[2020-03] Iazko martxoarekin alderatuta Ipar EHn prezioak gutxi igo eta Hego EHn mantendu egin dira

Iazko martxoarekin alderatuta, Hego EHko KPIk ez du aldaketarik izan (+0,0) eta Ipar EHko igoera (+0,7) aurreko hilabeteetan baino apalagoa izan da. Koronabirusaren krisiaren erdian munduan petrolio-eskaria izugarri jaitsi egin da eta Brent upelaren prezioa minimo historikoetan jarri da. Horrek Euskal Herriko Kontsumo Prezioen Indizean (KPI) eragin zuzena izan du. Otsailarekin alderatuta, 2020ko martxoko KPI Hego EHn apaldu egin da (-0,3), batez ere Nafarroa Garaian (-0,6). Ipar EHn, ordea, oso igoera apala izan du (+0,1). Europar Batasunerako datu orokorraren esperoan, antzerako bidezidorrean kokatzea espero daiteke.

2020ko martxoan ez-ohiko egoera nagusi da Euskal Herrian. COVID-19ak sorrarazitako larrialdi egoerak hilabete hasierako kontsumo joerak hankaz gora jarri ditu. Zentzu horretan, zenbait gastu nabarmen murriztu dira herritarren artean eta, beste batzuk, mantendu edo handitu egin dira. Energiaren merketzeak etxebizitzarekin loturiko gastuen merketzea ekarri du Hego EHn (-4,9), eta hauen igoera apala izan da Ipar EHn (+0,4), 2019ko martxoarekin alderatuta. Garraioaren merketzea ere nabarmena da. Iazko martxoa oinarri hartuta, petrolioari eratorritako produktuak Ipar EHn 8,8 puntu merketu dira eta, Hego EHn, 8,7 puntu.

Edonola ere, berrogeialdiko udaberri hasiera honetan janari eta edari alkoholgabeek prezio gorakada esanguratsua izan dute Euskal Herri osoan, bereziki Hego EHn (+2,7). Hegoaldeko janari saskian bereziki garestitu egin da arraina (+8,4), haragia, fruta freskoak (+6,0) edota patata. Ipar Euskal Herrian ere janari freskoaren igoera (+4,7) garrantzitsua izan da.