Gaindegiak Euskal Herriko datu espazialak zerbitzatzeko ataria garatu du: euskalgeo.net. Bertan, modu irekian eskaintzen dira Euskal Herria osorako kartografia eta datu geografiko anitz, eta, batik bat, ikerlari, ikasle eta profesionalei zuzenduta dago.
Egun eskaintzen duen
katalogoa oinarrizkoa da eta hurrengo urtetan hedatzen eta zabaltzen joango da. Eskuragarri dauden elementuen artean ditugu: udalerrien katalogoa, eskualdeena, portu eta aireportuena… Azpimarratzekoa da bertan erabiltzaileak
Euskaltzaindiak euskaraz finkatu duen udal eta eskualdeen izendegia eskuragarri dituela, besteak beste.
Lehen aldiz Euskal Herri osorako
Gaurdaino Euskal Herriak ez du datu espazialak zerbitzatzeko plataformarik izan. Erakunde ofizialak duela urte batzuk hasi ziren datu espazialak eskaintzen, hala nola, Eusko Jaurlaritza (
GEOEUSKADI), Gipuzkoako Foru Aldundia edota Nafarroako Gobernua (
IDENA), baina nork bereak eskaintzen ditu bakarrik. Hortaz, nazio ikuspuntuz lan egin nahi duen ikerlari edo profesional batek ez du behar bezalako lanabesik bere ikerketa aurrera eramateko.
Hutsune hori betetze asmoz garatu du Gaindegiak Euskal Herri osorako datuak zerbitzatzen dituen ataria. Gaindegiak etengabe eguneratuko du webgunea eta geruza berriak txertatzen joango da.
Lankidetzan oinarritua
Gaindegiak eskaintzen duenaz gain,
euskalgeo.net atariak beste entitate batzuk eskain ditzaketen oinarrizko datu espazialak ere eskaini nahi lituzke, beti ere, dagokion kalitate irizpideak betearaziz. Une honetan Euskaltzaindiaren udalerrien zein eskualdeen izendegi normalizatua eskaintzen du, eta
EuskalNatura (UEU) taldearen “paisaia unitateen” kartografia ere bai. Horrelako elkarlan ildoak sustatzea du helburu Gaindegiak, gero eta katalogo osoago bat eskaini nahian.
Atari hau duela aste batzuk martxan jarritako
atlasa.net guneari gehitzen zaio, Gaindegiaren asmoari jarraiki: nazio ikuspegia duten baliabide eta lanabes irekiak herritarren eskura jartzea.
[important]
Datu espazialak, gero eta erabilgarriagoak
Gizarte eta ekonomia alorreko analisiak burutzeko analisi espaziala ezinbesteko diziplina bihurtu da, aski da
GIS teknologia ekonomia, gizartea edo ingurumen arloan nola aplikatzen ari den ikustea. Are gehiago, analisi espaziala eta datu espazialak ezinbestekoak bihurtu dira ingurumenaren babeserako, garapen ekonomikorako edo gizarte kohesiorako behar den ezagumendua sortzeko. Nazio Batuek estatistikak izatea ongizaterako oinarrizko baliabidetzat jo zituzten, gaur egun datu espazialak gehitu behar zaizkio Herri orok duen oinarrizko premia horri.
[/important]
Jarrai datuen eguneraketa twitterren:
@gaindegia_data