Skip to main content

Euskal Herrian langabezia gora (tasa %14,6 / 215.929 pertsona). Araban izan ezik (-0,2) lurralde guztietan langabeziak gora egiten jarraitzen du

Aurreko hiruhilabetekoarekiko 0,7ko hazkundea izan du langabeziak Euskal Herrian INEren datuak aintzat hartuz; EUSTATen datuen arabera, aldiz, -0,1ekoa

INEk gaur Hegoalderako lan merkatuaz argitaratu dituen datuak eta Ipar Euskal Herrikoak aintzat hartuz (INSEEren datuak eta gure estimazioekin), 2012ko bigarren hiruhilekoan Euskal Herrian langabezia tasa %14,6ra iritsi da (215.929). Aurreko hiruhilabetekoarekiko alderaketan, hazkundea 0,7koa izan da. Aurreko urteko epe berarekiko, ostera, ia hiru puntuko hazkundea nozitu dugu (%2,9). EUSTATek epe berarentzat argitaratutako datuei eutsiz, Euskal Herri osoko langabezi tasa %12,7koa izan da, ia bi puntu txikiagoa eta beherakada apalak izan dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoak.

Lurraldeen argazkiak errealitate desberdinak marrazten dizkigu Euskal Herriaren baitan. Nafarroa Garaian langabezia tasa (%16,4) Iparraldean baino 6 puntu handiagoa da, azken urtean 3,6 puntu gora egin ondoren. Bizkaiko (%15,8) eta Arabako (%14,8) langabezia ere oso altua da, Araban, ordea, 0,2 puntu murriztu da 2012ko lehen epearekiko. Gipuzkoan izan da, halere, langabeziaren hazkunde handiena (%1,6), ez ordea EUSTATeko datuen arabera (%-0,8). Iparraldeko lan merkatuaren egoera, Hegoaldekoa bezain larria ez bada ere, langabeziak gora egiten jarraitu du.

Europako testuinguruari begiratuta, Euskal Herriko langabezia Irlandaren parekoa (%14,6) izan da azken hiruhileko honetan, Eslovakia (%13,6) eta Bulgariaren (%12,0) artekoa EUSTATeko datuen arabera. Espainiar estatuko langabezia tasa altua (%24,6) nagusitzen da Europar Batasunako estatuen artean, 2012 urteko lehen hiruhilekoan Greziakoa bera ere (%21,7) gaindituz.