Agur Zuberoa

Agur Xiberoa, bazter güzietako xokorik ejerrena, agur sorlekia, hiri ditik ene amentsik goxuenak, dio kanta herrikoiak.

Denboran, duela oso guti arte, xiberotarrak ziren Parisera lan bila joan behar. Baserritik ezin gehiago biziz edo herrian lanik ez, eta, Parisera joaten ziren, bertatik kopla horiek eskainirik hain maite zuten herriari.

Egun berriz, gazteak ez dira gehiago joaten Parisera, Zuberoan ez baitago gazte handirik gehiago eta hurbilago Lapurdi kostaldean edo Paue aldean atxematen baitute ogibidea. Egun ez dira xiberotarrak joaten, Zuberoa da Euskal Herritik deserrotzen ari zaiguna.

Iragan asteaz geroztik, enpresari xiberotarrek ez dituzte gehiago heien inposak Baionan ordaintzen. Xiberotar soilek, aspaldidanik Euskal Herritik kanpo ordaintzen dituzte zergak, beraien langabezi tasa eta datu demografikoak ez dira baxenabar eta lapurtarrekin batera kontutan, biarnesekin baizik.

Haurrak ere, gaur egun, xiberotarren gehiengoa Euskal Herritik kanpora sortzen da Oloruen, xiberoan ez baitute haur sortzeko klinikarik. Batzuk Donapaleura edo Baionara etorriko dira, baina geroz eta xiberotar gehiago Euskal Herritik kanpora sortzen da. Gehien erosten den egunkaria ez da maleruski gure Journala, ez eta Sud ouest ere ez. Pauen egiten den République egunkaria baizik, zuberotarrak biarnesak bailiran asimilatzen dituena. Epaitegirik ez dago Xiberoan eta Baiona zein Donapaleuko auzitegiak ez dira erabilgarri xiberotarrentzat. Auzitigiak Oloruen edo Pauen dituzte. Segurantza soziala, nortasun agiriak, autoko paperak, osasungintza, familiarako erakundeak denak Biarnoan dituzte.

Merkataritza Ganbara da egitura ofizial bakarra, Xiberoa Ipar Euskal Herriari lotzen duena. Baina auskalo noiz arte...

Xiberoa Euskal Herriari lotzen duen azken zubia, euskara da, baina hau ere hondoratzen ari da.

Agur Xiberoa, Zu utziz geroztik, bizi naiz tristerik, abandonaturik.

Hur Gorostiaga – Euskadi Irratia – Goiz Kronika 2007-09-19