Skip to main content

Euskal Herriko garapen eta kohesio fondoaren aurkezpena

Udalbiltzak, ekainaren 20an (osteguna) aurkeztuko du Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa (Bilbo, 12:00).

Udalbiltzaren lehen egitasmoaren aurkezpena. Udalbiltzak joan den martxoaren 2an egin zuen berrantolaketarako batzarra, eta ekainaren 20an jarriko du abian lehen egitasmoa: Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa. Bilbon izango da aurkezpena, 12:00etan, Burtsa finantza zentroan. Nazio eraikuntzarako egitura. Euskal Herrian dauden desorekak gainditzen lagundu nahi dugu, nazio eraikuntzarako beharrezkoak diren egitura eraginkorrak sortzen hasiz, eta ariketa praktikoak eta ekimen zehatzak abian jarriz. Horretarako, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa abian jarriko du.

Lurralde garapena, kohesio sozioekonomikoa. Bost lehentasun onartu zituen Udalbiltzak batzar nagusian, eta haietako aurrena lurralde garapena eta kohesio sozioekonomikoa sustatzea da. Euskal Herria kohesionatzen, lurralde eta esparru batzuk biziberritzen eta gure nazio hau orekatzen joan nahi dugu. Horretan guztian, tokiko eta mugaz gaindiko politikak azpimarratuko ditu Fondoaren bitartez.