Skip to main content

[IRITZIA] Ezartzen zaigun austeritateari begira

(Aste honetan Berrian eta Noticias taldean argitara eman iritzi artikulua) Berria (euskara) // Noticias de Gipuzkoa (gaztelania)   Image removed.   Ezartzen zaigun austeritateari begira Imanol Esnaola, Gaindegiako Koordinatzailea Ekonomian urak harro datoz. Krisiaren eragina mugatu nahi duten erabakien soka luzea da, batzuetan bertan erabakitzen da, bestetan atzerrian. Honela, egia berdaderotzat genituenak dantzan ikusten ditugu, baliabide eskasia edo proiektu berrietarako finantzazio premia dela medio. Honek guztiak gure etorkizunaren protagonista izan nahian daramagun estrategia atzera berriro definitzera eraman behar gintuzke, gustatu zein ez. Ekainean Gaindegiak “Austeritate eta murrizketa espainol eta frantsesen ondorioak Euskal Herrian” izeneko lan bilera burutu zuen. Bertan bildutako aditu eta bazkideen artean datorkigunari buruzko kezka nagusitu zen, besteak beste, ezarritako austeritate eta murrizketek egitura mailako erantzunak emateko aukera mugatzen dutelako. Izan ere, egoera honetan ezinezkoa zaigu aurreikuspenez jokatu eta gure baliabideen arabera erantzutea. Euskal Herriaren eta bere gizartearen eginbeharren artean dago etorkizuna imajinatu eta gauzatzea. Ariketa horrek berarekin dakar aurrez ezarritako kontzeptu eta mugak gainditzea. Gure etorkizunak desberdina izan behar badu, desberdina beharko du izan gure pentsatzeko, jokatzeko edo antolatzeko moduak. Bestela jokatzea suizidioa litzateke eta ez dirudi aukera hori gure herriaren kode genetikoarekin bat datorrenik. Lurralde eta nazio izaerarekin bat datozen erantzun berriak bilatzeak ariketa ilusionagarria izan behar luke. Jabetzen gara nozitzen ari garenak duen eragin sozial larriaz, baina hala eta guztiz ere, gai izan behar genuke botere zentralek gure herriari ezarritako harresi intelektual, normatibo zein territorialak gainditzeko. Noiz arte onartuko ditugu pasibitatez euskal lurraldeen arteko lankidetza eta elkartasunari ezartzen zaizkion mugak? Nork eragotziko digu herri gisa etorkizunean pentsa dezagun eta ados jar gaitezen? Badakigu gauzatzera iristeko zailtasunik ez dela faltako, baina bidean abiatu beharra dugu. Gauzak horrela, “ezarritako austeritatea” dei dezakeguna jasatea egokitu zaigu Euskal Herriko eremu administratibo guztietan. Hegoaldean defizitik ez duen politika instituzionala ezartzen da, lan merkatua araurik gabe uzten, proiektu berrietarako gaitasun finantzario propioa ukatzen… Halaber, Ipar Euskal Herrian, kudeaketarako egitura autonomorik gabe dagoenak, urteak daramatza baliabide publikoen berrantolaketa jasaten eta urrunagoko lurraldeetara nola doazen ikusten. Ez da larritasun txikiagokoa bere ekonomia edo formakuntza egitasmoa antolatu ezina, batez ere, industria galtzen eta gaztediaren zati garrantzitsu bat kanpora doakionean etorkizun bila. Gertaera sorta hau hainbat ikuspegitatik azter daiteke. Batetik gure burujabetza bidegabe bereganatzea esan nahi du. Bestetik, gure errealitateari ez dagozkion zorroztasun ekonomikoak ezartzen dizkigute. Hau guztia bertako instituzioek zein gizarteak eraikitakoa desegituratzeko ahalegin gotorra da. Esandakoa larria izan arren, are larriagoa da kanpotik ezarritako austeritate horrek beharrezko ditugun prozesu eta proiektuak gauzatzeko aukera legez mugatzea, nahiz eta horretarako aski gaitasun eta baliabide izan. Kanpotik ezarritako austeritateak jasan beharra dakarkigu. Gure indartze prozesuan nahikotasunez parte hartzeko aukerarik gabe uzten gaitu. Nahi eta ezin. Inork uste al du bi estatu zentralista horiek egindakotik etorriko dena geuk geure eskuz eraiki genezakeena baino hobea izan daitekeela? Galderari erantzuteko aski dugu Frantziako eta Espainiako lehentasunei erreparatzea edo geure autogobernu grinarekiko lotsarik gabe adierazten duten nahigabeari. Horra hor, dakarkigutenaren aurrerapena. Hauxe da, zalantzarik gabe batzuek zein besteek geure egiturako osagai nagusiak ahultzeko baliatuko duten momentua, eta horrekin euskal herritarrek beren herriarekiko duten uste ona zapuztu. Izan ere, sentsibilitate nazionala edo politikoa edozein dela ere, oro har, euskal