Skip to main content

LEHENENGO SEKTOREA, hamar urtean erretiro jendetsua

Datuek azken urteotan profesionalen galerak jarraitu egin duela adierazten dute eta gainera sektorean gizonen presentzia errotuta dago. Nahiz eta Euskal Herriko Balio Erantsi Gordinaren %1,3 osatu, sektorea lurralde batzuen oinarri ekonomiko nagusia da, hala nola, Zuberoa (%19) eta Nafarroa Beherean (%15,9).

Lehen sektoreko landunak Euskal Herrian eta EB-27 Lehen sektoreko landunak Euskal Herrian eta EB-27

Gaur egun, Euskal Herrian, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza edo arrantzan lan egiten dutenak 25.658 profesional dira. 2008/12 epealdian 6.949 lanpostu galdu dira Euskal Herrian alor horietan guztietan (-%21,3). Erreferentzia epea 1999/2012 izanik, lanpostu galera 12.852koa izan da (-%33,4). Galera, bereziki, Gipuzkoa (-%67,5; 4.775 lanpostu gutxiago), Nafarroa Garaia (-%45,7; 7.775 lanpostu gutxiago) eta Araban (-%43,8; 2.100 lanpostu gutxiago) gauzatu da.

* 2009 urteari dagozkion datuak dira.
** 2011 urteari dagozkion datuak dira.

Azken urtetan, lehenengo sektoreko lanpostu galera areagotu egin da, baina, joera krisi egora aurretik dator. Errealitatean, sektoreak bere krisi propioa bizi du aspaldion. Bideragarritasun ekonomikorako zailtasunak eta Europako Batasunean adostutako politikak itotzen ari dira tradizioz gure ekonomiari eta euskal kulturari engaiatua dagoen sektorea.

Lehen sektoreko balio erantsia Euskal Herrian eta EB-27 Lehen sektoreko balio erantsia Euskal Herrian eta EB-27

Egun, sektorearen presentzia euskal lurraldeetan desberdina da. Nafarroa Beherean (%19) eta Zuberoan (%15,9), okupatuen portzentaje garrantzitsu batek sektore honetan egiten du lan. Gainontzeko lurraldeetan, portzentajea apalagoa da. Euskal Herriko (%2,1) bataz bestekoari dagokionean, Nafarroa Garaia (%3,6) eta Iparraldeko (%4,3) lurraldeak dira zifra hau gainditzen dituzten eremuak. Euskal Herriko lehenengo sektoreko okupatuen bataz bestekoa EB-27koa (%5) baino txikiagoa da eta herrialdeka, Gipuzkoak (%0,8) du proportziorik txikiena.

***Pirinio-Atlantikoetako proportzioa aplikatu zaio.

Nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta arrantzan oinarritutako Balio Erantsi Gordina %1,3koa da Euskal Herri mailan (2010), aldiz, balioa altuagoa da Iparralden %2,9 (estimazio propioa) eta Nafarroa Garaian %2,8. Bizkaian ematen da baliorik baxuena eta EB-27ko (%1,7) bataz bestekoarekin alderatuz, Euskal Herriko bataz bestekoa motelagoa da.

Lehenengo sektoreko lan eskuaren ezaugarriak bitan banatzen dira: historikoki gizonezkoen presentzia errotua eta gaurdaino mantentzen dena eta adinean aurreratua dagoen lan eskua.

Gizonezko presentziari erreparatuz, Euskal Herrian lehenengo sektorean lan egiten duten profesionalen %71,4a gizonezkoa da. Kasua nabarmenagoa da Nafarroa Garaian (%78,6). Ildo honetan, sektoreak ez du aldaketa esanguratsurik jasan, nahiz eta 2009/2012 epealdian gizonezkoen presentzia murriztu egin den. Aldaketa, ordea, ez da modu erregularrean eman (ikus taula). Bestalde, 55 urtetik gorako enplegatuen presentzia apaldu egin bada ere joera historikoarekiko, gaur egun adin talde honen presentzia sektorean garrantzitsua da eta ondorioz, datozen 10 urtetan erretiratuko diren enplegatuak %19,3 izango dira Euskal Herrian lehenengo sektorean. Nafarroa Garaian, berriz, %27,1 izango dira.

Elementu hauek guztiak Euskal Herriarentzat pisu handiko problematika osatzen dute. Lurrean ekoitzitako nahikoa elikagairi (geroz eta garrantzia estrategiko handiagoko gaia edozein herrirentzat) lurralde ikuspegia (gune batzuen bizirautea sektore honetako jardueraren baitan dago) eta enpleguaren (enplegua sortzeko gaitasuna duen sektorea da, bai ordezkapenez bai eta belaunaldi berrikoa) osagaiak batu behar zaizkio. Honekin guztiarekin, gogoeta egin beharko litzateke: nola planteatu sektore anitzeko interbentzioa (gizartetik, erakundeetatik, erakunde akademikoetatik…) lanpostuak bideratu eta finkatzeko, lurralde eremu batzuen bideragarritasuna bermatu eta gure elikadura soberania garatzeko.

[table id=76 /]