Skip to main content

[IRITZIA] Lurralde lehia Ipar Euskal Herrian, IMANOL ESNAOLA

Ipar Euskal Herriko bataz besteko errenta barnealdean kostaldean baino %27 txikiagoa izateak (eta hein berean Baionakoa Bordele eta Parisekoa baino txikiagoa, %14,9 eta %48,5 hurrenez hurren) egiturako arazo bat jarri du agerian. Hots, lurraldeen arteko lehian nor den nor. Kostaldeko herritar multzoa barnealdekoa baino jendetsuagoa izateaz gain aberatsagoa ere bada, alta, bere inguruan egiten den guztia baldintza dezake, hasi lurra eta etxebizitzaren salneurritik eta segi garapen ekonomikoa sustatzeko estrategiaraino. Kostaldeak barnealdearekin harreman asimetrikoa eta diberjentea (ekonomikoki, kulturalki, linguistikoki…) izan arren, Kostaldeak barnealdea nolakoa izan behar den erabakitzera hel daiteke. Eta erabakitzen ari da, ratio ekonomikoak eta demografikoak ikusita.

Hau esanda, ez da komeni ahaztea Bordele edo Pariseko errentak nabarmen handiagoak izanik, kostaldea eta barnealdea bera osorik daudela arrisku berean. Krisi finantzarioa lehertu aurreko urteetan Erresuma Batuko finantza legeek onartzen zituzten 100 urtean ordaintzeko maileguekin Nafarroa Beherean etxalde osoak erosten ikusi genituen UKdarrak, eta bertakoek ezin halako mailegurik eskuratu (!). Ondorio bera izan dezake errenta mailako gora behera honek. Sosa duenak ahal du.

Zorionez ekonomiak badu aldagai gehiago eta Ipar Euskal Herriko, bereziki barnealdeko, hainbat sektorek erakutsi dute badutela aski kontzientzia eta engaiamendu geroari bi eskuez oratzeko (Laborantza Ganbara, Lurzaindia, Arrapitz, Seaska, Euskal Irratiak…), baina Ipar Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen duen elkargo bat sortu eta estrategia integral bat adostu ezean gaitza izango da egun ezarrita dauden dinamikak eta asimetriak gainditzeko bidean jartzea. Indartsuenaren legea dago indarrean. Elkargo hori sortutakoan ere ederki kostako da pisu demografikoa eta lurralde ordezkaritzak orekatzea.

Hau guztia ikusita, ene buruari galdetzen diot barnealdeak kostaldearekin duen harreman gero eta asimetrikoagoan barnealdeak ez ote lukeen gogor apustu egin beharko posizioak indartzearen alde, ahots instituzional eta sozial bat eratu, aldarrikapen propioei forma eman, gainbehera demografikoa gainditzeko politika gogorragoak jarri abian, jarduera ekonomikoa indartu (industria, dibertsifikazioa…).

Azken buru, hazkunde demografikoa, gaztetzea, euskalduntzea, jarduera ekonomiko berriak abian jartzea. Bistan da horrek ere interesen arteko gatazka ekar dezakeela, baina gaitz erdi. Gainerakoan, barnealdeak berezko populazioa galtzen jarraituko du eta egungo indar harremanean kostaldeak erabakiko du nolakoa behar duen barnealdeak. Fenomeno bera bizi izan dugu Nafarroa Garaian Iruñerriarekin edo Araban Gasteizekin, eta horietan guztietan aldaketak ahulenaren kalterako izan dira.

Imanol Esnaola