Skip to main content

Errorik gabeko industriaren hustea Nafarroa Garaian

Enpresa demografiaren eta enpleguaren bilakaerak Nafarroako eskualdeen soiltze eta prekarizazio joerak azaleratzen dituzte. Iruñerrian, aldiz, indarrean den lurralde antolamendu ereduak lagunduta, biztanleria eta jarduera ekonomiko berriak pilatu dira.

Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioren arabera, egun 247.212 pertsona daude afiliatuta gizarte segurantzara. 2009ko urtarrilean baino 24.169 pertsona gutxiago (-%8,91), Hegoaldean bataz beste galdutakoak baino zerbait gehiago (-%8,35).

Eskualdeka, Sakana (-%23,42; 2.011 pertsona gutxiago) eta Bortzirietan (-%22,88; 1.149 pertsona gutxiago) afiliatuen galera altua izan da. Baita Estellerriko Mendebaldean (-%16,63; 472 gutxiago), Agoitzaldea (-%15,74; 201 gutxiago) eta Tuteraldean (-%15,03; 4.578 gutxiago).

Afiliazio kopuru altua galdu duten eskualde hauetan eta beste hainbatetan, hala nola, Ultzamaldean, pilatzen dira lurralde osoko industria establezimendu kopururik altuenak.

Hala nola, Estellerriko Mendebaldeko eskualdean, tokiko establezimenduen %32,2a industriara bideratutakoak dira eta Sakanan portzentaje hori %28koa da, Nafarroa Garaiko bataz bestekoaren gainetik (%14,9).

Bortziriak eta Estellerriko Mendebaldea eskualdeetan afiliatuen galera altuena izateaz gain lurraldean bertan jatorria duten establezimenduen portzentajerik baxuena dute (guztizko establezimenduetatik). Tuteraldean ere ezaugarri antzekoak ematen dira. Nafarroa Garaiko bataz bestekoaren azpitik daude jatorria bertan duten establezimendu kopuruan. Sakanako kasuan (bertako establezimenduak %60,2), atzerriko jatorria duten enpresek sortzen dute enplegua, kopuruz ez dira nabarmentzen baina bai sortzen duten enplegu bolumenagatik.

Afiliazio portzentaje galera apalena izan duten eskualdeen artean daude Auñamendi (-%1,23), Ebro Garaiko Erribera (-%2,08), Garesaldea (-%3,63), Bidasoa Garaia (-%5,29), Baztanaldea (-%7,33) eta Iruñerria (-%7,63). Hauetan guztietan, Iruñerrian salbu, Gizarte Segurantzara afiliazio tasa baxua da eta autonomoen presentzia, berriz, altua %25,2 (Ebro Garaiko Erribera) eta %45,8 (Baztanaldea) artekoa.

Industria izaera duten eskualdeetako enplegu galerak eta, ondorioz, Nafarroa Garaiko ekonomian eragin zuzena duena, lurralde arteko desorekak areagotzen ditu. Hiriburuan eta honen periferian kontzentratzen dira Gizarte Segurantzara afiliatutakoen portzentajerik altuenak eta afiliatuen galera apalagoa da herrialdearen bataz bestekoarekiko.

Ondorioz, Iruñerrian salbu, Nafarroa Garaiko eskualde garrantzitsuenetan (tradizioz, afiliazio tasa altuko eremuak) egungo sare ekonomikoaren desegitearen ondorio larrienak bizitzen ari dira. Bestetik, landa izaerako eskualdeetan autoenpleguak presentzia handiago du eta aipatu joera ez da hain nabaria.

[table id=62 /]