Skip to main content

Ipar Euskal Herriko bozak

Ipar Euskal Herriak, 12 kantonamendu eta 24 ordezkari Kontseilu Nagusian 

Ipar Euskal Herrian egunotan egiten ari diren departamendu bozek bertako kantonamenduen errealitatera gerturatzeko aukera ematen dute. Hauteskunde hauen ondoren, Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak 54 ordezkari izango ditu, kantonamendu bakoitzeko bina, eta horietatik 24 Ipar Euskal Herrian aukeratuak izango dira. Izan ere, kantonamenduen azken erreformaren ondotik, Ipar Euskal Herriko udalerriak hamabi kantonamendutan geratu dira bereizirik.

kantonamenduen mapaBesteak beste Ipar Euskal Herriari eragiten dioten zenbait nobedade dakartzate aurtengo departamendu bozek. Hasteko, lehen 21 kantonamendutan zeuden banatuta Iparraldeko udalerriak, eta esan bezala orain hamabi dira. Egituraketa berri honekin, kantonamendu bakoitzak hartzen duen biztanleria kopurua orekatu nahi izan dute: kantonamendu jendetsuenetik herritar gutxien dituenera, kopuru gordinetan, ezin da %20 baino gehiagoko aldea egon. Horregatik, Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetatik zazpi kostaldean kontzentratzen dira, populazioa ere halaxe baitago metatuta.

Bestalde, alderdiek hautagaitza bikoitzak aurkeztu dituzte kantonamenduetara: gizon eta emakume bana. Hala, kantonamendu bakoitzean irabaziko duen alderdi edo koalizioak gizon eta emakume bana bidaliko du ordezkari gisa Pirinio Atlantikoen Kontseilura, eta parekidetasuna bermatuko da halaxe.

Ipar Euskal Herriaren lurralde aldarrikapenei lotuta dago boz hauetako beste aldaketa garrantzitsu bat: hamabi kantonamenduetako udalerri guztiak Ipar Euskal Herrian daude. Izan ere, orain arte, Biarnoko udalerri batzuk ere bazeuden Ipar Euskal Herriari zegozkion kantonamenduen barruan sartuta. Kontra, aurten ere badaude berez Ipar Euskal Herrikoak diren baina Biarnoko kantonamenduetan boza ematen duten bi udalerri: Jeztaze (Le Couer de Bearn) eta Eskiula (Oloroe Sainte Marie 1).  

Ipar Euskal Herriko departamendu bozen lehen itzulia hizpide, kantonamenduen gizarte eta ekonomia ezaugarriak xehatu ditu Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak aste honetan, ETB1eko Azpimarra saioan. Datorren astearte iluntzean, Azpimarra+ programan parte hartuko du Gaindegiak, hauteskundeen bigarren itzuliak emango dituenak Ipar Euskal Herriko sozioekonomiari lotuta interpretatzeko.   

Bideoa (28. minututik aurrera):