreren pare, eta Herbehereak eta Erresuma Batua baino hobexeago.

Euskal Herriak industria tradizioa du, eta energia beharrizan handia, horrenbestez. Esaterako, energia kontsumo osoaren %23 jarduera industrialari lotua dago Ipar Euskal Herrian (Eurostat, 2010); %34 Nafarroa Garaian (Nafarroako Gobernua, 2012); eta %41 EAEn (EVE, 2013). Horrek eta beste sektoreetako zein familien ohiturek handitu eta handitu egin dute energiaren kontsumoa urte askoan; 90eko hamarkadan eta XXI. mende hasierako urteetan, batez ere. 2008tik aurrera izan da beherakadarik, baina krisialdiari lotuta dago hori bete-betean, eta ez kontsumo ohituren aldaketari. Hori horrela, adituen aurreikuspenek diote egoera hau koiunturala dela, eta energiaren kontsumo joerak gorakorra izaten jarraituko duela, berariazko neurririk hartzen ez bada.

Euskal Herrian ere beste hainbeste gertatzen da, eta kanpo energiarekiko dugun menpekotasuna dela medio, gastua izugarria da. Esaterako, 2011n, Hego Euskal Herrian, energia produktuen esportazioen eta inportazioen arteko balantzeak -7.705 milioi euroko saldoa ekarri zuen. Bestela esanda, energia menpekotasunaren kostua gure Barne Produktu Gordin osoaren %9,3aren baliokidea izan zen. Eskariak ez ezik, energiaren prezioaren igoerak zerikusi zuzena du honetan: 2011n inoiz baino energia produktu tona gehiago esportatu zuen Hego Euskal Herriak, eta inportazio kopurua 2003koaren mailara jaitsi zen krisiaren ondorioz. Hala ere, 2011n izan zen, dirutan, saldo negatiboena.

Energia menpekotasunak dakartzan arazoak agerikoak dira, beraz, eta trantsizio energetikoa egin beharraz hitz egiten dute adituek maiz. Gai horixe izan du aste honetan hizpide Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, ETB1eko Azpimarra saioan. Berarekin batera, Xabier Zubialde energia berriztagarrietan aditua den ingeniariak eta Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida txostenaren egileak hartu du parte programan.

Info7 irratia (audioa): Transizio energetikoaz

Bideoa (32:45etik aurrera):

 

[AUDIOA] Info7 irratian: Transizio energetikoa Euskal Herrian