Europako erregioen Berrikuntza Panelaren arabera Euskal Herria “berrikuntza indartsua” deritzon mailan dago. Neurgailu honen arabera posizio sendoa du elkarlanean dabiltzan enpresa txiki-ertain berritzaileetan, bai eta ezagutzan intentsiboak diren jardueretako enplegu bolumenean. I+Gri ez dagokion berrikuntzan, formazio iraunkorrean edo berrikuntza-gastuan, ordea, badago zer hobetu.
Europako Batzordeak erregioen Berrikuntza Panelaren emaitza gaurkotuak argitaratu berri ditu. Ikerketa eta berrikuntza arloan Europako erregioen errendimendua ebaluatzeko marko konparatiboa eskaintzen du panelak. Bi urte pasa dira erregioen berrikuntza-maila azken aldiz neurtu zuenetik eta, 2021eko edizio honetan, eredu garatuagoa eskaini du. Eredu berriak aldaketa metodologiko batzuk jaso ditu eta lau aldagai berri erantsi dizkio berrikuntza panelari: ezohiko trebetasun digitalak, berrikuntza gastuak langileko, IKTetan adituak diren landunak eta industriaren isurpen atmosferikoak. Orotara, hogeita bat adierazlek osatzen dute Erregioen Berrikuntza Panelaren 2021eko edizioa.
Adierazle panel honek Europako erregioak lau multzo nagusitan sailkatzen ditu: aitzindariak diren erregioak, erregio indartsuak, neurritsuak eta berrikuntza apalekoak. Lau multzo horien barruan ere hiru azpi-multzotan sailkatzen ditu erregioak. Aurtengo edizioan 38 erregiok osatzen dute aitzindarien multzoa: Alemaniako 14 erregio, Suitzako 7, Norvegiako 5, Suediako 4, Erresuma Batuko 3, Finlandiako 2, Belgikako 2 eta Frantziako 1.
Europako Berrikuntza Panelean aintzat hartzen diren erregioen artean ez dago Euskal Herria. Badaude, ordea NUTS 2 (Nomenclature of Territorial Units for Statistics) gisa sailkaturiko Euskal A.E, Nafarroa Garaia eta Akitania Berria. Datu horietatik abiatuta, Euskal Herriari dagokion berrikuntza-mailaren argi-ilunak ezagutu daitezke. Berrikuntza panelak Europar Batasuna (27), Norvegia, Serbia, Suitza eta Erresuma Batua hartzen ditu aintzat. Estatu gehienetan NUTS 2 izaerako erregioetan oinarritzen da, baina badira salbuespenak. Zipre, Estonia, Letonia, Luxenburgo eta Malta bezalako estatu txikiak bere osotasunean aintzat hartzen ditu. Erresuma Batua edo Frantziako kasuetan, aldiz, makroerregioak aintzat hartzen ditu.
Europako 239 erregioen sailkapenean, Euskal Herria 97. postuan
Europako erregioen Berrikuntza Paneleko eremu administratiboen datuetan oinarrituz Euskal Herria 97. postuan kokatuko litzateke, erregio gisako aitortzarik balu. Balizko egoera hori panelera ekarrita puntuazio horrekin “berrikuntza indartsua -” duten erregioen taldera itzuli dela esan daiteke. Panelaren 2017ko edizioan talde horretan zegoen arren, 2019ko neurtaldian maila bat jaitsi eta “berrikuntza neurritsua” deritzon taldean sailkatu zen. Aurtengo panelean eragindako aldaketa metodologikoek Euskal Herriaren posizioa hobetzea eragin dute. Metodologia berriarekin atzera begira egindako kalkuluek hala berresten dute.
