Skip to main content

Euskal Herria munduko merkataritzaren bidegurutzean

Euskal Herriak 2020 urtean munduko herrialdeen hiru laurdenekin izan zuen hartu-eman komertziala. Harreman horietan, hamarretik zazpik merkataritza saldo positiboa izan zuen. Nolanahi ere, Txinako inportazioak gero eta ugariagoak dira euskal lurraldean eta herrialde horrekiko merkataritza saldo negatiboaren igoerak agerian uzten du munduko produkzioa eraldaketa prozesuan dela.

 

Covid-19ak eragindako osasun larrialdiak hankaz gora jarri ditu mundu guztiko jendarteak eta ekonomiak. Pandemiaren eraginez ekoizpena eta kontsumoa bortizki uzkurtu ziren 2020an. Munduko ekonomia eta merkataritza aurrekaririk gabeko egoeran jarri zituen honek. Euroguneko esportazioak %9,4 gutxitu ziren, Alemaniakoen maila berean. Euskal Herriko esportazioen kasuan uzkurdura are eta handiagoa izan zen %14,5eko galera eragiteraino1

Kontrako bidea egin duten herrialdeak ere badira, salbuespenak diren arren. Txinak, munduko esportatzaile handienak, urtebete lehenagoko esportazio bolumena handitzea lortu zuen. Irlandak eta Luxenburgok esportazioen hazkundea lortu zuten ere.

Joera aldaketak ortzimugan

Esportazioek Euskal Herriko BPGaren %49,6 osatu zuten 2020an, urtebete lehenago baino 3,1 puntu gutxiago. Nolanahi ere, datuak euskal ekonomiaren nortasun esportatzailea agerian uzten du. Europar Batasunean (27), esaterako, esportazioak BPGaren %46,7 dira. Europa mailan kanpo salmentek ekonomian duten pisua apalagoa da bai Alemanian (%44), bai Frantzian (%28) zein Erresuma Batuan (%31), beren barne merkatuek duten indarraren erakusle. Era berean, Euskal Herria baino herrialde esportatzaileagoen zerrenda ez da laburra: Irlanda, Eslovakia, Belgika, Hungaria, Herbehereak, Eslovenia, Txekiar Errepublika edo Danimarka, besteak beste.

Munduko ekonomian eta nazioarteko merkataritza fluxuetan osasun larrialdiaz harago doazen aldaketak gertatzen ari diren honetan ataka eta ziurgabetasun egoera berri batean da Euskal Herria, Europar Batasunak bere burua munduan birkokatzeko estrategia definitzen duen bitartean. Mundua Asiarantz lerratzeak aldaketa sakonak eragiten ditu produkzioaren nazioarteko banaketan eta indartzen ari diren joera sozioekonomikoek balio-kate berrien sorrera hauspotzen dute. Bien bitartean, Txina munduko salgaien prezioa finkatzeko erreferente bilakatzen ari da.

Euskal esportazioen %73k Eurogunea izan zuen helmuga

Euskal Herriko esportazioen zati esanguratsu batek Espainia du helmuga, baina azken hamarkadetan menpekotasun hori gutxituz joan da. Nabarmena izan zen duela hamarkada bat, atzeraldi betean, euskal enpresek nazioartekotzeko eta merkatu berrietara hedatzeko egindako ahalegina: Frantzia, Alemania, Erresuma Batua eta Belgika lehenetsita Europarekiko hartu-emana estutu zuten, eta, aldi berean, bezero berriak eskuratu AEB, Mexiko, Txina, Turkia, Brasil edo Hegoafrikan. Hala ere, Euroguneko beste bezeroekin hartu-emana handitu izanak ez du Espainian izandako salmenten gainbehera erabat orekatu. 2020 urtean Euskal Herriko esportazioen %73k Eurogunea izan zuen helmuga. 1995 eta 2008 urteen artean, portzentaje hori %80tik gorakoa zen.

