Skip to main content

Euskal Herriko I+Gko gastua txikitu egin da eta ondorioz europar abanguardiatik urrunago gaude

Gaian erreferentziatzat hartzen diren Europako lurraldeek (Alemania, Belgika…) beraien I+Geko inbertsioa hobetu dute

Ikerketa eta Garapeneko inbertsioa BPGrekiko Euskal Herrian %1,95ekoa da, azken datuen arabera (2011). Inbertsioa apalagoa izan da 2011 urtean aurreko bi urteekin alderatuz. 2009rekin alderatuz, inbertsio bolumen gordinaren murrizketa 1,72 puntukoa izan da.

Lurraldeka, inbertsio kopururik altuena (BPGrekiko) izan zuen herrialdea Gipuzkoa (%2,57 EUSTATeko datuek aurreratzen dutenez) izan zen eta jarraian Nafarroa Garaia (%1,91) eta Bizkaia (%1,87). Arabako inbertsioa %1,61ekoa izan zen eta Iparraldekoa, berriz, %1,03, gure estimazioen arabera. Euskal Herriko I+Gko gastuaren murrizketa, batez ere, Nafarroa Garaiko gastu jaitsieraren ondorioz gauzatu da eta EUSTATek azken urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako aurreikusten dituen murrizketengatik.

Nazioarte mailan, Euskal Herriko I+Gko inbertsioa Txekiar Errepublika (%1,84) edo Erresuma Batuaren (%1,77) gainetik dago eta gainetik ditu, aldiz, EB-27 (%2,03) (bataz bestekoa), Holanda (%2,04), Belgika (%2,04) edo Frantzia (%2,25). Urrun geratzen dira gaian erreferentzia diren estatu eta erregioen inbertsio maila, hala nola, Baden-Württemberg (%4,37; 2007), Finlandia (%3,78), Steiermark (%3,74; 2007), Suedia (%3,37), Japonia (%3,30), Danimarka (%3,09) edo Alemania (%2,84).

Inbertsioaren sektore exekutatzaileari dagokionean, I+G gastuaren %73,6 enpresa arloan gauzatzen da, %19,7 goi-ikasketetan eta %6,5a Administrazio Publikoan. Alta, azken honetan zehaztu behar da, exekutatzen duena baino gehiago finantzatzen duela. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuen exekuzioa, berriz, ezerezean geratzen da zifratan.

Euskal Herriko Administrazio Publikoaren I+Geko exekuzio zifra Poitou-Charentes (%5,9) edo Venetokoaren (%7,9) antzekoa da eta urrunago dago Finlandia (%8,8) eta EB-27ko bataz bestekotik (%12,7). I+Gean erreferentzia erregio diren Brandenburgo (%51,8), Mecklengburg-Vorpommern (%39,0) edo Trento (%27,8) bezalako lurraldeetan erakunde publikoek erregioko ikerketa zientifiko eta garapen teknologikoan pisu handia dute eta arlo hauek dituzte ardatz tokiko garapen ekonomikoa gauzatzerakoan.

I+Gra bideratutako pertsonalari dagokionean, Euskal Herriko biztanleria landunaren %1,76 (D.O.B.*) dihardu lanean arlo horretan. Kopuru hori Frantzia (%1,53), Alemania (%1,42), Holanda (%1,34) eta EB-27koa baino altuagoa da eta Baden-Württemberg (%2,21), Finlandia (%2,20) edo Danimarka (%2,12) baina apalagoa. Steiermark eta Euskal Herriko pertsonalaren banaketa sektoreka I+G arloan oso antzekoa da, baina, gurean administrazioan lan egiten dutenen kopurua zertxobait altuagoa da.

Gai honetan erreferentzia izan daitezkeen lurraldeen artean bi eredu desberdintzen dira: ekimen pribatuak I+Gean inbertsioaren zati nagusiena exekutatzen duena (Baden-Württemberg) eta ikerketaren gehiengoa erakunde publikoek bideratzen dutena (Brandemburgo).

Etorkizunera bideratutako ehun ekonomikoaren garapenerako, ezinbestekoa da Ikerketa eta Garapenean inbertitzea (energia kontsumoa murriztu, teknologia garbien erabilera…). Horrez gain, giza eta gizarte zerbitzuen garapenerako ere nahitaezkoa da.

I+Gean egindako inbertsioen inguruko orientazio estrategikoaren gainean eztabaidak sortu badaitezke ere, agerikoa da, inbertsio mota hauetan murrizketak emateak gure gaitasunak biziberritzeko beharrezkoak ditugun baliabideetan murrizketak jasotzea esan nahi duela, bai gizarte mailan, bai eta ehun ekonomiko mailan. Honenbestez, egoera ondokoa da: nola aurre egin ikerketa eta garapenaren behar handiago bati baliabide gutxiagorekin? Gizartearen parte hartzea eskatzen duen gaia den aldetik honek ezin du amaitu eztabaida administratibo edo parlamentario hutsal batean.

*Oharra: DOB= Dedikazio Osoko Baliokidetza.

[table id=67 /]

[table id=66 /]