Zaurgarritasunaren geografia: lurralde antolamenduaren argi-ilunak

Euskal Herrian inoiz baino herritar eta azpiegitura gehiagok dute kokalekua eta hamarkadetan zehar ehundutako garraio sare garrantzitsuak lurraldeen arteko konektibitatea bermatzen du. Lurraldearen egiturak eraldaketa garrantzitsuak izan ditu azken mende erdian eta Bilbo, Iruñea, Baiona, Gasteiz eta Donostiren eremu funtzionalak nabarmen hedatu dira. Gaur gaurkoz euskal herritarren %55,3a hiriburuetan edo euren eragin eremuan bizi da, hau da, Euskal Herriko lurralde azaleraren %3,9an. Herritarren beste %27,3a, Europar Batasuneko irizpideen arabera, bitarteko hirigunea osatzen duten eremuetan bizi da; zehazki, lurralde azaleraren %11,2an. Euskal herritarren %83a lurraldearen %15an metatzen da, hortaz.

Lurralde asimetriaren logika

Herritarren banaketa geografikoa halakoa izanik, zerbitzuen kokapena nagusiki errealitate horretara egokituta egoteak zentzuzkoa dirudi. Izan ere, zerbitzuen eskakizun-maila askoz handiagoa da, esaterako, Bilbo hirian Arratiako bailaran baino. Epe luzera begira, ordea, desoreka horietara egokitutako azpiegituren biderkatzeak lurralde asimetrien areagotzea dakar: kontrako indarrik egin ezean erdiguneak gero eta azpiegitura gehiago metatzeko joera du, eta periferia, gero eta periferikoagoa bihurtzen da. Euskal geografian zenbait lurraldek aspaldian bizi duten despopulazioa joera edo logika horren emaitza da, hain zuzen ere.

Zentzu horretan zerbitzuen eskuragarritasunak euskal geografiaren argazki interesgarria eskaintzen du. Haur eta lehen hezkuntzako zentroak, osasun zentroak (Nafarroa Garaiaren kasuan kontsultategiak barne), ospitalak, larrialdietako zerbitzuak edota txikizkako saltokietara dagoen bataz besteko errepide bidezko distantzia aintzat hartuz, zerbitzuen eskuragarritasun apalena duten Euskal Herriko eskualdeak Erronkari-Zaraitzu, Olorealdea, Salbaterraldea, Estellerriko Mendebaldea eta Arabako Mendialdea dira. Kontrara, zerbitzuen eskuragarritasuna handia da bost hiriguneetan, hala nola errepide ardatz nagusien bueltan garatutako geografia jendetsuan.

Herritarrak geografian bertakotzeko zerbitzuen eskuragarritasuna bezain garrantzitsua izan daiteke trakzio ekonomikoa eragiteko gaitasuna. Ildo horretan, enpresa handien kokapena geografikoki bost hiriguneetan metatzen da, baita hiriburuak lotzen dituen errepide sare nagusian ere. Hala, Nafarroa Garaiko iparraldean eta ekialdean kokaturiko eskualdeetan enpresa handien gabezi nabarmena dute, Ipar Euskal Herriko barnealdean edo Arabako Mendialdean gertatu bezala. Ez da harritzekoa, hortaz, lurralde hauetan autonomoen presentzia indartsua, bertan lan egiteko eta bizitzeko aukerak ez baitira hiriburuan bezain anitzak.

Milurtekoaren lehen hamarkadan hirigintza jarduera bizia izan da Euskal Herrian, eta etxebizitza parkearen hazkunde txikiena, hirigintza dentsitate handieneko eremuetan ezezik, periferiatzat har daitekeen geografian izan da. Modu horretan, etxebizitza parkearen hazkundea txikia izan da Estellerriko Ekialdean, Nafarroa Garaiko hegoaldean eta ekialdean, hala nola Xiberoan.

Geografia zaurgarria

Egoera demografiko kezkagarria duten hamar eskualdeek oinarrizko zerbitzuekiko irisgarritasun maila baxua dute. Ospitale eta hezkuntza azpiegitura hurbilenera duen distantzia luzeagatik, Erronkari-Zaraitzu da desabantaila geografiko handiena duen eskualdea. Zangozerriko, Xiberoko, Irunberriko, Estellerriko, Arabako Mendialdeako eta Lea-Artibaiko errealitatea ez dago Erronkariko errealitatetik urrun. Gauzak horrela, lurralde antolamenduak herritar gehienen beharrak asetzen baditu ere, zenbait eskualdeek nozitzen duten ahulezi egoera handitzen besterik ez du egiten.