2014/2016 epealdian Euskal Herriak atzera egin zuen sailkapenean. 2016tik 2020ra bitartean, ordea, posizionamendu hobea lortu du Europako testuinguruan. Hala, 2020ko datuen arabera Europako erregioen artean Euskal Herria 78. postuan kokatu zen. 2021 urtean, ostera, metodologia berriarekin hemeretzi erregiok aurrea hartu diote eta 97. postuan kokatu da. Hemeretzi erregio horien artean dira Italia eta Alemaniako hainbat: Lombardia, Veneto, Trento, Friuli-Venezia Giulia, Emilia-Romagna, Düsseldorf, Saarland edo Münster, besteak beste. Azken urteko joera, osasun larrialdiaren koiunturarekin batera, atzean gelditzen den ala ez aurrerantzean ikusi beharko da.
Berrikuntzaren indargune eta ahulguneak
Berrikuntza panelak aintzat hartzen dituen hogeita bat aldagaien artean, Euskal Herriak posizio sendoa du elkarlanean dabiltzan enpresa txiki-ertain berritzaileetan (guztizko ETEen proportzioan) eta ezagutzan intentsiboak diren jardueretako enpleguan. Izan ere, 2008az geroztik ezagutzan intentsiboak diren enplegu sorreran Euskal Herria Austria, Hungaria, Italia, Letonia, Grezia, Estonia eta Zipre baino bizkorrago aritu da. Nazioarteko argitalpen zientifiko partekatuetan (kopurua/biztanleko), marken aplikazioetan (kopurua/BPGarekiko) eta argitalpen partekatu publiko-pribatuetan (kopurua/biztanleko) ere posizio indartsua du.
Euskal Herriaren ahulezi nagusia, berrikuntza panelaren arabera, fakturazioarekiko proportzioan I+Gri ez dagokion berrikuntza gastu apala da. Formazio iraunkorrean (25-64 urte bitartean matrikulatutakoen proportzioa), langileko berrikuntza-gastuak berrikuntzan diharduten enpresetan, IKTetan trebatutako landunetan eta industria sektoreko partikula finen isurpen atmosferikoetan (PM2.5) ere Euskal Herriak asko du hobetzeko.
Erregio berritzaileenak estatu berritzaileenetan daude
Estokolmoko erregioa (Suedia) da berrikuntzan Europako buru. Etelä-Suomi (Finlandia), Oberbayern (Alemania), Hovedstaden (Danimarka), Zürich (Suitza), Karlsruhe (Alemania) eta Berlin (Alemania) dira beste erregio berritzaileenak. Erregio berritzaileenak estatu berritzaileenetan daude eta erregio horiek geografikoki kontzentratuta egon ohi dira. Berrikuntzan aitzindariak diren erregioek ia adierazle guztietan dituzte emaitza hobeak, ikerketa-sistemaren eta enpresa-berrikuntzaren jarduna neurtzen duten adierazleetan bereziki.
Euskal Herria bere baitan duten eremu administratibo nagusien artean ere badira zenbait desberdintasun. Euskal A.E. da hiru lurraldeen artean berritzaileena, “berrikuntza indartsua -” multzoan sailkatu baita. Nafarroa Garaia eta Akitania Berria multzo bat beherago, “berrikuntza neurritsua +” izenekoan sailkatu dira. Hego Euskal Herriko indargunea dira herritarren goi-formazioa eta ezagutzan intentsiboa den enplegua. Berrikuntza salmentak merkatu-enpresa berrietan eta argitalpen partekatu publiko-pribatuak ere indartsu dira Euskal A.E.n. Akitania Berrian, ordea, formazio iraunkorra eta industria sektoreko partikula finen isurpen murritza dira indargunea.
Ahuluneen artean, Euskal A.E.n nabarmentzekoak dira I+Gri ez dagozkion berrikuntza gastuak, sektore publikoaren I+G gastu apala eta diseinu aplikazioak. Nafarroa Garaiko kasuan, asko dago hobetzeko ekoizpen eta negozio prozesu berritzaileetan edo landunen trebakuntza IKT arloan. Azken hau ere Akitania Berriko ahulune gisa ageri da, marken aplikazioak eta enpresa sektoreko I+G gastu apalarekin batera.