Skip to main content

[BLOG ESNAOLA] Lizarribar

Sindikatu ezagun bateko arduradun batek ezinegonez adierazten zidan finantza entitate bateko exekutiboa den bere koinatak nola egiten dion iseka sindikalista delako. Koinata gaztea da, ikastolan ikasia, euskaraz historian izan den belaunaldirik prestatueneko partaide, pribilejio hutsa Euskal Herriarentzat, baldin eta konpromiso komunitario edo sozial izpirik izango balu.

Horren ordez, pertsona berekoi eta ankerra bihurtu da, besteen konpromiso soziala gutxiesten duena, bere indibidualismo eta diruzaletasuna aldarean jarrita besteen aurrean agertzen dena, eta eroso bizi arren proiektu sozialetatik irrifar atsegin batekin ihes egiten duena.

Adiskide honen kontakizunak Lizarribar jaunaren heriotzarekin egin du topo ene gogoan. Pentsamendu automatikoaren uztarketa bitxi honetan parez pare agertzen zaizkit bi eredu, lan egin eta etorkizun hobeago baten itxaropenean besteekin engaiatzen den pertsonarena batetik, eta halako sentimendu arrastorik ez duena bestetik. Biak euskaldun jantziak eta euskal elite profesionaleko partaide.

Ez dakit belaunaldi kontua den, ez dakit biologikoa, espirituala, ideologikoa ala sasoi kontua den, baina zeinen eskas diren Lizarribar jaunaren gisakoak, ibilbide profesionala osatua izanik bere jakintza eta eskarmentua Euskal Herriaren garapenari eskaintzen diotenak.

Nago, besteak beste, eskola kontua ere badela, batzuk ikasia dute ematearena eta beste batzuek ahal dutena harrapatzearena. Euskal Herriak bere nazio garapenean aurrera egiten duen heinean erronka gero eta gehiago eta gero eta handiagoak agertzen zaizkigun aldetik Lizarribarren modukoak gero eta gehiago beharko ditugu, engaiatutako elite profesionala. Ulertuko al dute belaunaldi berriek norberaren ibilbide profesionalaren ondoan gaur edo bihar bide honetan zerbait ematea badagokiela? Zer egin dezakegu Lizarribarren eskola sustatzeko? Izan ere, kontrako norabideak badu bere eskola, bere saritze sistema eta bere jarraitzaileak. Bidegileak behar ditugu, betoz Lizarribar bezalakoak.

Imanol Esnaola.