herritarrek uste ona dute beren herriaren gaitasunaz. Arestian esan dugu garai berriak bizi ditugula eta horrek sendabide berriak eskatzen dituela. Beraz, galde diezaiogun orain geure buruari ezarritako austeritateak urrats egituratzaileak emateko zenbat baliabide kentzen digun. Mundu mailan egoera oso bizkor ari da aldatzen. Gaur zenbat eta burujabetasun txikiagoa orduan eta txikiagoa bizirik irauteko aukera. Egoera, eragile eta eremu berriak, garapen teknologikoa.... Mundu honetan irauteko, ezinbestekoa da ezagumendua indartzea, pentsatzeko eta jarduteko moduak aldatzea. Horrek guztiak, beraz, kohesio eta gaitasun handiko gizartea eskatzen du. Bai eta beste hainbat oinarri ere, trantsizioa erraztuko duten legediak, eraldaketa lekarketen proiektuetarako baliabideak, hala formakuntzan nola ikerketan, babes sozial eta laboralean, energian, mugikortasunean… Agian, irakurle zenbaitek ez du bat egiten egoeraz esandakoarekin. Ez dira, ordea, uste hutsak. Prozesu larriak bizi ditugu, hala nola, euskal herritarren bizi baldintza materialen bilakaera, langabeziaren hazkundea eta soldata zein lan baldintzen eskastea… Orain gutxi arte urrun (baina ez ezezagun) zitzaigun egoerara garamatzate. Gure gizartearen multzo gero eta handiagoa gizarte bazterketara hurbiltzen ari da. Halaber, multzo nagusi batek elikadura, hezkuntza edo osasun arloan bizi dituen murrizketek datorkeenarekiko zalantzak eragiten ditu. Egituratu gabeko gizarte baztertzaile batekin nekez erantzungo diogu herri gisa aurrean dugunari. Lan arloko legediaren bilakaerak, eta ondorioz lan baldintzenak, aparteko aipamena merezi dute. Euskal Herriak arlo honetan bere gizartearekin, bere egitura produktiboarekin eta bere premia estrategikoekin zerikusi gutxi duen bilakaera jasaten ari da. Espainiako Erresumak soldatak jaitsiz, lan eskubideak indargabetuz, besteak beste, lan kostu txikiko ekonomia izatera iristea bilatzen du. Euskal Herriak, duen egitura produktiboarekin, nekez egin dezake bat helburu horrekin. Euskal Herria “garatuegia” izaki “atzera” egin behar ote du Espainiako Erresuman hobeto uztartzeko? Ipar Euskal Herriak ongi formatutako gazteak eskaini behar ote dizkio Errepublikari, bere lurraldea erretreta hartutakoei zuzendutako zerbitzuen ekonomia bihurtzen den bitartean, lan merkatu guztiz prekarioa dakarrena ezinbestean. Ez dut uste Euskal Herria ezaugarri horiek dituen etorkizun bat onartzekotan denik. Ezer egitekotan, formakuntza, babes soziala, ikerketa edo etengabeko hobekuntzari bideratutako egiturak indartu beharko genituzke. Lan merkatua eta babes soziala bezala, ikerketa eta garapenerako estrategiak zein berrikuntzaren sustapena larri dabiltza. Ez dirudi ezarritako austeritateak errealitate honi proiektu eta baliabideekin erantzuteko aukerarik ematen digunik. Berrikuntzarena gure gizarte eta ekonomiarentzat oinarrizko garapen ildoa izan arren, I+G+b arloko egitura eta baliabideen gainbehera denon bistan daude dagoeneko. Etorkizunean are nabarmenagoak izango dira. Honela nekez eutsiko zaie egungo enpresa eta lanpostuei, are gutxiago sortuko etorkizun handiko zein kalitatezko lanposturik arlo honetan apusturik egin gabe. Gure enpleguaren, enpresen eta oro har gure ekonomiaren etorkizuna dago jokoan, besteak beste. Aipatu arloak eta beste hainbat, hala nola, gure inguru naturalaren kontserbazioa, menpeko pertsonen arreta, jarduera sozial sexistak gainditzea, mugikortasun jasangarria, lurraldeen baztertzea, elikadura subirautza… ezarritako austeritatearen biktima dira, baina batez ere, gure premietarako arrotzak diren helburu eta erabakien ondorioz garapen makaldua duten eremuak dira. Aipatzekoa da, halaber, honek guztiak hainbat sektore (eta euren interesak) kaltetzen dituen aldetik, hauen arteko gatazka dialektiko larriak pizten ari direla. Sektore horiek herri estrategia bat egon dadin eragile izatera deituta daude. Gaindegiak nahi luke aipatutako hau gogoeta eta eztabaida ardatz bat izan dadin Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta sozialarekin engaiatutako sektoreen artean. Ez dago zalantzarik, lehen egitekoa arazoaz mintzatzea da, eta hori, eragile ekonomiko eta sozialei dagokie.