Skip to main content

Euskal industriaren BEG-a indartu egin zen 2011an, baina aurreikuspenek jaitsiera iragartzen dute 2012 urtean

Industriaren Balio Erantsi Gordinaren hazkundea %4,5ekoa izan zen 2011. Datua baikorra izan arren, egun oraindik 2006ko mailaren azpitik dago eta 2012an atzera berriro jaistea espero da. Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia dira industriaren pisurik handiena duten herrialdeak. Industria euskal ekonomiaren eragile nagusia izan arren, lanpostuetan atzera egin du azken urteotan.

industria_BEG_2Behin behineko datuen arabera, Euskal Herriko industria sektoreko balio erantsia 2011n hazi egin da (+%4,5). 2009ko balantze ilunaren ostean (-%17,1) 2010 eta 2011 urteak hazkunde urteak izan dira.

Euskal Herrian, urte arteko hazkunderik altuena Araban jazo da (+7,1), EUSTATek aurreratu duenez. Hazkundea, ordea, orokorra da lurralde guztientzat: Gipuzkoa (+4,5), Bizkai eta Nafarroa Garaian (+4,1). Une honetan, ez dago daturik Iparralderako 2011 urteari dagokionean.

Industria sektoreko balio erantsiaren hazkundea eta sektore horretan diharduten enplegatu kopuruaren hazkundea oso bestelakoak dira. Iparraldeko hiru lurraldeetako datuen faltan, Hegoalden, 2011n enplegatuen kopurua industria sektorean %0,8 eta %2,0 artean murriztu zen estatistika iturrien arabera. 2009 urtean bizitako beherakada nabariak (%7,0 eta %8,6 artean) jarraipena izan du hurrengo urteetan baina ez maila berean.

BEG industria sektorean BEG industria sektorean

Honekin guztiarekin, industriak Euskal Herriko balio erantsi gordinaren %22,7 sortzen du. EUROSTATen aburuz, 2010ean balio hori %25,5ekoa izan zen. Lurraldeka, balio erantsiarekiko industriaren pisuari dagokionean, pisurik handiena Arabak (%31,7) du, jarraian Gipuzkoak (%28,2) eta ondoren Nafarroa Garaiak (%25,9). Iparraldeari dagokionean, ontzat ematen badugu Pirinio Atlantikoetako departamentuko joera bera darraitela, industriak balio erantsi guztizkoaren %13,5 sortzen du.

Europa mailan, agerian geratzen da euskal ekonomiaren industria izaera. Euskal Herriko industria sektoreko balio erantsia (%25,5; 2010) Steiermark-ekoaren (%26,1) eta Lombardiakoaren (%24,9) oso antzekoa da. Alemaniako eta Irlandako industriak euskal industriak duen pisu antzerakoa du, baina, apur bat apalagoa da. Euskal industriatik urrunago daude Finlandia (%21,5), Brandemburgo (%20,7), Eskozia (%19,2) edo Holanda (%18,8) bezalako estatu eta erregioak.

2011 urteari dagokion datua baikorra izan arren, 2012ari dagozkion aurreikuspenak ezkorrak dira (Ikus Eusko Jaurlaritzaren Koiunturaz 79 buletina) besteak beste esportazioen gainbeherak eraginda.

Horrek guztiak, halaber, euskal ekonomian industriaren eragiletza garrantzitsua jartzen du agerian. Horren baitan daude gainerako sektore eta enpleguak ere, lurralde askoren bizitasuna ere bai.

Euskal Herriak badu aski eskarmentu eta ezagumendu eredu industrial propioa garatzeko. Egun, mundu mailako krisiaren zartada jasaten ari gara hainbat arlotan ekonomian, teknologian, salmentan… Halaber, bere ondorioak nozitzen ditugu gizartean, lurraldean edo ingurugiroan. Egoera honetan beharrezkoa da Euskal Herriko industriaren etorkizunaz gogoeta zabala eta sakona egitea. Urrats horrek ezinbestean erroak bertan dituen industria sendoa eta herri konpromisoa eskatzen ditu.

[table id=75 /]