Ekipo ondasunak, autogintza eta semimanufakturak esportazioen buruan

2020an, besteak beste, Hego Euskal Herriko produktu energetikoen eta autogintza produktuen nazioarteko salmenta gutxitu zen. Esportazioen artean ekipo ondasunak (%37), autogintza (%23) eta semimanufakturak (%23) nagusitu ziren beste behin ere. Ekipo ondasunen artean industria makinek, gailu elektrikoek eta garraiorako ibilgailuek pisu handia izan zuten. Semimanufakturen kasuan burdinak eta altzairuak, gurpilek, paperak eta plastikoek.

Ez dago datu baliokide berririk Espainian egindako salmentei dagokienez, baina 2018ko azken datuen arabera Espainia helmuga zuten produktuen erdia (%46,6) ekipo ondasunak ziren. Beste laurdena, (%25,2) kontsumo ondasunak. Ipar Euskal Herriko esportazioei buruzko sektorez sektoreko daturik ez dago, baina bertako sektore esportatzaile nagusiak elikagaiak eta aeronautikari lotutako bitarteko ondasunak dira.

Munduko herrialdeen hiru laurdenarekin salerosketan

2020ko esportazioen gainbehera handia izan zen arren, gehiago balio zuen kanpoan saldutakoak erositakoak baino. Hala, 8.120 milioi euroko aldea atera zion saldutakoak erositakoari, eta, Euskal Herriko merkataritza-balantzak saldo positiboa utzi zuen iaz zazpigarren urtez jarraian.

Eurogunearekiko hartu-emanean ere merkataritza-balantza positiboa izan da zazpi urte horietan, Frantzia, Alemania, Italia, Portugal, Belgika, Herbehereak, Polonia eta Danimarka bezalako bezeroei esker, neurri handi batean. Eurogunetik kanpoko harreman komertzialek joera berdinari segitu zioten. Erosketen gainetik salmentak nagusitu ziren Erresuma Batua, Hegoafrika, Turkia, Australia, Suitza, Israel, Arabiar Emirerri Batuak, Maroko, Txile edo Brasilekiko salerosketetan.

Orotara, Euskal Herriak munduko herrialdeen hiru laurdenarekin izan zuen harreman komertziala 2020an. Horien artean, hamarretik zazpik merkataritza saldo positiboa utzi zuten. Osasun larrialdiaren aurretik ere egoera antzekoa zen.

Merkataritza-balantza negatiboa Espainia, Irlanda eta Asiarekiko hartu-emanean

Zenbait lurralderekiko harreman komertzialean Euskal Herriko merkataritza-balantza negatiboa da. Espainia eta Irlandaren kasuan oso nabarmena da aldea: 1.060 eta 495 miloi euro, hurrenez hurren. Maila apalagoan daude Txekiar Errepublika edota Hungaria.

Txinarekiko salerosketen saldo negatiboa 950 milioi eurora iritsi zen iaz. Munduko esportatzaile handienarekiko harreman komertzialaren saldo negatiboaren joera hazkorra aipagarria da. Izan ere, han ekoizturiko ekipo ondasunen (industria makinak, gailu elektrikoak, telekomunikaziorako gailuak…) eta semimanufakturen (produktu kimikoak, burdina eta altzairua, plastikoak…) erosketak ugaritzen ari dira Euskal Herrian ere. Euskal enpresek, beraz, nazioartean zein barne merkatuan berrikuntza-intentsitate handiko eta ertain-handiko jardueretan dute lehia.

Bestalde, produktu energetikoak tarteko, Errusia, Kazakhstan, Taiwan, Libia, Nigeria, Trinidad eta Tobago, Ukraina, Ipar Mazedonia, Kongo, Irak, Mexiko edo Venezuelarekiko harreman komertzialean saldo negatiboa du Euskal Herriak.

 

1: Espainia helmuga zuten merkataritza fluxuen behin-betiko datuak jasotakoan doitu beharreko datua.

Etiketa orokorrak