Gainzahartze handia despopulaturiko geografian

224.300 herritarrek 80 urtetik gorako adina dute Euskal Herrian. Populazio honen kopurua ia bikoiztu egin da azken bi hamarkadetan eta etorkizunean joera hori areagotuko da gerra osteko hazkunde demografikoa eta bizi-itxaropenaren handitzea medio. Luzaroan despopulazioa nozitu duten lurraldeetan metatzen da adineko biztanleria honen proportzio handiena.

Ezaugarri demografiko kezkagarrien euskal geografia

Udalbiltzarekin elkarlanean GAINDEGIAk egitura demografikoaren geografia aztertu du. Egungo populazioaren errealitatea azken hamarkadetako prozesu demografiko eta ez-demografiko desberdinen emaitza da. Euskal Herrian badira ahuldura demografikoan diren eremuak, batik bat Nafarroa Garaian eta Zuberoan.