Skip to main content

[ETB1] Azpimarra saioan, emakumeen lan merkatuaz

ilus emakume gizonEmakumeek kontratu gehiago, baina prekarietate handiagoa ere bai

Gaur egungo kontratazio datuen arabera, gehiago dira krisi garaian lana aurkitzen duten emakumeak gizonak baino. Hala ere, kontuan izan behar da lan baldintzak ere kaskarragoak direla garaiotan, eta azken urteotako kontratu guztien %90a baino gehiago aldi baterakoak izaten ari direla.

Gainera, tartea murrizten ari bada ere, oraindik gehiago dira soldatapean lanean ari diren gizonak emakumeak baino. 2013ko Euskal Herriko guztizko datuek garbi erakusten dute hori guztia: 540.438 gizon ari ziren soldatapean lanean, eta %17ak zuen aldi baterako kontratua; emakumeak, aldiz, 506.213 ziren, eta %23ak zuen aldi baterako kontratua.

Euskal Herrian emakumeen lan merkaturatzea berandu gertatu zen, Europako erreferentziazko lurraldeekin alderatuta. Jarduera tasan azken hiru hamarkadetan eduki dugun bilakaera oso gorakorra izan da, beste toki batzuetan baino askoz gorakorragoa, baina oraindik ere erreferentzien atzetik dago Euskal Herria: emakumeen jarduera tasa %68,4 da gaur egun gurean, eta %72tik gorakoa Alemanian, Eskozian eta Danimarkan, esaterako.

grafikoa

Krisiaren eragina

ilus emakume gizon2Dena dela, krisiak eragin nabarmena izan du emakume aktiboetan ere: langabezia tasa %8,2tik %16,2ra igo da 2008tik 2013ra; eta enplegu tasa nabarmen jaitsi da, %67,36tik %59,47ra.

Krisiak izan du inpakturik enplegua izan baduten emakumeen soldatetan ere. Izan ere, datuek erakusten dutenez, Euskal Herrian, azken hamarkadan, handitu egin da gizon eta emakumeen urteko soldataren arteko aldea. 2005ean 6.417 euro gutxiago kobratzen zuten emakumeek urtero batez beste. 2012an, berriz, 7.688 eurokoa zen aldea: gizonek 28.880 euroko soldata izan zuten batez beste urte hartan Euskal Herrian, eta emakumeek, 21.192 eurokoa.

Horrenbestez, krisi garaian emakume gehiago kontratatzen ari badira ere, baldintzak kaskarragoak dira, nabarmen. Kontuan izan behar da, esaterako, lanaldi murriztua duten bost euskal herritarretatik lau emakumeak direla. Okupazio motetan ere bada alderik: jatetxeetako enplegatuen %67,2 dira emakumeak, eta ostalaritza da lan baldintza kaskarrenetakoak dituen adarretako bat. Bestalde, zuzendari eta kudeatzaile postuen %30,4 baino ez dute betetzen emakumeek.

Emakumeen lan merkatuaz jardun du aste honetan Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak ETB1eko Azpimarra saioan, ELAko Leire Txakartegi eta LABeko Zaloa Ibeas de la Cruzekin batera.

Audioa: Zebrabidean, emakumeen lan merkatuari buruz

Bideoa: