Skip to main content

[Eñaut Aramendi] Ipar Euskal Herriko lan merkatuaz

Iritzi hau eta beste hainbat Lan merkatuaren egoera Euskal Herrian txostenaren harira eginak izan dira

Enplegua,  lan merkatuaren eta langileen egoera IEHn 2008an agertu krisi testuinguruan kokatzen bada ere, egiturazko ezaugarriei baita 1980. hamarkadatik txandakatu gobernamenduen hautu sozio-ekonomikoen ondorio zuzenak dira.

Ekonomiaren egiturei doakionez, IEH azpi industrializatua dela azpimarratu behar ; ondorioz ekintza produktiboak gutti dira (laborantzan ezik) eta zerbitzuak nagusitzen dira. Ekonomia egoilarra aipa daiteke, biztanleen eta aisialdientzat etorritakoen beharrei erantzuteko ekintza ekonomikoak baitira nagusiki .  132 499 enpleguak horrela banatzen dira : % 77,5 zerbitzuetan (komertzioa eta turismoa barne), % 9,6 industrian, % 8,2 eraikuntzan eta % 4,4 laborantzan.

Enpresei doakienez, gehien gehienak ( % 95a) enpresa biziki tipiak dira (TPE frantsesez) hots 10 langile baino gutxiagokoak. Horrez gain industrian edo eraikuntzan ari diren enpresa handiak multinazionalak dira edo Frantziako enpresa talde handiak ; ondorioz erabakiak ez dira hemen bertan hartuak.

2008an lehertu krisiak enpleguaren egoera okertu badu ere (Frantziako beste eskualdeetan baino gutxiago halere eta berantago, ekonomiaren egitura bereziarengatik neurri handi batean), enpleguaren egoera 80. hamarkadatik Frantziako gobernamenduek burutu politika neoliberalen ondorioak jasaten ditu. Politika hauen ezaugarriak ezagunak dira : enpresa handien aldeko etengabeko neurriak eta opariak, akziodunen dibidenduak elikatzeko baliatzen direnak batik bat ; soldaten zati geroz eta tipiagoa balio erantsian : 1980 eta 2008 artean, soldaten partea sortutako aberastasunean % 74tik % 65era pasa da, akziodunek kobratu dibidenduak aldiz % 3tik % 9ra. Paraleloki,  diru gastu publikoen apaltzeak eta zerbitzu publikoen suntsiketa, babes soziala murriztua, lan zuzenbidea zalantzan...

Izan ere hor ditugu azken neurri aipagarrienak, Hollande gobernamenduak bideratuak 2012tik goiti :

• ANI akordioa, langile sindikatu batzuk (CFDT, CFTC, CGC) eta nagusien artean izenpetua, legea bihurtua 2013ko ekainean, erretreta sistemaren erreforma 2013ko udazkenean eta, azkena, « erantzukizun ituna ». Lehenak,  « enpleguaren segurizazio legea » izendatua, malgutasuna (lan orduak, lan tokia, soldata...) eta prekaritatea emendatzen ditu eta lanaren zuzenbidea kolokan ezartzen; langileen eskubideak murrizten dituzten enpresa akordio batzuen izenpetzea ahalbidetuz besteak beste.
•  Erretreta sistemari doakionez, Sarkosy gobernamenduak inposatu erreforma berretsi du Hollande gobernamenduak, bere hauteskunde kanpainaren hitza janez :   erretretara joateko adina baieztatua izan baita (62 urte) eta puxatua ere,  kotizazio urte kopurua emendatuz (lanean hasten diren gazteek ezingo dute - kasu hoberenean – erretreta jaso 68 urte aitzin). Ondorio zuzena, pentsioak apaltze nabaria izanez.
• Azkenik, ondoko asteetan plazaratuko den « erantzukizun ituna », enpresen benefizioak emendatzea  helburu  duena : enpleguak sortuko dituztelakoan, 40 miliar euroko opariak egiten zaizkie (kotizazio sozialak  murriztuz eta batzuen kenduz, zergen tipituz) ; diru emaitza horien truke ez zaie  enpresei inolako konpromisorik eskatzen; aldiz  eskainitakoa finantzatzeko estatuaren buxeta 50 miliar euroz tipitu beharko da... 80. hamarkadatik hartu bide beretik eginen da, zerbitzu publikoak murriztuz batik bat (osasungintza, hezkuntza...).


Politika ekonomiko-sozial hauek ondorio zuzenak dituzte enplegua eta langileen lan eta bizi baldintzei begira. Orokorki langabezia, prekaritatea, pobrezia, inegalitate sozialak handitu dira, erosahalmena tipitzen zen bitartean;  lan zuzenbidea zalantzan ezarria baita, lan baldintzak okertzen dira, malgutasuna eta indibidualizazioa emendatuz; babes soziala hankaz gora ezarria da.

Ondorioak Ipar Euskal Herrian,  zenbakitan  :

• Soldata batazbestekoa Ipar Euskal Herrian, 2.059 eurokoa da (soldata gordina), Frantzian ) baino apalgoa  (2410 eurokoa Frantzian) ;
• langabezi tasa  % 9,6ra igo da  2013an   (Frantzian : 10,5 % delarik) ; langabetuen kopurua % 4,9z emendatu da 2012 eta 2013 artean ( 21 611 ziren 2013 bukaeran); 
• gehien hunkituak  25 urte peko  gazteak dira (langabetuen % 15), emazteak (% 50) eta 50 urte baino gehiagokoak ; azken bi kategorietan da emendatze handiena izan ( % 6,5 eta % 11,8 urte batez) ;
• Langabezian 12 hilabetez izandakoak geroz eta gehiago dira : langabetuen  % 37,8 osatzen dute
• RSA  jasotzen dutenak  % 6,3z emendatu dira  urte batez, pobreziaren hedatzea agerian ezartzen duena
• bitartekako enpleguak (aldi bateko laneko enpresek sortuak) % 7z igo da  urte batez
• « beltzean » ari direnak, hots kontraturik gabe,  ugariak dira baina  berez zaila da zenbakitzea 
• emazteen enplegu eta lan egoera txarragoa izaten segitzen du eta diskriminatuak dira oraindik  : langabezi tasa handiagoa , enplegu prekario gehienak emazteenak dira (aldi partzialeko enpleguen % 80a) ;   soldata apalagoak dituzte oraindik, bereziki zerbitzuetan prekaritatearengatik (% 27,5ez frantses estatuan).


Euskal Herriko lan merkatuan, bermatu beharrekoa :

Enplegu tasa hobetu behar da, bereziki emazte eta gazteena ; enplegu prekarioen eta denbora partzialeko lan postuen aurka egin behar da, langileen egoera hobetzeko baita babes soziala antolatzeko kotizazio zenbateko orokorra emendatzeko ere.

Paraleloki, lanaren iraupena murriztu behar da : gaur egun Frantzian, 35 legea zalantzan emana da , enpleguak sortzeko 32 ordura pasatu behar delarik. Ildo beretik, erretreta adina tipitu behar da,  60 urtera itzuliz lehenik, 55 lan dorpeetan ari izan direnentzat ; erretreta osoa 37,5 urterekin epe motzean eta ondotik kotizazio urte beharrezkoa tipitu.  Lanean iragandako denbora tipitu behar da eta lana molde zuzen batez banatu : gaur egun ezagutzen dugun lan banaketa, aldiz, prekaritatea eta langabeziaren ondorioa da, batzuen bazterketarena hots...

Lanpostuen suntsiketa gelditu, botere publikoek bideratu  egiazko politika ekonomiko baten bidez ;  dibidenduak emendatzeko helburuarekin egindako enpresa hesteak ezinezkoa bihurtu.
Enplegu berriak sortu, enplegu publikoak bereziki :  jendartean beharrezkoak diren aktibitateak sortu eta  garatu behar dira : haurretaz arduratzeko edo adinekoak laguntzeko baita  osasungintzan, hezkuntzan, kulturan... zerbitzu publikoak garatuz  eta hedatuz.

Soldatak,  pentsioak, langabezi indemnizazio edo botere publikoek bermatzen dituzten diru irabaziak (RSA...) igo behar dira eta RSA gazteentzat ahalbidetu ( gaur egun 25 urtetik goiti baizik ezin da kobratu). Soldata edo irabazi gutxienezkoa 1500 eurotan (garbia, kotizazio guztiak kenduta hots) finkatu behar da.

Ildo beretik, langabetuen eskubideak bermatu behar dira baita aldi baterako enpleguak dituztenenak : bi enpleguen artean, diru irabazi gutxienezkoak bermatuz eta egiazko formakuntzak eskainiz.
Lanbide formakuntza hobetu behar da eta formatzeko aukerak biderkatu behar dira, egiazko kalifikazioa eskuratzekoak, doanik eta  lan denboran. Formatzea oinarrizko eskubide bat da eta lehentasun bat izan behar da,  bereziki langabetu, kalifikaziorik ez duten langile eta langile prekarioentzat.

Frantziako estatuak bideratu eta legeztatu berri duen lanbide formakuntzaren erreformak ez die aipatu beharrei erantzuten. Formakuntzarako kontu bat sortzen du langile ororentzat baina formakuntza  150 ordu baizik ez dira bermatuak eta  formakuntzak onartuko dira baldin eta enpresen beharrei erantzuten badiete; horrez gain, enpresa handiek ordaindu beharreko kotizazioa, formakuntza finantzatzeko, apaltzen da (MEDEF nagusien sindikatuak eskatu bezala), enpresa tipiek  ordaintzen dutenarekin berdinduz.

Diskriminazioarekin bukatu behar da, emazteen formakuntza eta enplegua sustatuz eta soldaten berdintasuna lortzeko neurri zorrotzak hartuz. Behar diren neurriak hartu ahal izateko eta elkartasunean oinarritu jendarte funtzionamendua bideratzeko, medioak behar dira eta medioen mutualizazioa ezinbestekoa da : horretarako zergen sistema zuzendu behar da baita  babes soziala antolatzeko kotizazioa sistema ere. Izan ere zerbitzu publikoak hobetzeko, garatzeko eta ezinbestekoak diren ekintza batzuetara zabaltzeko (bizitegiak, garraioak, kultura …) diru publikoa beharrezkoa da ; ildo beretik, kotizazioek – zeharkako soldata, soldata sozializatua, direnak – elkartasunezko  erretreta sistema, langabezian diren langileen indemnizazioak, familientzako laguntzak, osasun gastuak... bermatzen dituzte. Horretarako eta lehen urrats bezala, nagusien  kotizazio eta zergen murrizketak edo kentzeak gelditu behar dira ( 1992z geroztik, 316 miliar euroko kotizaziotik libratu dira nagusiak Frantzian).

Enplegu politika bat gauzatzeko eskumenak behar dira Ipar Euskal Herrian. Frantses estatua biziki zentralizatua da eta politika sozio-ekonomikoa, lan baldintzak, zergen sistema... Parisen finkatuak dira. Bestalde, Ipar Euskal Herrian diren enplegu asko, administrazioen edo egoitza soziala beste nonbait duten enpresa handien menpean dira ; ondorioz erabakiak ez dira Euskal Herrian hartuak. Gisa berean, lan baldintzak eta soldatak negoziatzeko guneak urrun dira.

Gauzak aldatzeko eta hobetzeko, erabakiak Euskal Herrian bertan hartzeko eskumenak lortu behar dira : Ipar Euskal Herrian eskumen zabalak ukanen dituen  lurralde elkargoa sortuz eta, lan baldintzak, soldatak, lanbide formakuntza … langileen egoerari doakion guztia negoziatzeko eta hobetzeko  gune propio bat.