Skip to main content

Lehen mailako adierazleak dituen ekonomia

Euskal Herriko indize makroekonomikoak Europako ranking-eko lehenengo postuetan daude. Gurea, aberastasun handia sortzen duen ekonomia industriala eta esportatzailea da. Horiek horrela, krisi aurreko azken urteetan I+Gko inbertsioa sendotuz joan da. Alta, esanguratsua da I+G-ra bideratutako inbertsioa moteldu izana jakinda krisia gainditzeko eta etorkizunean lanpostuak sortzeko zutabeetako bat dela. Horrela erakusten dute datuek eta irudikatzen dira Euskal Herriari Begira aplikazioan, Gaindegiak Udalbiltzarentzat sorturiko lanabesa Euskal Herria zertan den ikusten laguntzen duena. Euskal Herriko lurraldeen informazio ekonomikoa zein sozial gehiago kontsultatzeko jo www.atlasa.net gunera.*

Herri baten jarduera ekonomikoa neurtzeko modu estandarrarekiko kritikak antzinakoak dira. Sortzen den aberastasuna edo bere banaketa soziala neurtzean datza? Hazkundea edo ongizatea neurtzean? Eztabaidan sartu gabe, Euskal Herriko adierazle makroekonomikoak aztertuko bagenitu, nazioartean erabiltzen direnak aintzat hartuz eta Europako beste herrialdeekin alderatuko bagina, gurea lehen mailako adierazle makroekonomikoak dituen herria dela ondoriozta genezake.

Industriari lotutako BPG

Euskal Herriko eta Europako estatuen enpresa  inbertsioa Euskal Herriko eta Europako estatuen enpresa inbertsioa

Euskal Herriko (31.030€) BPG biztanleko Alemaniakoaren (30.300€) eta Danimarkaren (31.500€) oso antzekoa da eta Europako ranking-ean bederatzigarren postuan kokatzen da.

Horrekin batera, industriako Balio Erantsi Gordina %24,3koa da eta horrek herrialde industrializatuen pare jartzen gaitu (Norvegia 35,1; Txekiar Errepublika 29,3; Irlanda 25,9; Alemania 23,8…).

Beste aldetik, nabarmentzekoa da langileko produktibitatea Europako altuenen artean dagoela ranking-ean seigarren postua eskuratuz, Belgika (73.343€) eta Frantzia (69.265€) artean. Gure aurretik daude Norvegia (94.416€) edo Irlanda (80.970€) eta jarraian ditugu, Austria (67.067€), Herbehereak (66.651€) edo Alemania (63.615€), besteak beste.

Kontsonantzian, pertsona aktiboko errenta erabilgarria (38.963€) Europako altuenen artean da, Austriakoaren (38.889€) pare eta Alemania (36.985€) eta Finlandia (35.043€) baino altuago eta Norvegia (42.815€) edo Frantzia (42.012€) baino baxuago.

I+G eta enpresa inbertsioa

I+Gko gastua Euskal Herrian eta Europan I+Gko gastua Euskal Herrian eta Europan

Enpresa inbertsioa Europako herrialdeetatik altuenetarikoa da, BPGren %26,3ra iritsiz. Errumania (25,97), Txekiar Errepublika (23,88) edo Eslovakia (23,09) bezalako herrialdeek antzeko datuak dituzte. Erreferentzia diren lurralde batzuekiko urrun gaude, esaterako Finlandia (19,63), Norvegia (19,52)…

Halaber, I+Gko inbertsioa BPGrekiko Europako bataz bestekoaren azpitik dago (2,03) eta eremu honetan erreferentzia diren lurraldeekiko oso atzean gaude, esaterako, Finlandia (3,78), Suedia (3,37), Danimarka (3,09) edo Alemania (2,84).

Ekonomia exportatzailea

Gure exportazioak BPGrekiko 30,10ekoak dira, Erresuma Batuko (31,9), Italia (30,0) edo Frantziakoen (28,0) oso gertukoak eta inportazioak, aldiz, 21,90ekoak. Beraz, gure kanpo saldoa positiboa da 8,21 puntutan eta ondorioz Europako ranking-ean seigarren postuan gaude, Islandia (7,8) eta Herbeherekoen (9,8) pare.

Oharra: Testu honen xedea dibulgatiboa da, datuen irakurketa erraztea du helburu. Testu hau Gaindegiako talde teknikoak ekoitzi du. Ez du Udalbiltzaren iritzia adierazteko helbururik.