Skip to main content

[Iritzia] Imanol Esnaola: Gipuzkoarron jatorriaz

[2014ko apirilaren 11n Gipuzkoako Hitzan argitaratua]

Gipuzkoa itsasertzean eta penintsula kontinentearekin lotzen duen pasabidean, joan-etorrian dabiltzan pertsonen eta salgaien pasalekua izan da. Erromesak, marinelak, merkatariak, ingeniariak… hamaika bizibidetako pertsonak erakarri ditu Gipuzkoak. Horrela, mendez mende, gure artean izan ditugu “beste” gu batzuk: gaskoiak, ijitoak, atlantikoan portuak dituzten hainbat herritako pertsonak… Halaber, merkataritzarako aukerak lurralde industrial egin du Gipuzkoa: ontzigintza, burdingintza, ehungintza, ekoizpen agroalimentarioa eta abar eta abar ekoizten asmatu dugu. Hamaika produktu eta zerbitzu sortu dugu eskaerari erantzun nahian eta bizibide duin baten bila.

Kokapenak eta ekonomiak, beraz, osaera sozial berezia eman digute, zer esanik ez azken hamarkadetan. Frantziako Errepublikak eta Espainiako erresumak, maiz, beren hedabideen bitartez, etengabe gogorarazten digute zeinen egoera larria duten immigrazioa dela medio; lurralde horietatik kanpo sortutakoak %14,6 eta %11,6 dira, hurrenez hurren. Gipuzkoan, aldiz, gaur egun biztanleen %22,6 dira Euskal Herritik kanpo sortutakoak. Euskal Herri osoari erreparatuko bagenio, %28,5eraino iristen da, eta Ipar Euskal Herria bere horretan hartuta, %43,6. Katalunian proportzio hori %38,5eraino iristen da. Beraz, euskal herritarrok, eta katalanek ere bai, badakigu zerbait bizikidetzaz, eta bagenuke zer konta munduari. Ohar gaitezen ez dugula prozesu hori kudeatzeko eta behar bezala antolatzeko eskumenik izan.

Gipuzkoar eta oro har euskal herritarren jatorriak, ordea, lotura handia du gure historiarekin. Azken hamarkadetakoa, batez ere, gerra galdu izanarekin eta Madrilgo asmo asimilazionistekin oso lotuta egon da. Baina errepara diezaiogun gure ekonomiaren historiari. Industria non, herritarrak han. Bailaraz bailara, tokiko industriaren indarraren arabera osatu da Gipuzkoako giza geografia orain arte. Horra hor, Irun, Pasaiako badiaren inguruko herri eta auzoak, Lasarte-Oria, Andoain, Zumarraga, Eibar edo Debagoieneko hainbat herri.

Baina garai bateko su eta keak, hazkundeak eta ondareak nola baliatu ditugun ere hausnartu beharko genuke. Izan ere, inork non ez dakiela eraikitako egitasmo ekonomiko horiek dakarkigute orain agerian ditugun hainbat gabezia; ez genituen erabaki, baina bai jasan. Hiriguneetan txertatutako lantegi zaharkituak, herritarrez leporaino betetako “usategiak”, eta abar. Eta, hain zuzen, estualdi ekonomikoak datozenean denontzat diren arren, estuagoak dira, berriro ere, leku horietan. 1980ko hamarkadako krisiak gogorren jo zuen herri eta auzo horietan ditugu egun langabezia eta prekarietate egoerarik larrienak. Sinesten ez duenak aski du aipatutako geografiari bueltaxka bat ematea hango eta hemengo tabernetan pintxoak dastatuz edozein egunetan.

Azken urteotan izaten ari garen gainbeherari eta estualdiari nola erantzun izan behar du oraingo erronkak. Ez du, ordea, edozein konponbidek balio. Hurrengoa datorrenean gure geografian “ahul” diren eremuek egoera hobean erantzuteko prestatu beharko genuke geure burua. Ez daitezela betiko zonaldeak enbataren aurrean horren ahul egon, ez daitezela kalteak jasaten lehenak izan. Ea berriro bizikidetza ikasgai bat eman ahal dugun. Estaturik ez duen herri baten estatu mailako ikasgaia. Has gaitezen orain prestatzen biharko krisiaren erantzuna, lurralde ikuspegiz.