Skip to main content

Azken argitalpenak

Gaindegia: 10 urte ezagutza sustatzen

Gaindegiak bere 10. urteurrena ospatuko du datorren ostegunean Donostiako Kursaalean antolatu duen ekitaldian, non Euskal Herri osoko eragile sozioekonomikoak bilduko diren. Xavier Sala-i-Martin ekonomilari ospetsuak hitzaldia emango du bertan.

Internet-en eskuragarritasuna Euskal Herrian

2007an Europar Batasuneko populazioaren %55ak zuen Internet etxean, eta %42 zen banda zabalaren jabe. Sei urte geroago, %79 eta %76 dira zifrak, hurrenez hurren. Bilakaera antzekoa izan da Euskal Herrian ere, nahiz eta Iparralden askoz nabarmenago hazi den sarera konektatuta dauden etxeen kopurua.

[ETB1] Azpimarra, Europar Parlamenturako hauteskundeez

Aurreikusi baino txikiagoa izan arren, abstentzioak pisu handia izan du pasa berri diren hauteskundeetan: %55,4 Euskal Herrian. Erabakitze eskubidearen auzia pil-pilean duten beste bi nazioren datua jarri zuen mahai gainean Imanol Esnaolak, Gaindegiako koordinatzaileak, alderaketa egiteko: Eskozian botoa emateko eskubidea zutenen artean %66,5 geratu dira etxean, eta Katalunian, %52,6. Europako batez besteko abstentzioa %59,6 izan da.

[ETB1] Azpimarra, Euskal Herria Europan

Gaindegiako koordinatzaileak Euskal Herriko ekonomiaren argi-ilunak jarri zituen mahai gainean. Batetik, oso ekonomia eraginkorra dela eta gure Barne Produktu Gordina Europako handienetakoa dela azaldu zuen, nahiz eta krisiaren ondorioz behera egiten ari den orain, Europako antzeko lurralde batzuetan hazten ari den bitartean. Enpresa inbertsioa, esportazioak, errenta maila eta produktibitatea dira gure ekonomiaren beste argi batzuk.

Berrikuntza Euskal Herrian

Frantziako, Eskandinaviako eta Erresuma Batuko zenbait lurralderen parekoa da Euskal Herrian berrikuntzan egiten den ahalegina, datu nagusien arabera. Europar Batzordeak aurten aurkeztu duen txosteneko mapak argi erakusten digun Euskal Herriak duen izaera propioa gai honetan ere.

[ETB1] Azpimarra saioan, enpresa txikiez solasean

Euskal Herriko enpresen %86 txikiak dira, hamar langiletik beherakoak. Hamar lanpostutik sei enpresa txiki horietan metatzen da. “Asko eta asko industriak dira, eta haien eskualdeko motorra izan dira”, azaldu zuen Gaindegiako koordinatzaile den Imanol Esnaolak. Horrek oso egoera larrian utzi ditu eskualdeok, halako enpresek teknologia eta berrikuntza maila txikia baitute, eta krisiak gogor jo die. Oarsoaldea, Ultzama, Arratia… dira horren adibide.

Etxebizitzak Euskal Herrian: eraikuntzarako lizitazioen bilakaera

Euskal Herrian, lehenbizikoz, Iparralden etxebizitza eraikitzeko lizentzia gehiago eman ziren iaz Hegoalden baino. Hori ulertzeko, batetik, Hegoaldek jasan duen beherakadari erreparatu behar diogu (%60 jaitsi da etxebizitza eraikitzeko lizentzien kopurua) eta, bestetik, Lapurdin gertatu den igoerari.

[ETB1] Azpimarra saioan, langabezia hizpide

Trebakuntzan, garapenean eta berrikuntzan inbertitzeak duen garrantzia azpimarratu zuen Gaindegiako koordinatzaile den Imanol Esnaolak aste honetako Azpimarra saioan: “Gaur egun badakigu merkeagoa dela langabetuak trebatu eta lan merkatuan mantentzea, kalera bidaltzea baino. Merkeagoa zentzu guztietan”, esan zuen. Horri lotuta, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan ez bezala, Espainiako Gobernuak ez bestelako politikak ezarri direla azaldu zuen, baina ez direla nahikoa izan. Ipar Euskal Herrian Frantziako Gobernuak darabilen estrategiak, bestalde, gazteen ihesa dakar.

[ETB1] Azpimarra saioan, Euskadi-Akitania euroeskualdeaz

Besteak beste, Euskadi-Akitania euroeskualdea izan zuten hizpide, Iñigo Urkullu lehendakaria bertako presidente izendatu berri baitute. Bordele eta Gasteiz arteko lotura horretan, Ipar Euskal Herria ahaztuta dagoela azaldu zuen Gaindegiako koordinatzailea den Imanol Esnaolak: “Aitortzarik ez duen aldetik, hitzarmen hauetan kanpoan geratzen da. Ipar Euskal Herriarekin hutsune handi bat dago, batez ere Hegoaldearekiko lankidetzan”.