Skip to main content

Euskal Herrian minbizia heriotzak EB-15 eta EB-27ren bataz bestekoaren gainetik

NEOPLASIEK ERAGINDAKO HERIOTZEN RATIOA, 100.000 BIZTANLEKO

EUSKAL HERRIA EUROPAKO TESTUINGURUAN, 2010 Ratioa %5,2 altuagoa da EB-15 baino eta %5,7 altuagoa berriz EB-27rekiko

Neoplasiak izan ziren 2010ean Euskal Herrian 270,7 heriotza eragin zituztenak ehun mila biztanleko. Azken hamarkadako minbizia heriotza ratiorik altuena da eta gure lurraldean heriotza ziorik nagusiena. EB-15 eta EB-27an heriotza zio nagusienetarikoa da baina ez da lehenengoa Euskal Herrian bezala. Europan arruntagoak dira zirkulazio aparatua jatorri izan duten gaixotasunen bidezko heriotzak.

Nazioarteko Gaixotasunen Sailkapenaren arabera (GNS-10) Euskal Herrian neoplasiaz hildakoen kopurua Txekiar Errepublikan (268,3) arrazoi beragatik hiltzen direnenen oso antzekoa da, baita ere, esaterako Estonian (2009 urtean 268,2 ). Danimarkan edo Alemanian ehun mila biztanleko hiltzen direnen ratioa ere oso antzekoa da baina Euskal Herrikoaren gainetik dago, hurrenez hurren 275,2 (2009) eta 275,3 (2010) hildako izanik.

Euskal Herriko banaketa administratiboari erreferentzia eginez, minbizia heriotza kopururik altuena EAEn dago (281,1) eta baxuena, aldiz, Nafarroa Garaian (226,2). Bi administrazioen arteko aldea esanguratsua da eta zehatzago aztertu beharko litzateke.

Europari dagokionez, neoplasia bidezko heriotza ratiorik altuena Ligurian kokatzen da (386,1; 2009 urtean), Italiako ipar-mendebaldeko erregioa; Dél-Dunántúl (355,5; 2010 urtea) Hungariako erregioa; Friuli-Venezia Giulia (354,8; 2009 urtea) eta Italian edo Asturiako Printzerrian (348,2; 2010 urtean). Kontrako aldean daude, berriz, Europako agintearen pean dauden eta kontinentetik kanpo geratzen diren lurraldeeak, esaterako Frantziar Guayana (58,0; 2009 urtea), Reunión Irlak (119,3; 2009), Melilla (121,4; 2010), Guadalupe (149,3; 2009) edo Zeuta (175,8; 2010). Estatuka, nabarmentzekoa da neoplasiaz hildakoen kopuru murritza Txipren (143,8; 2010), Islandian (181,2; 2010), Luxenburgon (205,1; 2010) edo Maltan (207,9; 2010).