Skip to main content

39 udalerrik dituzte haur eskolak edota lehen mailako irakaskuntza zentroak 10 km gorako distantziara

Euskarazko eskaintzan, berriz, zifra 201 udalerritara zabaltzen da eta gehiengoak Nafarroa Garaia eta Iparraldekoak dira

Bataz beste, Euskal Herriko udalerrientzat haur eskola edota lehen mailako irakaskuntza zentrorik gertukoena 2,29 km-ko distantziara dago errepidez. Herrialdeka, bataz bestekoa Nafarroa Garaian 4,11km eta Araban 2,72 km-koa da. Beste herrialdeekin alderatuz, azken hauetan kokatzen dira hirigune sakabanatu gehien.

Eskualdeka distantziak aldakorrak dira. Erronkari-Zaraitzu eskualdeko udalerrientzat ikastetxerik gertukoena bataz beste 9,5 km-ra dago, gertutik jarraitzen diete Trebiñoko Konderria (8,9 km), Estelleriko Mendebaldea (8,7 km), Irunberrialdea (7,5 km), Zangozerria (6,6 km) eta Arabako Mendialdekoek (6,5 km).

Euskaraz irakaskuntza zerbitzua eskaintzen duten haur eskola eta lehen mailako irakaskuntza zentroen banaketari erreparatzen badiogu distantziak bereziki handitzen dira Nafarroa Garaia eta Zuberoako herrialdeetan. Izan ere, zerbitzu hauetakoren bat 10 km baino urrunago duten 201 udalerrien artetik 130 Nafarroa Garaikoak dira eta 39 Zuberoakoak.

Eskualdeka, Basabürüan kokatzen den udalerri batentzat aipatu maila duen eta euskaraz zerbitzuak eskaintzen dituzten zentroetara bataz besteko distantzia 37,9 km-koa da. Egoera hau bera errepikatzen da Nafarroako hainbat eskualdetan, esaterako, Arga-Aragoiko Erribera (26,4 km), Arbaila (23,1 km), Pettarra (16,6 km), Estellerriko Mendebaldea (16,0 km), Tuteraldea (15,0 km), Estelleriko Ekialdea (14,5 km), Ebro Garaiko Erribera (13,1 km), Tafallaldea (12,1 km) edo Zangozerrian (12,1 km).

Irakaskuntza azpiegituren gertutasuna eskola-bizitzako lehenengo urteetarako aldakorra da euskal geografian. Biztanleria barreiatua eta demografia egitura zahartua duten guneetan irakaskuntza zentroak aktiboan mantentzeko zailtasunak argiak dira. Honekin batera, aintzat hartzen badugu ratioetan oinarritutako zentroen banaketa politikak, egokiak zein desegokiak, udalerri askoren egoera deprimitua areagotu egin dela dakusagu. Depresio egoera hori sakonagoa bihurtzen ari da izan ere, aipatu udalerriek ezin baitute lehiatu geografikoki eta konektibitate aldetik egoera pribilegiatuan dauden udalerriekin edota gune urbano handiagoek duten erakarpen endogeno zein hexogenoarekin. Ez dugu sakonduko, baina aintzat hartzekoa da ere, hainbat eskualderen gabezia euskarazko eskaintzarekiko.

[table id=61 /]