Skip to main content

49 udalerri desagertzeko arriskuan

Euskal Herriko hainbat eremutan despopulatze arriskua presente da, batez ere, Nafarroa Garaian, non kasuen gehiengoa 4 eskualdetan pilatzen den

Euskal Herriko udalerri batzuentzat etorkizun zehatz gabea erakusten du errealitate demografiko heterogeneoak. Gure ikerketen arabera, epe motzean joera aldatuko ez balitz, hurrengo hamarkadan Euskal Herriko 21 udalerrik desagertzeko arriskua izango lukete. Epe luzeagoan, udalerri kopuru horri beste 18 batuko litzaieke.

Desagertzeko arriskua duten udalerriak Euskal HerrianFaktore desberdinen uztarketak, ezbaian uzten dute udalerri txiki askoren etorkizuna Nafarroa Garaian epe ertainean, bederen. Faktore horien artean daude, biztanleria bolumenaren galera, bizitza-proiektua aurrera eramateko adinean dagoen biztanleriaren ihesaldia, batez ere emakumeak, zahartze indize altua eta amatasun indize baxua edo hutsala. Herrialde honetako ezaugarriek, hedadura zabaleko eta tamaina txikiko udalerri asko bertan barreiatuta izateak, bideratzen dute bertan pilatzea galtzear dauden euskal udalerri gehienak. Udalerri hauek jarduera ekonomiko ahula dute edota belaunaldi berrientzat ez dira batere erakargarriak eta irisgarritasun traketsa dute.

Etorkizun iluna duten udalerriak Estellerriko Ekialde eta Mendebaldean, Auñamendi, Erronkari-Zaraitzu, Zangozerria eta Bidasoa Garaiko eskualdeetan daude. Kasu guztiek dute komunean zahartze indize altua, belaunaldi ordezkatze hutsala eta biztanleriaren ihesaldia beste udalerri edo eskualdeetara (Iruñerria).

Egiari zor, azaldutako kasuistika ez da aipatu 21 udalerrietan soilik gertatzen. Beste maila batean bada ere, epe luzeagoan beste 18 udalerrik etorkizun antzekoa pairatzeko arriskua dute. Udalerri hauetako batzuk tamaina handixeagokoak dira, hala nola, Ezkaroze (Erronkari-Zaraitzu), Iguzkitza (Estellerriko Ekialdea), Villabuena de Alava (Arabar Errioxa) edo Lanestosa (Enkartazioak). Iparraldeko kasuan, bi udalerrik bizi dute antzeko egoera Labetze-Bizkai (Amikuze) eta Gamere-Zihigak (Basabürüa).

Mila biztanletik beheragoko Euskal Herriko 409 udalerrietatik 117 udalerrik biztanleria galera izan dute azken urteetan (bai 1999/2012 epealdian bai eta 2006/12). Honekin batera, hauen zahartze indizea Euskal Herriko bataz bestekoaren gainetik dago (64 urteko 138 pertsona 0 eta 14 urte bitarteko 100 pertsonako).

Euskal Herriak, azken hamarkadan, bizi izan duen populazioaren hazkundea ez da berdin jazo lurralde guztietan. Geroz eta gehiago dira hiriburuetan edo hauen inguruan bizi direnak (2006/12 epealdian Iruñerria %9,8 hazi da eta Gasteiz %6,44). Bilakaera horren ondorio zuzena azken hamarkadan, mila biztanletik beheragoko %39,4 udalerrik biztanleria galdu izana da. Erreferentzia epea 2006/12 hartuz gero, portzentajea %43,0ra igotzen da.

Biztanleria mantentzeko zioen artean, elementu erabakigarriak dira zerbitzuetarako irisgarritasuna ahalbidetuko duen lurralde politika izatea, irisgarritasuna eta enplegua sortzen duen jarduera ekonomikoa. Lurralde antolamendu egoki batek biztanleria husteko arrisku egoera ahalbideko duen egoera saihestu beharko luke (eta gutxiago egoera hau areagotu). Nafarroa Garaiak daroan lurralde politikak ez du aintzat hartzen lurraldeen husteak dakarren galera.

[table id=73 /]